edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Bi anai

Eli Elizondo

irudia
Joxe Inazio eta Bittori Areeta baserriko terrazan

Ama bidaniarra, aita berriz errexildarra, eta beraiek, Joxe Inazio eta Juan Mujika Iraola anaiak, Errexilen jaioak dira. Nonbait Errexilgo baserria txikia zela eta, Alkizako Etxabe baserrian morroi zuten osabak esandakoari jarraituz, honera etorri ziren etxe handiago baten bila. Errexilgo baserria eta lurrak saldu eta 1931 edo 32. urtean pasa omen ziren oinez Zelatundik barrena. Juanek dio berak sei hilabete zituela eta astoaren saskietan ekarria izango zela. Aranzabenen bizi izan ziren maizter urte luzez eta lan asko eginda aurrera atera ziren. Biok diote jaio zirenetik hasi zirela lanean. Hamaika seme-alaba izan ziren, hamar bizirik, eta familia hori aurrera behiekin atera zuten, txalak haziz. Lana gogorra eta Aranzabeneko lurrak maldez beteta, Joxe Inazio akordatzen da aitak goldearekin lana egiten zuenean, berak artean hiru urte besterik ez, aitak zera esaten ziola, “Hire kontu!”, eta kanpora ateratako lurra jaso eta bere lekuan jartzea zela bere ardura.

Gero Areeta baserria erosi zuten, bere koinatu baten aitarena omen zen, eta jabeek Ameriketan dirua egin, baserria subastan jarri eta Irurako palaziora bizitzera joan ziren. Gerra denboretan ere eskasia zegoen eta Joxe Inaziok kontatzen digu Bidaniako errotakoak senitartekoak zituztela eta makina bat aldiz joaten zela oinez irin bila. Juanitok dio hamabi urtekin hamaika litroko marmita bizkarrean hartu eta abiatzen zela oinez Eulako zubira esnea eramatera, han Larrauleko batek jasotzen ziela eta.

Honela gauzak, eskolara lanerako giroa ez zegoenean bakarrik joaten ziren eta, noski, maestroak ezin zituen egunero joaten ziren haurren martxa berean jarri. Bederatzietan hasten omen zen. Lehenengo ordu erdian doktrina ikasten zuten, eta gero irakurtzen, idazten eta batuketak egiten aritzen ziren.

Bi anaiak makina bat lan egindakoak dira eta Juanek dioen bezala akabatzeko eginak ez ginelako gaude oraindik bizirik, zeren haitzetan barrena, basoetan arbolak mozten, gauez mendian oinez, milaka arrisku pasa dituzte. Honela hazi ziren eta soldaduskarako urteak bete zituztenean Joxe Inaziok Burgosera, kabaleriara, eta geroago Juanek Santanderrera joan behar izan zuten. Burgosen hotza latza eta zaldiak zaintzen lan handia, janaria txarra eta Joxe Inaziok, 76 kilokin hara iritsi bazen, 67 kilo ekarri omen zituen bueltan. Juanek berriz oroimen onak ditu Santanderreko merienda hartzera joaten ziren bodegetakoak, hango sagardoa benetan txarra iruditu bazitzaion ere. Hango sagarrak ez zituen jaten, hemengo kukusagar tankerakoak iruditzen zitzaizkiolako, gusturik gabekoak, alegia.

Juanek dio bere buruaren jabe izan zenean hasi zela ardiekin lanean, nahiz eta sena eta afizioa txiki-txikitatik izan. Aita Tolosako ferira astearte eta larunbatetan astoa hartu eta jaisten zen. Saltzera eramaten zituen babarrunak, arraultzak eta sagarrak, eta handik etxera ardi pare bat ekartzen zuen. Behin bi sasardi ekarri zituen, geldi egoten ez diren horietakoak, eta bere lurretatik ihes egin eta Litxaso aldera abiatu omen ziren; han artzai bat egoten zen eta bere artaldean sartu zirela kontatu digu Juanek. Berak lau urte zituela, hura ikusi eta atzetik joan omen zitzaien. Artzaiak esan omen zion: “Mutil, zer habil?” “Gure bi ardi hona etorri eta artaldean sartu dira”, erantzun zion Juanek. Eta harek berriz: “Hona ez da zuen ardirik etorri”. Juan amorruz artaldean sartu eta dudarik gabe beraienak ziren bi ardiak ezagutu eta atera omen zituen, baita etxera eraman ere.

Juan Aranzabenen maizter bizi da eta 400 buruko artaldea eduki izan du. Artalde handi hau berak bere txakurrarekin manejatu izan du, ez baitzitzaion gustatzen morroia edukitzea. Bere ustez, harek ez baitzituen berak nahi bezala gauzak egingo. Lehen ardiak Nafarroatik ekarri zituen eta orduandik artzai izan da. Joxe Inazio berriz behiekin jarraitu du Areetan, bere baserrian.

Juan soltero, Joxe Inazio berriz Urrizpeko Bittorikin ezkondu zen, bederatzi urtez nobio ibili eta gero. Igandeetan jaisten zen Anoetara, handik trenez Donostiara Bittori ikustera. Bittori neskame zegoen Donostian. Aieteko elizan ezkondu ziren eta Areetara joan ziren bizi izatera. Urrizpe, Bittorik 21 urte zituela, erre egin zen Santa Ana egun batean. Berak dioenez, baserriko bizitza gustatzen zitzaion eta Joxe Inazio ere bai noski, Areetara ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten. Gaur egun denak inguruko herrietan bizi dira, Iñaki eta Xabier izan ezik.

Eta horrela gustora bizi izan dira Alkizan Errexilen jaiotako bi anai hauek. Beraien umorea eta planta ona ikusita ez dirudi lan asko egitea osasunerako txarra denik.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala