edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Alkizako Tours-eko San Martin parrokia

Pello Oyarbide, Erretorea

irudia

San Martin eliza XX. mendearen hasieran (Arg.: Euskal.legezalea.gogoglepages.com)

Zer da Alkizako Parrokia, nortzuk dira osatzen dutenak ?

Jesusengan sinestu nahi dugun persona multzo batek osatzen dugun elkartea da Parrokia. Jesus ezagutu nahi dugu; bere Hitzak, bere Egiteak, bere Bizitza, eta horrela berak egindako Bidea jarraitu dezagun, bere Bizitzak egiten duen Argiarekin gurea argituz...

Jesusek esaten du: “nahi duenak jarrai bekit”, eta ni egongo naizen lekuan egongo da bera ere. Guk bide hori jarraitu nahi genuke, eta Jesusen erakutsiak eta Bizitza gugan agertu daitezela... AMETS haundi bat da hori noski, baina ona da amets egitea, pauso txiki batzuk ematen joateko...

Honek hausnarketa haundi bat eskatzen digu ustez parroki elkartea osatzen dugun guztioi.

Zer egiten dugu?

Igandero eta beste egun batzuetan, elizan, tenploan, biltzen gara. Bertan Jaunaren Hitza entzun eta hausnartzen saiatzen gara, eta gero Eukaristia berriztatzen dugu, Jesusekin elkar batasun hori sendotu dadin, Maitasun misterio honetan murgildurik.

Esperientzia honek elkartea biziberritu dadin du helburu, gero Jesus eta bere Maitasuna gure bizitzan azaldu daitezen, bere testigu izanez.

Hau da gure Erronka! Bere testigantza ematea...

Haurren Katekesia

Jesus, Haurren Lagun mina da: “utzi umeri neregana etortzen “ esaten zuen. Umeek Jesus bere lagun haundi bat bezela ezagutu eta onartzea nahiko genuke. Jesus bezela hazi daitezen: soingorputzean, adinean eta bizi-jakindurian.

Zeregin honetan gurasoak dira noski katekista berezienak. Umeak etxean jaso eta osatzen du gero bere bizitza osoan bere bizimolde izango denaren oinarria.

Gero beste katekistak eta elkarteak saiatuko dira heziketa hori gertutik laguntzen.

Eta Gazteak?

Gutxi eta gutxitan ikusten ditugu gure bileretan...Ez dugu asmatu noski gazteentzat interesgarri izango litzatekeen zerbait eskaintzen... Zer egin? Gustatuko litzaiguke gazte batzuekin elkarrizketaren bat sortuko balitz. Seguru gaude Jesus benetan ezagutzen hasiko bagina, berarekin engantxatu egingo ginatekeela, baita gazteak ere. Erronka haundi bat botatzen digu Jesusek, baita gazteei ere. Horretara bultzatzen lagundu nahìko genuke.

Sozial Pastoraltza

Sinesmena eta Jesusen Espiritua “zerbitzuan” azaltzen dira bereziki. Horregatik parroki-elkarteak zerbitzura zuzendu behar ditu bere ahaleginak. Hauexek aipatuko genituzke, beste askoren artean:

Gaixoen laguntza. Talde bat osatu nahi da zerbitzu hau bultzatuko duena. Bada hainbat gaixo, zahartzaroan eta bakardadean ordu asko pasatzen dituena, etxeetan edo erietxeetan... Jesusek esan zuen: “gaixo egon nintzan eta nigana etorri zineten”

Espetxeko Pastoraltza. Zergatik ez? Zerbait egin genezake. Badago honetan saiatzen diren Komiteetan zenbait jende... Gure elkartean ere sortuko diren itxaropena dugu. Jesusek esan zuen baita ere: “espetxean egon nintzan eta bisitatzera etorri zineten”.

Caritas. “Eman zuek jaten...” esan zuen beste behin. Eta azken epaia aitatzean berriro “Goseak nengoen eta jaten eman zidazuten”. Laguntza haundi bat emango lioke elkarteari, diru-biltzea, solidaritatea, bultzatuko luken komite bat sortuko balitz.

Apaizik egongo ez denean, zer ?

Apaizik ez balego Elkarteak jarraitu egin behar du. Jesus betikoa da, apaizak aldi batekoak... Laikoak ari dira prestatzen elkartearen ospakizunak zuzentzeko. Toki askotan errealitate bat da iada. Eta oso ondo egin ere! eta herriak erantzun ere! Jesusen Hitza bat da, apaiza egon ala ez... Eta Eukaristia, Jesusen Maitasunaren Agiria, hor izango da beti. Horretarako ere prestatu beharko da gure Elkartea.

Gure Elkartea izan dadila Berri On bat Alkizako Herrian.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala