edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Karlistei begira ikasteko asmoz

irudia
Muñagorriren emaztea eta alaba atxiloturik Tolosarako bidean.
Panorama español, crónica contemporánea.
Madrid, 1845. Zumalakarregi Museoa.

Hemeretzigarren mendea garai tristea izan zen euskaldunentzat. Hemezortzigarren mendearen hondarrean, azken hamarkadan, gerraren eztenkada berri bat sufritu zuten: konturatu orduko, frantsesak Gipuzkoan sukalderaino sartu eta zegoenetik tripa berdintzeko prest mahaian eserita ikusi zituzten. Laster jabetu ziren Gipuzkoako agintariek orduarteko gerrekin zerikusirik ez zuela hark –Konbentzioko gerra bezala ezaguna– eta mendeetan erabilitako defentsak ez zuela oraingoan balio. Gipuzkoako gure arbasoek duda egin zuten Espainiako erregearen itzalpea utzi eta frantsesen gerizpea hartzeko. Hori zela eta, Frantziako gobernuarekin tratuan hasi ziren, gure Fueroen errespetua bilatu nahian. Madrilen muturra okertu zuten.

Harrezkero, euskaldunak gaizki ikusiak izango gara Madrilen, traidoreak izan omen ginen eta. Hau ez dugu ahaztu behar gaurko egoera ulertu nahi badugu.

Hemeretzigarrenean hiru gerra inportante jasan izan behar genituen: aurrenekoa frantsesen aurka, berriro ere, eta beste biak, karlistaldiak deiturikoak, anaiartekoak. Azkeneko hauek, teorian, Espainian erregea zein izango zen erabakitzeko –Karlos, karlistek errege nahi zutena, atzerakoia eta tradizio zalea omen zena ala Isabel II.ena aurrerakoi eta liberala–. Sinplekeriatan erortzen direnak horrela zatitzen dituzte bi bandoak, baina garbi dago hemen, Euskal Herrian, Espainian ez bezala, erlijioa eta Fueroak uztarturik izan zirela arrazoi nagusi gerran aritzeko.

Juntak eta apaizak
alkartu ezkero
noren beldur gera gu
ez orain eta ez gero?

diote Muñagorriren bertsoek. Aurreneko karlista-gerrakoak dira.

Elduaingo Muñagorri aipatu dugunez, esan beharra dago honen esanetan gerra hau ez zela gurea. Horregatik gerra uzteko ahalegin guztiak egin zituen, arrakasta handirik izan ez bazuen ere. Bakea eta Fueroak lemapean egin zuen saiakera. Gaur ahaztuxeak badaude ere, famatuak izan ziren bere garaian Muñagorriren pentsaera kaleratu zuten bertsoak. Hona hemen horien muestra:

Zertan sartu gerrara
Juez iñorentzat?
Madriden da tronua
Gaztelautarrentzat.
An koronatzen dana
Guztion burutzat,
Fueroa gorde ezkero
Ona da guretzat.
Adiskide maiteak,
Ona klaro gauza:
Bakarrikan Fueroak
Dira gure kausa. (...)

Sei urte iraun zituen gerra honek: 1833tik 1839ra.

"Euskal batailoiak oso trebeak dira, oro har, hildakoak lumatzen... Borrokaldiaren ondoren, pixka batean itxoin beharra dago, berriz ere elkartu aurretik, soldaduak jantzi daitezen. Ingelesei gorbata beltzak eta galtzerdiak uzten dizkiete, karlistek ez dutelako halakorik erabiltzen. Izugarria da hilotz biluzien itxura, gorbata eta galtzerdiak beste arroparik gabe".

Honela dio Schwazenberg austriarrak, Armada liberaleko boluntarioak. Gerra honetan karlisten arazo handiena boluntarioentzako armak eta hornigaiak lortzea izan zen. Karlistak Euskal Herrian ez zuten gizon faltarik izan, diru falta izan zen arazoa; kontrarioena, aldiz, gizon falta: gerrarako jendea nahi bazuten ordaindu egin behar, egunean pezeta bat. Hortik dator karlistak “pesetero” hitzarekin iseka egitea liberal boluntarioei. Liberalek, bestalde, britainiarrak eta frantziarrak izan zituzten laguntzaile.

Jende pobrea, nekazariak eta herrietako apaizak jarri ziren batik bat karlisten alde, eta Ormaiztegiko Tomas Zumalakarregi jenerala buru izan zuten bitartean ez ziren lotsagarri ibili gerran. Bere mutilek benetan maite zuten eta ez da harritzekoa euskaldun gerlari karlista batzuek Tomas Hego Euskal Herriko errege egin nahi izana. Bergarako besarkadarekin bukatu zen aurreneko karlista-gerra hau eta, Gipuzkoa osoa, Donostia izan ezik, karlisten menpe egon zen.

Normala den bezala Alkizan ere izan zuen eragina. Hemen behean jartzen ditudan baserri hauen nagusiei –liberalak hauek-- karlistek bahitu egin zizkieten baserriak, eta bertan bizi ziren maizterrek errenta nagusiari ordaindu ordez karlistei ordaintzeko ordena jaso zuten.

Karlistek bahitu zituzten
baserriak
Baserriaren nagusiak Maizterrak
Aginaga (erdia)
Aginaga (beste erdia)
Aginaga Saletxea
Basazabal
Aranguren berria
Eleizegi garaikoa
Garmendia garaikoa
Gilisasti
Urruzola azpikoa
Jose Antonio Garagartza
Jose Antonio Garagartza
Jose Antonio Garagartza
Jose Antonio Garagartza
Manuel Joakin Soraiz
Aranguren brigadierra
Aranguren brigadierra
Aranguren brigadierra
Aranguren brigadierra
Martin Jose Sarasola
Luis Errazkin
Juan Frantzisko Arsuaga
Simon Jauregi
Luis Mendizabal
Fernando Jauregi
Juan Lorenzo Goenaga
Bartolome Pagadizabal
Pedro Antonio Mujika
     
 Bahitutako baserriak Maizterrak 1835ean
ordaintzen zuen errenta
(belloizko errealetan)
Maitzterrak 1836-38an
zuten errenta (belloizko
errealetan)
 Aginaga (erdia)
Aginaga (beste erdia)
Aginaga Saletxea
Basazabal
Aranguren berria
Eleizegi garaikoa
Garmendia garaikoa
Gilisasti
Urruzola azpikoa

715 erreal
715 erreal
660 erreal
660 erreal
792 erreal
242 + 4 gari-anega
396 + 8 gari-anega + 2 kapoi
330 + 9 gari-anega + 2 kapoi
330 + 9 gari-anega + 2 kapoi


560 erreal
560 erreal
450 erreal
450 erreal
500 erreal
300 erreal
532 erreal
532 erreal
532 erreal
 

Karlistak, bestalde, Gipuzkoako apaizen informazioa ere biltzen saiatu ziren. Apaizek jendearengan itzal handia zuten garai hartan eta propagandarako lekurik aproposenak elizetako pulpituak ziren. Ez da, bada, harritzekoa apaizak lokarri motzean lotu nahi izana. Alkizan bost hauek azaltzen zaizkigu. Hara zer dioten karlisten informeek:

D. Juan Bautista Legarra: Erretorea. Gerra hasi zenean arma eta janzki foralak Tolosan entregatzeko modua egin zuen. Esaten denez, ez omen da karlisten kontrarioa. Informazioa eskatu. Beste zerrenda batean: Karlista zalea oso eta oso bertutetsua.

D. Pedro Antonio Legarra: Alkizako benefiziaturik zaharrena (orduko benefiziatua gaurko koadjutorea litzateke). Oso karlista zalea eta oso bertutetsua. Filosofiako hiru ikasturte egin ditu, Melchor Canoren ikasturte bat, eta Teologian ere ikasketaren bat.

D. Antonio Jose Alkizalete: Kapellaua. Oso karlista zalea eta oso bertutetsua. Filosofiako eta Moraleko hiru ikasturte eginak ditu.

D. Frantzisko Legarra: Kapellaua. Oso karlista zalea eta oso bertutetsua. Filosofiako hiru urte egin zituen eta Teologian lau.

D. Jose Antonio Zelaia: Benefiziatua. Errege Karlosen etsaia. Ideia liberalen jarraitzailea beti, eta garai honetan harreman guztietatik apartatuta.

Aurreneko gerra Bergarako besarkadarekin bukatu zen eta bigarrena, berriz, karlistek galdu egin zuten. Ondorioz, euskaldunok lehen baino pobreago eta Fuerorik gabe bukatu genuen. Hala ere, horrek ez du esan nahi karlistek irabazi izan balute aberatsagoak izango ginenik. Lehen esan dugu Konbentzioko gerran gure agintariek konturatu zirela gerra hura ez zela aurrekoak bezalakoa, Fueroei jarraiki prestatutako defentsa ez zela nahikoa. Baina pena izan zen ez konturatzea, halaber, sakonagoa zela zetorren aldaketa: gizartea hankaz gora jartzera zetorren mundu ekonomiko- politiko berri bat sortzen ari zela. Hori ikusi izan balute, gaur beste kuku batek joko liguke.

Euskaldunok ez dugu, ez, zorte handirik izan.

Jainkoak mundua sei egunetan egin omen zuen eta zazpigarrenean deskantsua hartu. Hala erakutsi ziguten umetan eta hala entzuten diogu Lete oiartzuarrari Teologia, ideologia abesti ederrean: izadiaren igeltseroak sei egunetan izerdi-patsez moldatu eta ondu omen zuen mundua eta perfekziozko obra hartan ez omen zen nahaspila sortu Adan maltzurrak gerrikoaren hebila askatu zuen arte. Ez zen pentsamendu berekoa Kanpion idazle nafarra. Arazoak ez omen ziren Adanen hebila askatzearekin hasi, hirugarren egunetik omen datoz, hirugarren egunean egin baitzituen Jainkoak lurrak. Eta badirudi Euskal Herria egitea egokitu zitzaionean siesta garaian harrapatu zuela: Euskal Herria eskutan zeukala, lo-kuluxkaren bat hartu eta hatz tartetik erori zitzaion. Eta non eroriko eta..., zoritxarrez, Espainiaren eta Frantziaren tartean.

Gertaera hartatik omen datoz gure desgraziak!

Dena den, alferrik ari gara orain kexan. Historiak erakutsi diguna neuronetan ongi sar dezagun eta, hura jakinda, egin ditzagun ahaleginak berriro babuerena ez egiteko. Bihotzak esaten digu zer egin nahi dugun, baina nola egin buruak. Eta burukoa plater hotza da. Beldur naiz, ordea, ez ote garen ohitu gauzak hotzean egin beharrean mekauenka egiten.

Enrike Larrarte Arregi


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala