edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Peruko idiak

Antonio Sorarrain Amonarriz

irudia
Etorkizunari begira, iraganari erreparatuz.

1708

Perun aspalditik entzun da idien perra soñua eta “aida txuri, aida gorri”!.

1708an idi pare bat erosi zuten Perukoak. Eroslea Juan Geresta Perurena: sei urteko idiak ziran, “colorados”, 27 erreal ordaindu zuan Juan Geresta Peruko jabe orrek. Saltzallea Migel de Urruzola. Notarioa Alkizako Martin Alkizalete. Data 1708-VI-16a (GPAO 3/2663,3).

Illez “colorados” ziran idiei “merzianoak” esaten zitzaien Alkiza inguruan.

Galizia aldetik zetozen.

1709

Lete basarriko semea zan Don Martin de Alkizaletek, geroago Alkizako erretore izan zanak (Ikus Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950) Pello Joxe Aranburu Ugartemendia.2001, 403 or.) idi pare bat erosi zuan kolorez “amarillos”; 44 errealean zerratu zan tratua. Saltzallea Larraulko Aguirre zaar basarriko Juan Agirre Aundia, Data 1709-VI-23a. Notarioa Alkizako Martin Alkizalete. (GPAO 3/2663.36-37 orr).

Zertarako nai ote zuan Erretore jaunak idi pare ori? Lanerako ez. Idi-olataren bat eratzeko? Dokumentuak ez du orrelakorik esaten. Onenean Domingo de Aguirre apaizak erantzungo dio geroxeago nere galdera oni.

1832

Urte orretan ezkontza-itzarmena siñatu zan Inazio Antonio Legarra eta Mª Josefa Tapiaren artean. Mutilla Alkizako Perukoa zan eta neska Alkizako Arpide Azpikoa. Onen etxean gertatu zan ori. Data 1832-X-26a. Mutillaren gusasoak, Jose Antonio Legarra Perurena eta Mª Inazia Alkizalete Zabala. Ara dokumentuak diona:”que el matrimonio tiene una yunta de bueyes, tres vacas con sus crías y tres ganados de cerda, todos ellos muy buenos” (Aranburutarrak (1550-1850. Larrarte Arregi Enrike. Ad usum privatum, 2001,229. orria.). Enrike jaunak liburu orren atal bat oparitu zidan. Orain arte argitaratu gabeko liburua. Enrike jaunak ez du ematen Notarioaren izenik. Ikusten danez, aspaldikoak dira idiak Perun.

1917

Urte artan, eta geroxeago ere bai, idiak ez ziran lanerako bakarrik: noizik bein, beste betekizun soziala ere bazuten, idiak isladatzen bait zuan etxe bateko estatus soziala illetetan. Etxe oneko jabe aundizaleak beren aundi-ustea agertu eta erakusteko, etxeko idiaz baliatzen ziran beren illeta- elizkizunetan. Ortan berdiñak ziran bai seglarrak baita parrokietako zenbait Erretore ere. Basarritar edo nekazal aristokrazia aaltsu eta indartsua ezagutu zuan, zoritxarrez, Euskalerriak eta ziranak izan ziran modukoak izan ziralako, euskal basarritar eta Erretore aiek beren jauntxokeriaren ezaugarri edo sinbolotzat idia erabilli zuten gure elizetan, batak zein besteak betiren beti aberastasunaren erakusgarri.

Begira Domingo de Aguirrek, apaiz eta euskal idazle aundienetakoak zer ikusi zuan Zumaiako Oikia auzoan lerrro auek idatzi baño ogeika urte leenago.“Elizarako sarreran, ate ondoan burua jarririk, txintxarriz ondo jantzia, apaiz jaunaren soiñeko beltzez estalia, paparrean bera purpuxetaz apaindua, adar bakoitzean ogi andi bana zituala, idi gizen bat zegoan geldi eta mentsu, eliz barruko eresiketak entzuten bezela” (Domingo de Aguirre. Idia Elizan. RIEV, IX (1918) pp.69-70). Ori zan idi-olata.

Domingo de Aguirrek dionez, iru maillatako illetak ezagutu zituan berak bere garaian. Idia goreneko maillakoan izaten zan, zikiroa bigarrengoan eta olloak, gari, arto, ale edo orrelakoak irugarrengoan. Batean eta bestean illetaofrendak (olatak) ezberdiñak ziran. Beartsuak beartsu bezela, aundikiak nikeria eta gurekeriaz beteta. Gauzak bereizten zuten nortasun mailla: idi-olatak, zikiro-olatak, egazti eta ale-olatak…

Domingo de Aguirrek bere “Idia Elizan” izeneko artikuluan (“Zumayan 1917-ko Agorraren 17-an” siñatzen du) beste au ere esaten digu: “Oikiako apaiz jaunak, aitaren elizkizunean, oitura zarren gomutarako edo goitar zala erakuzteagatik, ipiñi zuan beintzat idi galanta eliz atarian”.

Idi-olata? Arrokeria! Aundikeria! Ni bezelako bati “galazko jantziaz” apaindutako idia dagokio bere illetan, pentsatzen zuten baldar, txintxarri, arroputz alako aiek! Azkoitian ere Idi-olatak ikusten ditugu 1781 baño aurregoko illeta- elizkizunetan (RIEV, XIV, 1923, pág. 573-587).

1944

Pedro Manuel Sorarrainen idi parea. 1944an Peruko jabea Krispín Sorarrain zan, Pedro Manuelen aita. Aitaren baimenarekin nere anaiak idi parea erosi zuan, Sorarraindarrak Perun izan zituzten aurreneko idiak. Saltzallea Baliarraingo Saleta basarriko jabea. Pedro Manuel eta Joxe, nere anaiak, joan ziran idiak ikustera. Gustatu eta 8.500 pezetan itxi zan tratua.

Bi anaiak etxera zetozela “ikaragarri patu izkiu”, esan omen zioten alkarri. “Eosi izkiu, gustoa gañea ta ondo izan dittezela”. Andik zortzi egunera egin zan pagamendua. 41 urtetan (1944-1985) izan zituan Perun Pedro Manuelek idiak. 41 urte oietan zenbat idi pare izan ote zituan Pedro Manuelek Perun? Ez nion galdetu eta ez dakit. Esan detenez 8.500 pezetan erosi zan idi parea. Kopetekoak neurrira egin arazi zizkion Tolosako Demetrio Jaime jaunari. Parea 175 pezeta eta mantak, oiek ere parea, jakiña, 175 pezeta. Galesti. Errentagarriak ziralakoan erosiko zituan idiak.

Peru etxeko sarrera printzipalean dauzkazu gaur Alkizako Peru basarriko azkeneko idi parearen adarrak, uztarria eta kopetekoak. Pedro Manuelen idi pareei buruzko xeetasun oiek danak berak neri esanda dakizkitela antzemango zenidaten onezkero. Bera ezagutu zenutenok ondo dakizute bizi izan zan arte egundoko memoria izan zuala.

“Oilategitik” urtekarian ere estreñeko zenbakitik asi eta gaur arteko danetan bere erantzunen bat edo beste, zer edo zer ikusiko dezute. “Oilategitik” moldatzen dezuten guztioi, milla esker Perukoen izenean 7.alean nere anaia gogoan izan dezutelako. Merezi zuan. Berriz, milla esker. Pedro Manuel, “ayo ta eun aundiya arte”. Sondika 2008-V-15a. San Isidro eguna.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala