edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Ustezko haur lapurretak

Juan Bautista Aranzabe Balciscueta "MATE"

irudia
Juan Bautista eta Maite, senar-emazteak.

Lehenik eta behin gauza bat esan nahi dut: nire zainetatik dabilen odolak Alkiza eta Errezil ditu jatorri. Nire ama, Paula, Errezilgo Granadaerreka baserrikoa zen, eta nire aita, Gregorio, Alkizako Urruzolaberri baserrikoa. Baserri hori aspaldi desagertu zen.

Nire kontakizunekin hastera noan honetan, hausnarketa bat egin nahi dut: zer gogorra izan daitekeen familia batentzat –hotzikara eta guzti ematen du- beren seme edo alabaren bat lapurtu diotela susmatzea.

Gaia orokorki hartu baino lehen, gure kasua azaltzen saiatuko naiz. 1967an Maite Sanchez tolosarrarekin
-ni bezala- ezkondu nintzen. 1970ean gure etxera zoriontasuna heldu zen. Izan ere, familia izan genuen, Iñaki. Mutil ederra bera –eta ez dut hori esaten aita naizelako-. Baina, jaio eta handik hiru urtera izan genuen lehenbiziko disgustua: leuzemia zeukala. Garai hartan gaixotasun gaizto hori ezin zen sendatu, eta 1976an hil zen, sei urte zituela.

1973an beste haur bat izan genuen –zazpikia, beltzarana, peka batekin kokotsean- Tolosako San Kosme eta San Damian klinikan. Jaio zen arratsalde hartan bertan, nik neuk eraman nuen Donostiako Arantzazuko Ama erresidentziara kapaxo batean sartuta eta ur epelez betetako poltsekin babestuta.

Mutikoa ondo jaio zen, eta guk beti pentsatu izan dugu Donostiara eraman behar izan genuela, hain justu, klinikan sehaskak falta zirelako. Badago beste datu bat, atentzioa eman ziguna: ginekologoa, Ruiz doktorea, nahiz eta erditze gehiago izan, nire emaztearekin egon zen gau osoan.

Haurrari Arkaitz izena jartzeko asmoa genuen, eta hurrengo egunean Donostiako erresidentziara joan nintzen semea ikusteko asmoarekin. Hara iritsi nintzenean, esan zidaten umea hil egin zela, baina ez zidaten gorpua erakutsi. Hori bai, funerariara jaisteko eta lur-ematearen faktura ordaintzeko adierazi zidaten. Hura, bitxia bada ere, "aginduz" sinatuta zeukan hango langile batek. Bestalde, ez ziguten esan noiz hilobiratu behar zuten.

Beti, susmoarekin zerbait arraroa gertatu zela, Polloeko kanponsatura jo genuen (ehorzketa zerbitzuaren izen bera du). Esan zigutenez, bertan jasota dago gure haurraren izena, baina obrak egin zirela eta, toki hura ez da existitzen gaur egun. Zergatik ez ziguten abisatu interesatuoi? Ikusten genituen irregulartasunekin, eta lehendik ere genituen susmoekin, ikertzen hasi ginen. Horrela, dokumentazio eske hasi ginen epaitegietan, erregistroetan, ospitaletan, kliniketan, ehorzketa zerbitzuetan eta kanposantuetan. Baina ez genuen gauza handirik atera, 2010ean, ANADIR elkartea sortu zen arte.

1974an beste seme bat izan genuen (zortzi hilabete), oraingoan ere abuztuan, Ekain. Hura ere lau hilabete egon zen Donostiako Arantzazuko Ama erresidentziako inkubagailuan. Bizi da, eta hiru biloba ditugu: Pablo, 11 urtekoa, Luzia, 9koa eta Karla 5ekoa. Aitona-amonen pozgarri dira.

Idazki honetan ahaleginduko naiz kontatzen beren seme edo alaben bila dabiltzan familia askoren kasuak edota gurasoen bila dabiltzanenak, adopziokoak direlako.

2010ean Antonio Barroso Berrokalek ANADIR elkartea sortu zuen. Gaur egun familia asko eta asko dira, kontaezinak, biltzen dituenak. Lerro hauek idazten ari garen honetan, Espainiako Estatuan 1000tik gora dira erregistratuta dauden kasuak; horietatik 250 Gipuzkoan, 140 Bizkaian eta 75en bat Araban (1).

Eta gizon horren asmo ekonomiko partikularrak direla eta (kasu bakoitzeko 90 euro eskatzen zituen), bazkide askok aipatu elkartean baja ematea lortu dugu, autofinantzatzea nahi dugun guztiok bezalaxe, hau da, bazkideei euro bat bera ere eskatu gabe aritu nahi dugun guztiok.

Hain zuzen ere, elkarte berri bat sortu dugu: SOS LAPURTUTAKO HAURRAK – EUSKADI. Elkartea, bere estatutuekin, ekainaren 25ean aurkeztu zen Donostian, eta beste autonomia erkidegoetan ere adarrak ditu.Elkarteko kide gailenen artean daude hurrengo hauek: Flor Diez, Amadeli Diaz, Rafael Bergado, Mª Angeles Zubia eta Juan Bautista Aranzabe tolosarra.

Ildo horretatik, estrategia aldatzea erabaki da eta, horrela manifestazio zehatzak egingo dira –Argentinako Maiatzeko Plazako Amen estilokoak eta aipatuko dira gurekin hitz egindako politikariak eta haiekin lortutako emaitzak (Izan ere, aspertuta gaude txalo eta hitz politekin eta EZERTXO ERE EZ LORTZEArekin).

Gu ere terrorismoaren biktimak gara, nahiz eta ezkutarazi nahi gaituzten, eta ez dugu etsiko "AMARRU" horretaz ditugun susmo eta kezkak argitu arte.

Kasu horiek 1960 eta 1990 urteen tartea hartzen dute. Horietako asko epaitegian daude, gurea bezala. Jakin badakigu luze joko dutela, baina ziur gaude bukaeraraino ikertuko direla.

Ildo horretatik esan behar dut, joan den apirilaren 19an ANADIR elkartearen izenean, mozio bat aurkeztu nuela Tolosan, eskatzeko laguntza psikologikoa, juridikoa eta abokatutzarena; eta, era berean, errudunei zigortzeko. Mozioa Tolosako Udaleko alderdi politiko guztiek onartu zuten. Tolosako Udala da, hain zuen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako Estatuan horrelako mozio bat onartzen duen lehenbiziko herria.

ANADIR elkartearen bileretan atentzio gehien ematen duena zera da: egiten diren komentarioak –negatiboak- erditzeetan parte hartzen zuten mediku, moja, praktikante eta emaginen gainean. Badago beste datu esanguratsu bat: bikiak jaiotzen zirenean, %85ean, amari pisu gutxiena zuena entregatzen zioten, eta bestea hil edo desagertu egiten zen.

Ezin da esplikatu familien ibilera erregistro, epaitegi, klinika, ospital, Osakidetza, ehorzketa zerbitzu eta kanposantuetatik barrena, inolako emaitzarik lortu gabe; askotan paper faltsuak, dokumentu urratuak, eta beste batzuetan ezer ere ez. Geroz eta salaketa gehiago ari dira aurkezten epaitegietan, eta horietatik bat nirea. (Kasuak imajinaezinak dira: batzuei urrutitik erakusten zieten haurra more-more eta, pentsatzekoa da, izoztuta; beste batzuek ez dakite zer zen, neska edo mutila, ez baitzuten ikusi ere egiten; esaten zieten hilik jaio zela, eta abar. Tamalgarria benetan). Jakin badakigu, hala deklaratu dutelako pertsona batzuek, eta hala agertu delako kasuren batean, garai hartan 6000 euro ere pagatzen zirela.

Azken aldi honetan, ADN probak egin dira, ager daitezen pertsonekin kontrastatzeko. Dena dela, esan behar dugu lan handiak dauzkatela fiskalek, gertatuak aztertzeko, eta dokumentuak aurkitzeko, eta, noski, errudunak bilatzeko. Izan ere, batzuk hilda egongo dira eta, bestetik, klinika batzuk ere desagertu dira.

Oso ondo antolatutako sare batzuen aurrean gaude.

Hemen gabiltzan familiak hauxe nahi dugu: lehendabizi, jakitea gure seme-alabak hilda edo bizirik dauden. Eta, gero, bakarren bat agertzen bada, ezagutzea zer nolako bizitza izan duen, eta esatea (oso inportantea) ez zirela izan abandonatuak. Gertatutakoaren egia jakitea, azken finean.

Gertaera hauek direla eta, komunikabide askok, telebista eta irratiek, niregana jo dute eta gabinete txiki bat jarri behar izan dut Tolosako "Iturriza" jubilatu elkartean daukadan bulegoan, nire laguntza eskaintzeko.

Esperantza omen da galtzen den azken gauza, eta ez nuke bukatu nahi idazki hau eskertu gabe Oilategitik-ekoei eta Alkizako Udalari lerro hauek zuentzat idazteko aukera eskaini didatelako. Eskerrik asko, bihotz-bihotzetik.

(1) Datu hauek Anadir elkartearen artxiboetakoekin erkatuta daude 2011ko maiatzaren 1ean.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala