edukiak
edukiak
  • hasiera
  • Artikuluak
  • joan-bautista-eta-joan-elias-intxaurraga-aita-hargin-maisua-eta-seme-eskultorea

ArtikuluakArtikuluak

Joan Bautista eta Joan Elias Intxaurraga, aita hargin maisua eta seme eskultorea

Pello Joxe Aranburu

irudia
Astigarragako udaletxea Joan Bautista aitak egina

Garai bertsuan, esaterako 1716an, Katalandegiko Joan Bautista Intxaurrandiaga Gaztelan hil zenean, hark bazuen izen eta abizen bereko lehengusu bat, Joan Bau- tista Intxaurrandiaga Roteta, 1680?-1747 urteetan bizituta- koa. Hura Intxaurrandiaga baserrian jaio zen, aita Alejandro eta ama Dorotea zituelarik. Bere ogibidea zela bide, hargina izaki, leku frankotan bizi izan zen emazte eta guzti, adibidez, 1722an Hondarribian eta 1727an Donostian.

Joan Bautistaren egoitza non kokaturik zegoen eta bere bizilekuek Alkizan ardura politikoak, esaterako 1735ean bertako alkate izateko sortu zizkioten arazoak adierazteko, bada dokumentu interesgarririk. Nire liburu batean honela nioen: Izan ere, 1734an, Alkizako Udal hauteskundeetako zerrendak egitean, Joan Bautista Intxaurrandiagarena sartu ala ez eztabaidatu eta gora jo zuten. Ea Alkizan bizi zen ala ez zalantzan jarri, aldekoak eta aurkakoak bat ez zetozenez, Korregidoreak Joan Bautistaren aldeko erabakia hartu zuen. Horretarako Joan Bautistaren iritziari kasu egin zion.

Joan Bauptista de Insaurandiaga tiene en jurisdiccion dela misma villa la Casa y Caseria solar de su apellido una delas principales de dha Villa han estado y estan sus Padres y Abuelos paternos y maternos admitidos a la Vecindad de dha Villa y goze de sus oficios de paz y guerra. Es Casual la ausencia de mi parte de dha Villa, por razon de las obras enque esta trabajando fuera.

Joan Bautistak Ana Rekondo lehen emaztearekin lau seme hauek izan zituen: Joan Migel Bizente Madrilen, Bartolome maisu arkitektoa Espainiako zenbait probintzietan, Jose Martin Indietan eta Joan Elias eskultorea Gipuzkoan bizi izan ziren hurrenez hurren. Joan Elias hura Lesakan aita bertako elizaren egitura altxatzen ari zenean, hantxe jaio eta bataiatu zuten. Lehen emaztea hil zitzaionean, Astigarragako Madalena Gurutzeagarekin ezkondu eta Maria Bizenta alaba bakarra izan zuten, Joan Bautistaren zahartzaroan.

Joan Bautista XVIII. mendeko hargin sonatuekin lehiatu zen, eraikuntza erlijioso eta zibiletan, bai Gipuzkoan bai Nafarroan. Alkizan Intxaurrandiaga baserria eta Etxetxo bi eraikuntzak gauzatzeaz gainera, San Martin parrokiako aldare nagusiko mailadia, lauzadura eta idulkia egin zituen. Nafarroan, berriz, Goizuetako parrokiaren egitura amaitu eta Lesakako elizaren obra osoa bere ardurapean egon zen. Harlanduzko egitura bikaina du aipatu San Martin elizak, neurri handi batean Joan Bautistaren obra.

Bestalde, Astigarragako udaletxe berria berak eraiki zuen. Talde lanean, aldiz, Martin Saroberekin Pasai Donibaneko Bonantza Kristo Gurutzatua eta Donostiako Santa Maria eliza barrokoa eraiki zuten Lizardi aita-semeek, Martin Sarobe eta Joan Bautista lau harginek. Bizitzaren hondarrean, aipatu lankideekin auzitan ibili eta bere ondorengoek jarraitu zieten testamentu lanei, batez ere Joan Elias semeak.

Joan Elias Intxaurrandiaga eskultorea, 1735-1800?

Alkizan, 1735ean, Joan Bautista alkate zelarik, urte berean, Lesakan aita eliza eraikitzen ari zela bertan jaio eta bataiatu zuten Joan Elias, Barrenetxea lesakatar indianoak aita eta ama ponteko zirelarik. Brijida Jauregi Tomas Jauregi eskultorearen arrebarekin ezkondu zen. Tomas eta Joan Eliasek Migel Irazustaren arte ildoari jarraitu zioten, eskultore barroko izateari alegia.

Bere ogibideak eraginik, Azpeitia, Asteasu, Urretxu, Gabiria, Itsaso eta Albizturren bizi izan zen. Bere bizitzako hiru alderdi ezagun eta garrantzitsu laburki adieraziko dira lerro hauetan, Alkizari buruzko liburuan zabalago landu nituenak hain justu.

Joan Eliasek erretaula batzuen trazak egin eta batez ere beste eskultore batzuekin lankidetzan arte lanak burutu zituen Asteasu, Gabiria, Azpeitia, Abaltzisketa eta Soraluzen. Adituek bigarren mailako eskultoretzat jotzen dute.

Alkizako erretore etxearen proiektua Joan Eliasek egina da, baldintza tekniko oso zehatzak emanez. Aurrekontua 66.255 errealetara iristen zen. Etxearen dotoreziak eta luxuak iritzi kontrajarriak sortu zituen herrian. Halere, proiektua errespetatu egin zen.

Hirugarren alderdi ezkutua nabarmenduko dut. Katalandegi eta Intxaurrandiaga bi baserrietako intxaurrandiagatarren belaunaldietako jaraunspen edo herentzia kontuak garbitu zituen. Ez zen izan txantxetako lana, hogeita hamar urtetako eginkizuna baizik. Arazoa oso konplexua zen. Hiru belaunaldietako zama astuna, jaraunsleak Nafarroa, Madril, Zamora eta Ameriketan bizi ziren eta ondasun oparoak urte haietan inoiz tasatu gabe zeuden. Joan Elias, 1799an, Albizturren bizi zelarik, bere proposamenak onartu zituzten ondorengoek. Intxaurrandiaga baserria eta beste ondasunak tasatu, jaraunsleek onartu eta handik urte gutxietara, 1802an, Urnietako notario zen Joan Martin Elolak bereganatu zuen baserria.

Joan Eliasen heriotza agiririk ez da ezagutzen. Honen aita Joan Bautista Alkizako hilerrian ehortzi zuten, semea non ote?


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala