edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Planeamenduko arauak

Mari Jose Sanchez, idazkari ohia.

irudia

Aurtengoan zaila suertatu zait idazteko gaia aukeratzea. Udal ordezkari batek planeamenduko arauen gaia jorratzea proposatu zidan eta, egia esan, nahiko harritu ninduen gai horren inguruan idazteko gonbitea luzatzea. Gogoko gaia izan arren, kontuan hartuta hainbeste interes mugitzen dituen eremua dela hirigintzarena, horrelako gai baten inguruan iritzia ematen hasteak eragin zezakeen eztabaida arriskuaren beldur nintzen, eta artikuluaren xedea behintzat ez nuen hori izaterik nahi.

Hala ere, gaiarekin aurrera jarraitu nuen eta datozen lerroetan 2006. urtean Euskal Autonomi Erkidegoan onartu eta indarrean sartu den 2/2006 Legea aintzat hartuta, interesgarri gerta litezkeen hainbat eremu aipatuko ditut. Lege berriak ekarritako aldaketen zerrendatzea albo batera utzi, gauza teknikoetan sartzeak irakurlea aspertu baitezake, eta udal bateko herritarrentzat planeamenduko arau berri batzuen idazteak sor ditzakeen hainbat galderei erantzuna ematen saiatuko naiz. Planeamenduko arauak herri baten etorkizuna diseinatzeko tresna dira eta herritarra udal administraziotik gertu eta partehartze jarreran eduki nahi baldin bada, komunikabideetan hala entzuten da behin eta berriro, hirigintza eremuko hainbat kontzeptu argitzea baliagarri izan daiteke, nahiz eta beharbada batzuentzat jadanik ezagunak izango diren. Bestalde, aipatu dudan lege berriak espresuki azpimarratzen du herritarren partehartze printzipioa sustatu beharra.

Hirigintza planeamenduko tresnak.

Udalerri bateko lur eremuaren antolaketa jasoko duten dokumenturi hirigintza planeamenduko dokumentu edo hirigintzako plan deritzo. Horien artean nagusiena antolaketako plan orokorra da (Plan General de Ordenación), aurreko legean udal planeamenduko arau subsidiarioak zirenak ordezkatzera datorrena (Normas Subsidiarias de Planeamiento). 2013. urteko irailerako udal guztiek antolaketako plan orokorrak eduki beharko dituzte behin betirako onartuta.

Plan orokorrak udal bateko hirigintza antolaketarako erabaki nagusienak jasoko ditu, eta dokumentu berak aurreikusitako epeetan gauzatu beharko dira erabaki horiek. Besteren artean hurrengo edukiak jasoko ditu:

  • Lurzoruaren sailkapena (hurrengo puntuan garatzen dena).
  • Herriaren antolaketak edukiko duen estruktura orokorra.
  • Lurzoruaren erabilera orokorrak finkatzea, kalifikazio bezala ezagutzen dena, hau da, sail bakoitzaren erabilera nagusia zein izango den zehaztea: etxeak, industria, ekipamendu publikoak etab.
  • Egokiak diren sailen eraikigarritasuna zehazteko arauak.
  • Herriaren ongizaterako dotazio publikoen kokagunea eta, zenbait kasuetan, ekipamendu beraren definizioa, adibidez eskola, frontoia, kultur-etxea etab.
  • Araubide publikoaren babesean eraikiko diren etxebizitzen kokagunea.
  • Hirigintza antolaketa garatzeko programazioa.
  • Ingurumena, paisaia eta kultur ondarea babesteko arau nagusiak.

Azken finean, plan orokorrak etorkizuneko herriaren bizkarrezurra edo eskema orokorra jasoko du. Ondoren, bigarren maila batean, plan partzial eta bereziek aurreko erabakiak garatu eta xehetasunak jasoko dituzte, adibidez etxeen ezaugarriak, bolumenak, azpiegituren ibilbidea etab.

Lurzoruaren sailkapena.

Lurzoruaren sailkapenaren bidez udalerri bateko lur eremua hiru mota orokorretan banatzen da: hiritarra (urbano), ez hiritargarria (no urbanizable) eta hiritargarria (urbanizable).

Modu honetan, sail bakoitza lur mota baten barnean kokatuko da eta esleitutako sailkapenaren arabera, araubide juridiko zehatz bati lotuko zaio. Hau da, lurzoruaren sailkapenak lursail bakoitzean aurrera eramango diren erabilerak baldintzatuko ditu, eraiki daitekeen ala ez, zer eta zenbat eraiki daitekeen etab.

Lurzoru hiritarra edo hiri lurzorua: Jadanik eraikita dauden lursailak aurkitzen dira mota honen barruan, eraikuntza eta urbanizazioa amaituta dituztenak.

Egoera fisikoak baldintzatzen du lursailaren izaera, beraz udalaren ahalmenak lursail hauen sailkapena egiterakoan erabat mugatuta daude. Zehazki, legeak dio hiri lurzoruaren sailkapena edukitzeko lursailak hurrengoak eduki behar dituela: ibilgailuentzako sarbidea (bide zolatuz egina eta herritarrek benetan erabilgarria), ur-hornidura, euri-ura eta ur beltza husteko sarea eta behe-tentsioko energia elektrikoko hornidura. Hornidura horien tamaina, emaria, ahalmena eta tentsioa, berriz, eraikitzeko eta lurzorua okupatzeko lehendik dauden eraikinei eta hirigintzaantolamenduan aurreikusitako eraikinei zerbitzu egokia emateko adinakoak izan beharko dira.

Lur mota honetan eraikuntzak txukun mantentzea izango da lurjabeen betebeharra.

Lurzoru ez hiritargarria: Rustiko bezala ezagutzen duguna da. Sail hauetan ezin da hirigintza eraldaketarik egin, ingurumen babes berezia dutelako edo zoru horiek ez direlako egokiak herriaren hazkunderako.

Lurzoru mota honetan nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak eraman daitezke aurrera, nahiz eta Aldundia, Jaurlaritza, Estatua edo Europar Batasuneko ingurumen arauek horrelako jarduerak ere mugatu ditzaketen.

Lurzoru hiritargarria edo urbanizagarria: Planeamenduko arauak idazten direnean urbanizatu eta eraiki gabe aurkitzen diren sailak dira eta eremu horietan etorkizuneko eraikuntzak aurreikusten dira. Plan orokorrak izaera hiritargarria edukiko duten eremuak zehaztuko ditu eta bakoitzaren erabilera nagusia eta eraikigarritasuna finkatuko ditu. Aldi berean, sailen eraldaketa aurrera eramateko denborazko programazioa jasoko du.

Lurjabeek planak aurreikusitako epeetan sailen eraldaketak eramango dituzte aurrera.

Udalaren ahalmena da lur hiritargarriko eremuak zehaztea bai kopuruan zein kokapenean, eta eraikigarritasuna finkatzearekin batera planeamenduko arauak idazterakoan hartzen diren erabakirik garrantzitsuenetarikoak dira.

Modu honetan, lurzoru hiritargarria sailkatzeari begira hurrengo irizpideak kontuan hartzea beharrezkoa da:

  • Etorkizuneko herriaren definizioa aurrez edukitzea. Benetan garrantzitsua da aurrez ezagutzea zein herri mota nahi den, zenbat hazi behar den, zein ekipamendu behar dituen etab. Helburu horiek lortzeko baliabidea lur hiritargarriko eremuak definitzea izango da.
  • Herriaren antolaketa koherente bat egitea. Antolaketa berak emango du hazkundea nondik jo behar duen eta eremu bakoitzaren erabilera zein izan behar duen. Interes partikularrak alde batera utzi behar dira.
  • Programazio egokia. Eremu ezberdinen eraldaketan lehentasunezko ordena finkatu beharra dago eta exekuzio epeak ipini.

Ingurumena eta paisaia babestu behar dira, basakeriak ekidinez.

Dotazio eta ekipamendu egokiak. Herri hazkundeak eta antolaketa berriak behar berriak sortzen ditu. Beharrezko azpiegitura eta ekipamenduak planeamenduan jaso behar dira, sailak dohaineko lagapenaz eskuratzeko, eta bere finantzatzerako aukerak aztertu, posible den heinean eraikitzeko aukera duten lurjabeen kontura eginez.

Planak onartzeko prozedura.

Plan orokorra onartzeko jarraitu beharreko pausoak hurrengoak dira:

a) Hasierako ikerketak:

Udalak lurzorua, populazioa, beharrak etab aztertzeko hainbat ikerketa eraman ditzake aurrera plana idazten hasi aurretik. Ikerketa hauen izaera nahibadakoa da eta sailen ezaugarri fisikoak, udalerriaren mugak, etxebizitza beharrak etab ezagutzea eduki ditzake helburu.

b) Aurrerapen dokumentua:

Plan orokorra idatzi aurretik osatu beharreko dokumentua da. Bertan, antolaketako irizpideak, helburuak, aukerak eta proposamen orokorrak jasoko dira, etorkizuneko plana idazten lagunduko dutenak. Ingurumen azterketa bat ere jasoko da.

Dokumentua idatzi aurretik Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko sailei kontsulta egingo zaie, ingurumen, kultur ondare eta antzeko eremuetan kontuan hartu beharreko xedapenen berri jasotzeko.

Udalak aurrerapen dokumentua prestatuko du eta hasierako proposamen bat luzatuko die herritarrei bere eztabaidarako.

c) Jendaurreko erakusketa:

Dokumentua gutxienez bi hilabeteko epean jendaurrean ipiniko da, interesa dutenek aztertu eta egokiak diren iritziak, iradokizunak eta proposamenak aurkeztu ditzaten.

Fase hori benetako eztabaida unea da, planteamendu ezberdinak mahai gainean jartzeko.

d) Helburu eta irizpide orokorren onarpena.

Jendaurreko erakusketaren emaitza ikusirik eta herritarren eta erakunde ezberdinen partehartzea oinarrian hartuta, Udalbatzak plan orokorra idazteko helburu eta irizpideak onartuko ditu.

e) Hasierako onarpena.

Plan orokorraren hasierako dokumentua idatzi eta Udalbatzak onartuko du.

f) Jendaurreko erakusketa.

Hilabete batekoa izango da.

g) Behin-behineko onarpena.

Jendaurreko erakusketaren emaitza aztertu eta egindako alegazioak ebatzi ondoren, Udalbatzak behin-behineko onarpena emango dio plan orokorraren dokumentuari.

Dokumentuak aldaketa nabarmenak izan baditu, bigarren hasierako onarpena eman beharko zaio eta jendaurreko epe berri bat ireki.

h) Behin betiko onarpena.

Orain arte Foru Aldundiak ematen zuen kasu guztietan. Onarpen honen bitartez Foru Aldundiak kontrolatzen zuen plana legeak eta arauek xedatutakora egokitzen zen. Hala ere, aurretik departamentu ezberdinen txosten lotesleak jaso behar ziren, errepideak, ingurumena etab. Eusko Jaurlaritzako COTPV-k ere bere aldeko txostena igorri behar zuen behin betiko onarpenaren aurretik.

Lege berriarekin aurreko txostenen derrigortasuna mantentzen baldin bada ere, 7.000 biztanletik gorako herriek planari zuzenean behin betiko onarpena emateko aukera izango dute. Populazio gutxiagoko herriek aldiz, Foru Aldundiaren behin betiko onarpenaren zain geratzen jarraitu behar dute. Hala ere, legeak aukera ematen du Foru Aldundiak udalei eskuduntza horren egikaritzea lagatzeko, baldin eta udalak baliabide tekniko egokiak baditu. Alkizaren tamainako herrietan zaila izango da lagapen hori gertatzea.

Herritarren partehartzea hirigintza planeamenduaren idaztean.

Herritarren partehartzea lege berrian jasotako printzipio nagusietako bat da. Honek ez du esan nahi aurretik hirigintza planeamendu prozesuetan printzipio hori kontuan hartzen ez zenik, baina lege berriak bereziki azpimarratzen du eta bere sustapenerako hainbat neurri aurreikusten ditu.

Jakina da hirigintza planeamenduko prozesuetan interesa dutenen partehartzea gertatzen dela, baina betiko partehartzaileez gain, zenbaitetan presionatzaileak (eraikitzaileak eta eraikitzeko aukera izan dezaketenak), gainerako herritar eta taldeen partehartzea gertatzea beharrezkoa da. Horrelako prozesuetan interes orokorreko gai ugari jartzen dira mahai gainean, herri hazkundea, ekipamendu berriak, paisaia, ... , herriaren eremu ekonomiko, sozial, kulturalean eragina dutenak.

Hirigintza antolaketa egin, izapidetu, onartu eta exekutatzerakoan bai pertsonena zein elkarte edo enpresen partehartzea sustatuko dela dio legeak. Aldi berean, herritarrei hurrengo eskubideak aitortzen dizkie:

  • Interesdun gisa bertaratu daitezke, interes berezirik frogatu gabe, hirigintza planeamenduko dokumentuen tramitazioan, exekuzioan zein diziplina erabakietako prozesuetan.
  • Dokumentuen kopiak eskatu ahal izango dituzte.
  • Alegazioa eta errekurtsoak jarri ahal izango dituzte bide administratibo eta judizialean.

Udalak organo berezi bat sortu ahal izango du herritarren partehartzea bideratzeko, udal plangintzako aholku batzordea (Consejo Asesor del Planeamiento Municipal). Organo honek kontsultarako izaera izango du eta planak idatzi, izapidetu eta onartzeari begira herritarren partehartzea sustatzea edukiko du helburu. Udalak aurrera eraman nahi dituen jardueren berri herritarrei emateko bitartekari egokia izan daiteke.

Udal plangintzako aholku batzordearen organoa derrigorrezkoa da zuzenean plan orokorra behin betirako onartu dezaketen udaletan; gainerakoetan aldiz, Foru Aldundiak onartzen dituenean bere planak, hautazkoa izango da udalentzat organo honen sorrera.

Legeak aipatutako bestelako partehartze neurriak, partehartze programak, kontsultak etab dira.

Ekimen publikoko etxebizitzak.

Udalek sustatutako etxebizitza tasatuak arautzen ditu lege berriak Eusko Jaurlaritzak sustatutako babes ofizialeko etxebizitzekin batera.

Etxebizitza tasatuen figura orain arte praktikan erabili eta legezkoa baldin bazen ere, ez zuen babes ofizialeko etxebizitzen babes maila berdina. Lege berriarekin ekimen publikoko etxebizitza mota izatera pasa dira.

Udalak etxebizitza tasatuen sustatzaile gertatzen direnean ordenantza batean jaso beharko dute eraikiko diren etxebizitza horien ezaugarriak eta erosleak hautatzeko prozedurak. Etxebizitzen kalifikazioa behin betirako iraupena izango du eta etorkizunean egingo diren salmentetan udalak etxeak lehentasunez eskuratzeko eskubidea edukiko du eta, horrela egingo ez balu, bigarren maila batean Eusko Jaurlaritzak. Eskuraketa horiek etxeen jatorrizko prezioan KPIak izandako gehikuntza kontuan hartuta egingo dira.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala