edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Mitxiguak eta azpitxuriyak

Inaki Irazabalbeitia

irudia
Azpitxuriya

Aurten zein animaliari buruz eskribitu behar nuen pentsatzen niharduela, Urruzolako Pello Joxek etxean habia eginiko mitxiguei argazkia egin ziela aipatu zidan. Airean dotore eta azkar hegan dabiltzan eta teilatu-hegaletan habia egiten duten hegazti beltz horiei buruz idaztea erabaki nuen.

Hirundo rustica espezieko hegaztiei mitxigo esaten zaie Alkizan eta Tolosaldean; beste hainbat tokitan, ainara eta euskara estandarrean enara. Azpitxuriyari, Delichon urbica, euskara estandarrean enara azpizuria esaten zaio bestetik. Gainera gure artean bada hirugarren bat, haitzenera, Hirundo rupestris.

Hirurak itxura aldetik oso antzekoak dira. Hegan ari direnean zaila da gerturatu arte hiruretako zein den jakitea. Mitxigua guztietan handiena da, 19 cm-ko gorputz luzera izan dezake, azpitxuriya, bestetik, txikiena da, 12 cmkoa. Haitz-enara bien artean gelditzen da, 15 cm-ko luzera baitu eta badu beste biez bereizten duen ezaugarria bat, isatsa urkilatua izan ordez karratua du. Gainera, lumaje arrea du, besteek beltza duten bitartean. Azpitxuriyak mitxiguak baino isats laburragoa du.

Hiruek hegan dabiltzanean harrapatzen dituzten zomorro eta intsektuak jaten dituzte. Migratzaileak dira. Negua Afrikan pasatzen dute eta gure artean udaberri hasieratik, udazkenaren erdialde aldera arte bizi dira.

Mitxiguek eraikinetan bakarrik egiten dute habia; azpitxuriek, ordea, eraikinak nahiago badituzte ere, labarretan ere egin ditzakete. Haitz-enarek, izenak ondo adierazten duen bezala, haitz eta labarretan egiten dituzte habiak.

Mitxiguek habia lokatza, txistua eta belarra edo lastoa usatuz egiten dute. Sabaiaren kontra egiten dute eta oso nekez ikus daiteke barnean zer dagoen. Lau edo bost egun behar dute habia eraikitzeko. Lokatz-bolatxoak aho-barruan garraiatzen dituzte. Habiaren barrua ilez, lumaz eta antzekoez eroso bihurtzen dute. Bi umaldi izaten dituzte udaberritik abuztua bitartean. Emeak 4 edo arrautz erruten ditu eta berak bakarrik txitatzen ditu. Arrautzak errun eta 14-16 egunetara jaiotzen dira txitak. 20 bat egunez aita ehizan ibiliko da umeak elikatzeko eta bitartean emea habian egongo da umezain. Hegan egiteko gauza direnean kumeek habia uzten dute eta 14 bat egun geroago gurasoak bigarren txitaldiaren lanekin hasiko dira.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala