edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Azaroaren 8an, beheko plazan

Iñaki Irazabalbeitia

irudia
Garo-sutan azala erretzen.

Bi zero zero zortzi
zituen urteak,
azaroak gainera
zortziak beteak
seigarrena zuen ta
eguna asteak
goiza urratu zuen
garrasi tristeak

(Orioko balearenak)

Euritik franko izan dugu 2008ko udazkenean. Hezea eta umela nonahi. Alabaina, azaroaren 8an euririk egin ez zuen egun bakan horietakoa izan zen. Eguzkia ere ikusi genuen. Goizeko 9ak jo gabe zeuden artean, plazan autoa laga eta beheko plazako bidea hartu nuen. Hezea zegoen giroa, laino-printzak ugari, zeruaren urdina sumatzen zen, hala ere, eguzkia ikustear genuela seinale. Ordurako jende-aldra bilduta zegoen Leteko atariaren inguruan: haur, gazte, heldu eta zahar. Gehienak ataritik at zeuden. Barruan txerria hilko zutenak, txerrizalea eta hainbat lagun kamera eskutan. Argazkilari bat eta bi kamera egotea zen hitz egindakoa: Mendiko Etxeko Xabier Artola argazkiekin; Otsamendiko Joxean Urbieta kamera profesionalarekin eta Peruko Antton Sorarrain. Bidenabar, Anttonek urte batzuk lehenago jaiotetxean grabatutako bideoa ikusgai zegoen Kultur Etxeko erakusketan.

Burdina-sarea saltatu eta neroni ere kokatu nintzen argazkiak ateratzeko asmotan. Argazki-kamerarik ez, ordea; i-phonen prestazioak frogatzeko parada ederra nuen. Zabalik zen Leteko ukuiluko atea. Barruko argitzaletan, bospasei lagun, burdinazko kaiola baten ondoan zutik. Kaiolan txerria. Txerrama belzkote galanta! Ilaje beltz trinkoak basurde itxura zemaion. Nerbioak sentitzen ziren giroan. Sartu egin naiz ukuiluan txerriaren argazkia egin asmotan bizi-bizirik dagoela artean. Argazkiak egin egin ditut, argi gutxiegi baina eta ilunak irten dira.

Berriro kanpoan. Jendea zain ikuskizuna noiz hasiko. Txerramari buruzko txantxak ere ez dira falta ihes egingo duela eta ezin izango dutela hil. Barruan hasi dira lanean. Txerriari kakoa sartu nahi diote kokotsean. Ezin asmatu dabil Apeztegiko Iker, herriko agoazila. Engantxatu ezinik dabilela, txerria ez duela burua toki egokian jarria,… Etorri da etxeko nagusia, Jose Inazio Gorostidi, burdinazko haga batekin. Sartu du kaiolaren barroteen artean eta txerriari burua altxarazi nahi dio. Alperrik, honetan ere. Txerri-hiltzailea eta lagunak solasean. Tentsioa giro. Peruko nagusia, Aitor Sorarrain, metro eta laurogeita hamar pasa, besoak zabalik atera da lasaitasun eske. Barrura egin du atzera. Jose Inaziok atea itxi egin du. Lasaitasuna behar omen dute kakoa sartzeko. Sobra ere, ikuskizunaren hasiera galdu egingo dugu.

Barruan benetan zer gertatu den ez dugu ikusi. Txirrioa entzun da, laburra eta ez oso ozena. Jendea zain. Atea zabaldu egin da eta bost gizonezkok helduta atera dute kanpora eta mahaian etzanarazi. Garmendikoa omen da mahaia. Peruko Aitor Sorarrain, Leteko Jose Inazio, Berandoaingo Jose Luis Maitegiko Martin eta Juan Inazio. Ikerrek kakoari heltzen dio. Esamesa asko ibili da herritarren artean txerriari kakoa nola erantsi dioten. Bizkaiko txerriarenak oroituta, bateren batek, mazoa hartuta Pepetxorenak zeinek egin duen galdetu du maleziaz. Egia horretatik ez omen dago oso urrun.

Maitegiko Lurdes barreño urdina hartuta gizonezkoengana hurbildu da. Zalaparta handia dago inguruan. Denek bertatik bertara ikusi nahi dute gertatuko dena. Ikerrek labana sartu dio txerriari lepoan, borbor atera da odola. Lurdes ontzian biltzen hasi da, etengabe eraginez, odola bildu ez dadin. Txerria mugitzen saiatzen da. Gizonezkoek tinko eusten diote ordea. Begiak begiratu dizkiot. Begirada berezia du, atzen odol-tantak isurtzen ari den honetan. Ez dakit zer adierazi nahi duen: tristezia, gertatzen ari dena ez ulertzea, etsipena, …

Txerriak atzen hatsa bota du. Gizonekoak askatu egin dute. Etzanik gelditu da mahaiaren gainean. Ikerrek atzen begiratu egiten dio. ‘Ez haiz gehiago mugituko!’ pentsatzen arituko da akaso; labana eta eskuak odolaren gorriaz zikinduta.

Traktorea hurbildu dute Leteko ataria. Erantsitako gurdia garoz lepo; duela hiru igande herriko umeek bildutakoa da. Algara eta zalaparta umeen artean. Ataria zabaldu dute eta traktorea sartu egin da. Festaren hasiera kanpo aldetik ikusi dutenak barrura sartu dira.

Leteko ukuiluko ate aurreko belaze txikian ohol bat jarrita dago. Hiltzaileek bertara eraman dute txerrama fenwich txiki bat baliatuta. Gainean paratu sute saihetsen aldetik, garo lehorrez estali eta su eman diote Jose Inaziok eta Maitegiko Martinek. Laster ke urdina igotzen hasi da. Gero gar gartsuak. Argazkiak egiten jarraitu dut. Haize leuna dabil, norabide jakinik gabekoa eta horren ihesean nabil argazkiak egiteko.

Makilak, erratzak eta eskuareak baliatuta garoa txerramaren gainean egon dadin arduratzen dira orain, lehen txerriari oratzen ibili direnak. Beharrezkoa den heinean garo gehiago hartzen dute gurditik. Garoa erretzean, txerramaren azala gelditzen da ikusgai, erretako hileen errautsaz estalita. Alde batetik egoki erre denean buelta erdia eman diote beste aldetik erretzeko. Kearen usain mingotsa sentitu dut, bestelako usain berezirik ez dut aditu.

Erreta ondo erreta dago txerrama. Hiltzeko mahaia oholaren ondoan jarri dute. Bat, bi, hiru eta lau, txerria mahaiaren gainean jarri dute atzera. Mangera erantsi diote askako iturriari, zepiloak hartu eta txerriaren azala garbitzeari ekin diote. Eguzkiak giroa gozatzen du. Errautsaren eta kedarraren beltza joan da. Txerriaren azala zuriak agerian gelditu da. Hilik bizirik baino txerri itxura handiagoa du, alajaina! Segidan apatxetako azkazalak kendu dizkiote.

Ordu bete inguru daramagu lanean. Ikuskizuna luzatzen ari da. Ikusle batzuk nekatu egin dira edo, jendemultzoa txikiagotu baita.

Txerrama irekitzeko ordua heldu da. Mahaian dago hankaz gora. Ikerrek egingo ditu harakin-lanak. Buruaren aurrean jarrita, bular aldean sartu dio labana, gorputzaren erdiko ardatzean, eta maisutasunez, azala ebaki du, urdai zuria agerian utzia. Kokotseraino egin du ebakia. Gero, saihets batean jarri eta ipurdi alderantz hasi da ebakia egiten. Argazkilariok erdi borrokan irudi onak lortzeko. Aizkora txikia hartuta Jose Inaziok bularrezurra erdibitu du.

Sarea atera du Ikerrek. Makila bat ekarri dute eta mutur batean jarri dute zabal-zabalik, bandera bailitzan: hilketaren bandera! Ate ondoan dagoen ganadua lotzeko eraztun batean sartu dute makila eta haizean dantzan dabil. Eguzki-izpiek sarearen zuritasuna areagotzen dute. Ukuiluan sartu naiz, banderari argazkia kontrargitan egin asmoz. Alabaina, i-phonek ez du horretarako nahikoa abilidaderik! Bien bitartean, barrenak hustu dizkiote zerriari. Albaitariarentzako zatia ere hartu dute. Gibela Asuni, Leteko etxekoandreari eraman diote. Geroko hamaiketarakorako gisatuko du. Albaiteroaren analisiaren berri ez da izango artean. Ez izan kezkarik! Trikina muskuluetan egoten da eta gainera ondo egosteak hil egiten du! Heste, tripa eta gainerakoak balde batean bildu dituzte. Txorizoak eta odolkiak ez omen dira txerramaren hesteekin egingo, erositakoekin baizik. Hesteei simaurra ketzean lan nekoso eta zikina da!

Lau katu gelditzen gara. Txerria prest dago beratzen uzteko arratsaldean despiezatzera etorriko den harakinaren zain. Atzen aurreko lana gelditzen da: urtxiloa eranstea. Urtxiloa bi hortzeko haga da. Urtxiloaren bi hortzetako bat, txerriaren kokotsean sartu behar da, gero haga zutik jarri eta txerria oso-osorik airean egoteko. Sartu dioten urtxiloa, jasotzea ez da lan makala izan, ez ditu alferrik txerramak 300 kilotik gora pisatzen. Zutik jarri eta atearen ezker aldean jarri dute, eguzkitan. Ikerrek bere atzen lana egin du. Labana hartu eta ebakia egin dion bizkar hezurrean goitik behera.

Lanak ia bukatu dira. Hamaiketakora joan baino lehen, tresnak eta inguruak garbitu behar dira. Ekin diezaiogun!


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala