Agurtzane Núñez Yarza
Hamabost urterekin irten zen lehenengo aldiz etxetik. Donostia izan zuen helmuga. Bertan ezagutu zuen Estatu Batuetara eramango zuen pertsona, hiriburuko taberna batean lanean zegoela. Artzain bezala lan egiteko proposamena egin zion. Jesusek ez zuen bi aldiz pentsatu: ideia gustoko zuen eta soldata ere ona zen, taberna utzi eta Ameriketara joan zen. Azkenean hiru urte iraun zuen lan bidaia izan zen.
Ba al zenuen artzantzan ideiarik dena utzi eta Ameriketara joateko?
Ni artzantzan hasi nintzenean ez nuen ideiarik ere zer zen artzain izatea. 15 urterekin Donostiara joan nintzen lan egitera, Aurrera Tabernan. Etxetik ateratzen nintzen lehenengo aldia zen. Baserrikoa naiz, eta harro nago horretaz eta baserrian lan egiteaz. Hala ere, ez nekien ardi bat zer zen. Baina inoiz ez da berandu ikasteko. Ardia animali zoragarria da, maitemindu egiten zaitu eta piskanaka bakoitza ezagutzen duzu.
Nola okurritu zitzaizun hara joatea?
Tabernara artzain bat joaten zen eta berak esan zidan ameriketan artzainak behar zirela eta soldata hemengoa baino hobea zela. Berak konpondu zuen bidaia guztia, hegazkina zein egunetan hartu behar nuen esan zidan, eta hori bai, biletea nik ordaindu behar nuela. 1983ko abenduak 28an atera nintzen Bilbotik Madrilera. Gogoan dut 9:45etako hegazkina zela eta garaiko 7.100 pezeta ordaindu nituela. Hegazkinean Andres Darrayet artzainarekin nijoan, Elizondokoa, gero elkarrekin lan egingo genuen. Bidaian Carmelo Cedrún Athleticeko atezaina zijoan ere eta berarekin hitz egiteko aukera izan nuen.
Zein urtetan joan zinen Ameriketara?
Estatu Batuetara 1984ko urtarrilak 1ean iritsi nintzen, 22 urterekin. Ez zait inoiz ahaztuko kobratzeko eguna zelako. Urtean behin kobratzen zuten eta ni eguerdian iritsi nintzen. Momentu horretan hamasei artzain zeuden enkargatua maletarekin noiz etorriko zain. 20 milioi dolarretik gorako balioa zuten txekeak ekartzen zituen. Artzain guztiak euskaldunak ziren: Mutriku, Eibar, Berastegi, Bermeo, Pedernales, Busturia, Araniz... Sukaldaria ere euskalduna zen, Don Antonio, gizon oso ona.
Norekin elkartu zinen Ameriketan?
Aireportuan artzain guztien enkargatuak jaso ninduen. Bizkaitarra zen. Jabearen etxera eraman ninduen, emakume zahar bat, oso diruduna. Bakarrik bizi zen etxe handi hartan. Gogoan dut garai hartan kotxe zoragarri bat zuela, Maberick markakoa, gorria eta oso handia. Iritsitakoan garajetik sartu ginen eta emakumea agurtu genuen. Mahai gainean zuen nere expedientea. Nongoa nintzen galdetu zidan, nere hemengo lanbidea eta ea fisikoki ondo nengoen. Guztiari erantzun nion, txekeo batzuk egin zizkidatela eta oso ondo nengoela. Afaria amaitutakoan enkargatuak bere etxera eraman ninduen, Wuisy herrian. Gau hartan oso ondo lo egin nuen. Hurrengo egunean arropa, janaria, ardoa eta tabakoa eman zizkidaten, guztia enpresaren kontura.
Zer iruditu zitzaizun lehen egun hartan hango bizimodua?
Gehien harritu zidana izan zen mahaia whisky botillaz betea egoten zela, baita bi kiloko Matutano patata poltsekin ere. Gauza da guztiak barrakoiean zeudenean desagertu egiten zirela, baina hurrengo egunean berriro han agertzen ziren.
Nola egiten zenuten lan?
Bi artzain joaten ginen eta hiru egunez behin aldatzen genuen kanpamentua. Lau aste dira gelditu gabe: goizero 4:30etan jeiki, oraindik ilun zegoela, ardiei norabide egokia emateko prestatuak egoteko. Bildotsak oso azkarrak dira baina batzuetan oso tuntunak ere izan daitezke.
Nor izan zenuen kide lehenengo irteeran?
Lehenengo lankidea Ramon Lauzirika izan zen, Mutrikukoa. Lehenengo irteera 1984ko martxoak 19an egin genuen. Iritsi eta bi hilabete eta erdira zaldi zuri bat eman zidaten, Ross deitu nion, guztiek hala deitzen zutelako. Oso handia zen eta behiak zaintzeko baztertu zuten. Nik ez nekien zaldian ibiltzen, lehenago ez nuen inoiz egin.
Nola ikasi zenuen zaldian ibiltzen?
Ramonek esan zidan beldurra banuen hoberena ezer gabe eta aldapan gora ibiltzea zela, zaldia ez zela atzera botako. Haitzarte batera joan nintzen. Gainera igo nintzenean poliki ibiltzen hasi zen, baina piska bat ikutu nuenean trotean hasi zen aldapa bukatu arte. Orduan konturatu nintzen ez nintzela erori eta zaldian ibiltzea gustatzen zitzaidala. Ordutik aurrera lasai ibiltzen nintzen, baina aulkiarekin. Ezinezkoak ziruditen aldapak igo nituen. Zaldi ederra izan zen nerekin egon zen bitartean.
Noizbait zalditik erori al zinen?
Bai, zaldi gainean ordu asko neramatzan egun bat zen. Aulkia mugitu egiten zela konturatu nintzen, baina helmugara iristeko ordu erdi besterik geratzen ez zenez ez nuen ondo jarri. Gutxira, aulkia mugitu egin zen. Zaldiari hainbeste min egin zion bi hankatan jarri eta lurrera bota ninduela. Zorte handia izan nuen, erorketa larria izan zen, baina kolpeak besterik ez nituen izan. Lezioa ikasi nuen.
Zer ikasi zenuen artzain bezala lan egiten?
Zaldian ibiltzeaz gain, ardiak hiltzen eta ogia egiten ikasi nuen. Ramonek esan zidan ardi bat hiltzen banuen hoberena izan zedila. Berak erakutsi zidan ardiak hiltzen eta azala kentzen. Baita ogia egiten ere eta, adibidez, kanpamenduaren inguruan egur errea jartzen kaskabel sugeak urruntzeko. Gauza beltz bat ikusten dute eta ez dakitenez zer den, alde egiten dute. Zorte handia izan nuen lehenengo irteera berarekin egin izana.
Nola egiten zenuten garbiketerako?
Gogoan dut, 1984ko ekainak 4 edo 5a, urtarriletik bainatu gabe nengoen, kanpamentuaren ondoan izotza urtu ondorengo urak ur-jauzi bat egiten zuen. Bapatean Ramonek arropa kendu, jaboia hartu eta dutxatu egin zen. Berria bezala atera zen. Orduan nik berdina egin nuen, oihurik ez zuela egin ikusita. Ur hotzak izugarrizko inpresioa egin zidan, ez nintzen atera nahi nuenerako. Atera nintzenean esan nion ea nola bainatu zitekeen ur izoztu horretan eta ohituta zegoela erantzun zidan. Azkenean, ura berotu behar izan nuen hotza kentzeko.
Zer jaten dute ardiek?
Badago landare bat malma izenekoa. Oso ona da eta asko gustatzen zaie. Deskuidatzen bazara berriro itzuli eta gehiago jaten saiatzen dira. Nik pentsatzen nuen ‘ez dago gehiago eta! Handik pasa direnean dena bukatu dute!’. Horregatik ere bizkor ibili behar duzu eta norabide egokia eman.
Egia al da puntualtasuna oso garrantzitsua dela bildotsekin ibiltzerakoan?
Bai. Behin bost minutu berandutu nintzen eta goiz osoa kostatu zitzaidan zuzentzea. Kontuan izan 2.300 buru zirela. Nik ondorio bat atera nuen: 5:30ak eta 6:30ak artean egon behar nuen han puntual norabide egokia emateko eta atzera itzuli ezin ahal izateko.
Ardi guztiak ezagutzen zenituen?
Azkenean bakoitza zein den ezagutzen duzu. Bat bazegoen niretzat berezia zena. Arkumeak urtarrila eta otsailean jaiotzen ziren normalean, baina hau ekainak 4ean jaio zen eta noski, besteak baino txikiagoa zen. Toki guztietan galtzen zen eta ni atzetik bila, berarekin enkariñatu nintzen eta. Deitu eta segituan kaso egiten zidan. Behin ibaia pasatzen ari ginela, arkume guztiak pasa eta ez zen agertu. Bere amak ere ez zuen soinurik egiten, buelta bat eman eta ez nuen aurkitu. Hurrengo egunean bapatean ‘bee!’ entzun, eta hantxe zegoen. Gaua han pasa zuen eta ez nintzen konturatu. Ez didazu sinistuko baina pozez negar egin nuen. Ez zen nirea baina oso berezia zen niretzako. Oraindik gogoratzen naiz, eta pentsatzen dut zer izango zen ardi hartaz. Hurrengo artzaina Berastegikoa zen eta esan nion ondo zaindu zezala. Ez zela nirea esan zidan eta ez arduratzeko. Hala ere, zaintzeko esan nion, hainbeste kariño hartu nion pena ematen zidala uztea.
Non bizi zineten neguan?
Rantxoa 900 metroko altueran zegoen eta hasieran ohitzea kostatu egin zitzaidan. Uraren zaporea eta arrautza frijituena, adibidez, ez ziren berdinak. Ohitu nintzenean, denetatik jaten nuen. Martxoan ateratzen ginen apirila bukaera arte, 3.000 metroko altueraraino. Kanpamenduak kanping dendak izaten ziren karro baten gainean jarrita. Karro kanpoa deitzen dira.
Zergatik erabaki zenuen etxera itzultzea?
Nik oso soldata ona nuen. Gainera, azkenaldian artzantza utzi eta txofer bezala lan egiten nuen ganaduarentzako ura eramaten 12 toneladako kamioiarekin. Baina etorkin asko iristen hasi ziren Estatu Batuetara, asko legez kanpo. Gehienak Mexikarrak baina baita Nikaraguakoak, El Salvadorrekoak, Guatemalakoak, e.a. Zortzi milioi etorkin inguru zeuden Texas eta California artean eta Reaganen Gobernuak hura moztu nahi zuen. Horretarako Weinberger legea atera zuen: 1987 urtean kontratua bukatzen zitzaien etorkin guztiak estatutik joan behar ziren, kontratua zutenak itzuli zitezkeen zahartasuna mantenduz. Nagusiak beste sei hilabeterako kontratua egin zidan baina lege berri hori zela eta etxera itzuli behar nuen. Hala ere, zin egin zidan itzultzerakoan zahartasuna mantenduko nuela.
Zergatik ez zinen bueltatu Ameriketara?
Etxera itzuli nintzenean nere ideia berriro Ameriketara bueltatzea zen bania anaia orduan ezkontzen zenez, pixka bat gehiago geratzea pentsatu nuen. Zizurkilgo Lizarain zerrategian hasi nintzen lanean eta azkenean zazpi urtez egon nintzen. Ez naiz damutzen geratu izana, baina beti gogoratzen naiz zein lan baldintza onak nituen Ameriketan. Orain dela lau urte Jesus berriro bueltatu zen artzain ibili zen tokira. Berak lan egiten zuen enpresa desagertua zen, baita lehenengo egunean ezagutu zuen emakume hura. Hala ere, lagun batzuk han jarraitzen zuten eta bera egondako lekuak erakutsi ahal izan zizkion bere emazteari.
xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta
© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)