edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Las Vegas Txiki

Asier Odriozola

irudia
© Ibon Vicente

Bada musika bat Alkizako plaza ingurura iristen dena. Hori entzuteko ostirala izan behar, hori bai, eta ahal dala gaua. Musika horren notak balio ezberdina dute: bi, hiru, lau, bost gehiago edo ta dena, hordago alegia. Eta doinu horren peskisan doanak ez du elizan amaituko, baña bai elizaren hegian, Elizegin.

Ostiral iluntze-gau partean hara doanak ez du aurreikusten ze topatuko duen. Gehienetan irekita egoten den atean barrena sartuta jakiten du batek museko zenbat mahai antolatu diren: gutxienez bi tapete berde. Eta gau borobiletan, lau eta bost ere bai. Sesioa izaten da partida guztietan: gazteak geranak (jajaja) benetan jokatzen degu, serio, askotan aurreko ostiraleko pikea berrituz. Gu baino gazteagoak ere badira. Eta haiek ez dakit benetan aritzen diren baina dezibelioak neurtuko balizkiete taberna itxi egin behar!!

Estatu Batuetan Nevada da jokoa, apustuak, libre dituen estatu bakarra. Gainerakoetan, harrapatzen bazaitue zigorra. Seguru asko horregatik etzaitue naranjaz jantzi eta ez dizute indizio txarren bat sartuko, baina zigorra seguru. Horregatik, ezkondu aurretik hango gazteak Las Vegasera joaten dira despedidak egitera: juerga latzak bota eta diru pixka bat arriskatzera.

Guk ere badegu Las Vegas txiki bat Alkizan. Tira, akaso ez da despedidak egiteko lekua izango, hango desmadrea kristo guztiak jakingo lukeelako hurrengo egunean baina, bestetik, nahi adina. Garagardoa nahi duenak aukeran ditu Keler eta elizaren ondoan taberna duelako Vatikanoak Jexuxi inposatutako beste bi marka: San Miguel eta Franziskaner. Kubatak ere suelto suelto!! Eta jokoaren bizioan arima galdu nahi duenak aukera aparta du: makina bat argi biziekin deitu eta deitu aritzen dena txanpon gosez, eta batez ere 40 karta zai, tartean lau errege, nahiz neri gutxitan tokatu haiek ikustea.

Bikote batzuk eginak daude. Astea joan, astea etorri, batean ikusten dira haiek lehian, elkarren aurrez aurre eserita, diagonalean. Ligatzen ariko balira ere eliokete elkarri hainbeste keinu egingo: oraintxe batek begi bat itxi, geroxeago besteak muxu txiki bat irudikatuz ezpainak aurreratu, eta baita bi bekainak gora altxa ere. Bi gizaseme keinuka bata besteari, gaurko egunean asko normaldu dan zerbait. Eta beste diagonalean, aurkariak. Akaso keinulariak tokatuko dira horiek ere. Eta hala bada, tik nerbiosodun laukote baten terapiaren itxura hartuko du partidak. Keinurik pasatzen ez duenak berriz galtzeko arriskua du galanta, baina hori patxada, hori lasaitasuna, lanetik atera berritan ondo pasatzera joan Elizegira ta sujetu bati begirik kendu gabe egon partez, lasai ederrean jokatzea.

Barraren bestaldean berriz, Kasinoko jabea. Jexuxek badu trebezia bat: tragoak ateratzeaz gainera, partida guztien kontrola eramaten du, nork nola jokatzen duen neurtu eta ba omen du ezkutuan halako ranking bat: Rubio, Saletxe, Areta eta Aritz, Champions. Ibon, Joxe Ramon, Igor eta Iker primerakoak. Eta gero sueltoko batzuk: Odriozola, esate baterako, ezinean dabilen kalekumea, hori bai, Alkizara joan ezkero asko ikasitakoa. Ah, eta neskak ere, Onintza, Naroa, Nagore, Uxune, Uxue ondo sailkatuta ditu, baina ez musean...

Beti pentsatu izan det besteak ebaluatzen ibiltzen denak danak baino hobea izan behar duela eta bai zera, Jexux behin bakarrik ikusi det jokoan eta galdu egin zuen, nabarmen gainera. Ze eskubidekin esan behar diok hurrena iñori, ez dagoela Champions mailan? Heldu edariak atera eta haiek ondo apuntatzeari eta ez kezkatu muslarien hanka sartzeekin, hori estresantea dek eta!!!

Eta, Jexux, gomendio bat. Ostiraletan gastatzen diagu, baina dirua egin nahi badek, danak utzi eta Nevadara joan hadi, garai batean euskaldunak artzai joaten hituan bezela. Entzuna zeukat, hango gauetan dolarrak eltxoak bezela ibiltzen dirala. Guk umil umil jarraituko diagu: nik, ostiral hontan bertan Franziskanerra, basoan mesedez.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala