edukiak
edukiak

EditorialaEditoriala

Otsamendi

Mari Jose Saizar

irudia
Familia Ostatun bizi zenean

1965eko urtarrilaren 10ean Otsamendi baserria utzita Segundo Saizar eta Maria Aierbek Ostatu taberna hartu zuten. Hiru seme-alaba zituzten ordurako, Gema, Eleni eta Mitxel, gerora Ana eta Marijo jaio ziren.

20 urte pasa zituzten han, zenbat lan, zenbat oroitzapen … kartak banatzen, telefono deiak eta enkarguak jasotzen eta baserrietara abisua pasatzen, medikuaren kuotak kobratzen, bandoak zabaltzen, frontoiko argiak piztu eta haien dirua kobratzen …, hori guztia egin behar izaten baitzuen Ostatua hartzen zuenak, eta jai egunik gabe.

Oraindik gogoan dugu larunbat iluntzeko mezaren ondoren nola joaten ginen eliza azpira, han zegoen koxkara igo eta bandoa esatera elizatik ateratako guztien aurrean.

Jende asko biltzen zen taberna zahar hartan, batez ere astelehenetan feriatik bueltan afaltzera, azkar asko betetzen zen Ostatuko mahai luze eta zahar hura; telebista ikustera ere asko joaten ziren , garai hartan Apaizetxean eta Ostatun bakarrik baitzegoen telebista.

Eskolako zenbait ume eta irakaslek ere bertan bazkaltzen zuten eta Joxe Aldasoro zenak ere bai.

Zenbat oroitzapen eder!

Horrela pasa ziren 20 urte eta 1985eko elurtean Otsamendi baserrira etorri ginen bizitzera. Handik gutxira, 1986ko ekainaren hasieran Otsamendi Taberna ireki zen.

Hasi ginen, ba, hasi, eta 22 urte pasa dira Maritxuk prestatutako babarrunak, Segundoren oilaskoak… zerbitzatzen; herriko jendeaz gain, badira kanpotarrak, bereziki donostiarrak, 40 urte baino gehiago daramatzatenak gurera etortzen, familia bereko hiru belaunaldi ezagutu ditugu.

Eta Otsamendin berdin jarraitu genuen, 1990ean Apaizetxean Barnetegia ireki zen arte. Orduan hasi ginen barnetegiko umeekin lanean eta Alkizako eskolako umeak ere hona etortzen hasi ziren Xabier maisuarekin batera, hauek guztiak oraindik ere bertan jarraitzen dute.

Zenbat afari, zenbat mus partida, zenbat eztabaida, zenbat baratxuri zopa eta oilasko festetan goizaldean, zenbat ehizeko lizentzia egin diren, zenbat uso bota diren Otsamendiko barran jarrita… A ze parrak!

Bai batean, bai bestean, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu gara; beti ez genuen lortuko, baina saiatu, saiatu gara. Eta orain ixteko erabakia hartu dugu, gure ustez guretzat egokiena; osasunak laguntzen badigu, lasaiago bizitzeko eta bizitzaz gehiago disfrutatzeko.

Otsamendin egongo gara, ez barran noski, baina bai Otsamendi etxean, etorri lasai nahi duzuenean kontu batzuk esatera.

Agur eta mila esker guztioi.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala