edukiak
edukiak
  • hasiera
  • Artikuluak
  • hirilurren-balio-gehikuntzaren-gaineko-zerga-edo-gainbalioaren-zerga

ArtikuluakArtikuluak

Hirilurren balio gehikuntzaren gaineko zerga edo gainbalioaren zerga

Mari Jose Sanchez Plaza

irudia
Santiago ermita bideko etxeak

Udalek dituzten diru-sarrerak beste administrazio publikoen diru-sarrerekin parekatzen baditugu eskasak direla aitortu behar dugu, bereziki, kontuan hartuta, gero eta zerbitzu gehiago eskaintzea eskatzen zaiela.

Foru ogasunak zerga nagusiak biltzen dituzten administrazio publikoa dira, errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga, transmisioen gaineko zerga etab, eta bildutako kopuruaren zati bat udalen artean banatu behar dute.

Beraz, udal administrazioaren finantziazioa hein handi batean beste administrazio publikoen diru ekarpenen menpe aurkitzen da, baina, hala ere, herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak finantzatu ahal izateko udalek hainbat zerga eta tasa kitatu behar izaten dituzte.

Udal zergei buruz hitz egiten dugunean hurrengoak hartu behar ditugu kontuan:

  • Ondasun higiezinen gaineko zerga. Urbana eta rustika bezala ezagutzen direnak.
  • Jarduera ekonomikoen gaineko zerga.
  • Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga (kotxeen zerga).
  • Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.
  • Hirilurren balio gehikuntzaren gaineko zerga.

Bestalde, udal tasak aurkitzen ditugu, adibidez zabor-bilketa tasa, urhornidura tasa, etxez etxeko zerbitzuaren tasa etab. Tasak udalek eskainitako zerbitzu zehatz batekin dute harremana, eta bildutako diru kopuruak zerbitzu horren finantziaziora bideratzen dira.

Aipatutako bost udal zergetatik udalentzat hiru lehenak biltzea derrigorrezkoa da, bi azkenak aldiz borondatezkoak dira, hau da, udal bakoitzak erabakitzen du zerga mota horiek bildu ala ez.

Alkizako Udalak 2005. urterako udal ordenantza fiskaletan lehen aldiz aurreikusi zuen hirilurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, eta urte horretatik aurrera zerga mota hori biltzea erabaki zuen.

Hirilurren balio gehikuntzaren gaineko zergak, edo gainbalioaren zergak, ondasun higiezin baten edozein motatako eskualdaketa gertatzen denean hiri-lurrak jasandako balio gehikuntza zergatzen du.

Zerga honen ezaugarri nagusiak hurrengoak dira:

1.- Egitate zergagarria.

Zergaren egitate zergagarriak hurrengo baldintza betetzea eskatzen du:

Hiri-lurren eskualdaketa bat gertatzea.

Hiri-lurrei buruz hitz egiten dugunean, planeamenduaren arabera lur urbanoak edo urbanizagarriak izan behar dute. Bestalde, landalurretan, etxea edo baserria jasotzen duten lurrei ere hiri-lur izaera aitortzen zaie.

Eskualdaketa edo transmisioak edozein motatakoa izan daiteke: salerosketa, dohaintza, herentzia etab.

2.- Zergaren subjektu pasiboa.

Zergaren subjektu pasiboa zerga ordaintzeko obligazioa edukiko duen pertsona da.

Salerosketa eta prezio baten trukean egiten diren transmisioetan subjektu pasiboa saltzailea izango da.

Dohaintzetan, herentzietan eta dohainik egiten diren eskualdaketetan subjektu pasiboa ondasunaren eskuratzailea izango da.

3.- Zergaren objektua.

Gainbalioaren zergak hiri-lurrak azken eskualdaketatik eskualdaketa berria gertatu bitarteko denbora tartean jasandako balio gehikuntza zergatzen du.

Zentzu honetan, zergaren kuota kalkulatzeko kontuan hartuko diren elementuak hurrengoak dira:

  • Hiri-lurraren balioa: Hiri-lurrak eskualdaketa geratzen den urtean duen katastro balioa da.
  • Transmisioaren egun zehatza.
  • Aurreko transmisioaren egun zehatza.
  • Bi eskualdaketen artean igarotako urte kopurua. Egitate zergagarria gertatzeko gutxienez urte beteko epea egon behar du bi transmisioen artean. Bestalde, gehienez ere zergatuko den balio gehikuntza hogei urteetakoa izango da.
  • Balio gehikuntzaren kalkulua. Lurrek jasandako balio gehikuntza zenbatekoa izan den kalkulatzeko kontuan hartuko da bi eskualdaketen artean igarotako urte kopurua, eta dagokion koefiziente zuzentzailea aplikatuko zaio.

    1 – 5 urte bitartean: 3,6
    6-10 urte bitartean: 3,4
    11-15 urte bitartean: 3,1
    16 – 20 urte bitartean: 2,9

    Modu honetan, bi eskualdaketen artean 8 urte igaro badira, 8 x 3,4 = 27,2, lur sailaren balio gehikuntza % 27,2koa izan dela ulertu behar dugu.

Ondoren, balio gehikuntzaren portzentaia hiri-lurraren balioari aplikatuko zaio, adibidez 12.000 euro x %27,2 = 3.264, eta emaitzak lur-sailak eurotan izandako balio gehikuntza adieraziko du, zerga oinarritzat joko duguna.

  • Kuotaren kalkulua. Lur sailak izandako balio gehikuntzari, oinarri zergagarria, urte horretarako udalak onartua duen zergaren karga tasa aplikatuko zaio, eta horrenbestez, ordaindu beharreko zergaren kuota zehaztuko dugu.
    Adibidez:
    3.264 euro x % 5 = 163,20 €.

2009. urterako Alkizako Udalak onartua duen zergaren karga tasa % 5,54koa da.

Azkenik, azpimarratu behar da, zerga mota honen preskripzio epea lau urteetakoa dela, eta udalak lau urte dituela egitate zergagarria gertatzen denetik zergadunari egoki den kitapena bidaltzeko.

Zergadunek bestalde, udalari egindako eskualdaketen berri emateko obligazioa dute, eta transmisioen eskrituren kopiak udalean aurkeztu behar dituzte. Hala ere, udalak transmisioaren informazio guztia eskuratuko du Notaritza eta Foru Ogasunetik, baina zergadunaren ez betetzeak preskripzio epea luzatzea ekar dezake.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala