edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

OINEZ HAZI, OINEZ BIZI Inaxio Iruretagoiena "Kuarentaikuatro"

Alberto Roteta eta Imanol Lizardi

irudia
Inaxio, ezkerraldean, zutik, Jose Ignazio Gabirondo eta Joakina Elorzaren ezkontza egunean 1976 urtean. (Maixa Aranzabe)

Batzuek, hemen jaioak garelako, betidanik ezagutzen dugu; beste batzuek herrira etorriak garelako, ez. Batzuei ez zaigu arraroa egiten Anoetara doan errepidean, egunero, oinez gizon bat ikustea, beti hala izan baita; beste batzuentzat, berriz, 2011 urtean, lanera joateko 6-7 kilometro eta lanetik itzultzeko beste hainbeste oinez egin behar izatea, bada gutxienez deigarria. Baina ez da hori Inaxiorengan deigarria den bakarra. Bagenekien, kontu bitxi ugari zituela kontatzeko, bagenekien ederki pasako genuela berarekin solasean, eta bagenekien gure herriko historia hurbila, alderdi guztietatik, pixka bat gehiago ezagutzen lagunduko zigula, nahiz eta berak esan digun bezala "denak ez diren kontatzeko modukoak".

Lehenik eta behin, Inaxio, zer dela eta "Kuarentaikuatro"?
Ni gaztetxo nintzen garaian, Alkizan, guztiei jartzen zitzaien goitizena. Nik, nonbait, oina handi samarra nuen, eta zapatak erosteko garaian, berrogeita lau zen behar nuen zenbakia, eta goitizen hori jarri zidaten.

1947 urtean jaio zinen Alkizako Igarantzabal baserrian. Ze oroitzapen duzu haur garaiaz, esaterako, eskolari buruz?
Eskolan? Ez dut ondo gogoratzen, baina 5 edo 6 urterekin hasi nintzen. Kaskarreko galantak hartzen genituen. Maisua D. Antonio Lizarraga zen, naparra, eta maisua izateaz gain, herriko idazkaria ere bazen.

Gaztelaniaz egingo zenuten, ezta?
Ez. D. Antonio euskalduna zen, eta euskaraz ematen zizkigun eskolak. Orduan, gaztelaniaz tutik ere ez genuen egiten, eta zorionez, harek euskaraz egiten zigun. Hori bai, "Cara al Sol" kanta ikasi egin behar izan genuen, eta egunero abesten genuen. Baina gero, euskaraz egiten genuen. Alkizan ez genuen gaztelaniaz hitzik entzun, gailegoak etorri ziren arte. Nik, soldadutzara joan nintzenean, nekez egiten nuen gaztelaniaz.

Geroago ere ibili omen zinen eskolan.
Bai. Tolosako Eskolapioetan egin nituen kurtso pare bat edo. Lanean hasteko "Certificadoa" behar nuen, eta hura ateratzera joan nintzen.

Eta zer moduz moldatu zinen?
Erdaraz egiten zuten, eta ulertu ezinik ibili nintzen, baina atera nuen, eta pozik.

Eta eliz kontuez, zer? Egin al zenuen Jaunartzerik?
Jakina. Orduan bi egiten ziren. Guk Komunio txikia eta Komunio handia deitzen genien. Txikia 8 urterekin egin nuen, eta handia 12rekin. Apaiza D. Ignacio Otegi zen.

Eta "praile" joateko eskaintzarik ez al zizuten egin?
Niri ez, baina herriko zazpi-edo joan ziren.

Pasa gaitezen gazte zineneko garaira.
Hamabost edo hamasei urte nituela Andoaingo Laborde lantegian hasi nintzen lanean. Bertan, brokak, kutxillak, eta abar egiten ziren.

Eta hara, oinez joaten al zinen?
Noski, ez zegoen beste modurik. Tarteka, goizez, izaten nuen norekin joan, adibidez, Altzorbeko Juanekin, baina bestela, oinez joaten nintzen Anoetara, eta han trena hartzen nuen.

Noiz arte egin zenuen lana Laborden?
Hogei urtez edo aritu nintzen. Nagusiek enpresa itxi zutenean, batzuek kooperatiba osatu zuten, baina ni ez nintzen horretan sartu. Urtebete langabezian pasa ondoren, Etxabeko Juanek hala esan zidan: "Hi, mataderan hasi behar diagu". Baina bera ez zen hasi, eta ni bai. Eta badakizue, gaur arte.

Eta horra ere, noski, oinez joan izan zara beti.
Bai, jakina. Goizez, lauak eta erdietan ateratzen naiz oinez, eta arratsaldeetan ere, Anoetan bazkalduta, oinez bueltatzen naiz, inork ez banau kotxean hartzen behintzat.

Ez al duzu inoiz autorik edo motorrik izan?
Ezta bizikletarik ere. Sekula ere ez. Ibiltzeko osasunik ez zait falta izan, eta gainera gustatu egiten zait.

Mataderoan hainbeste urte eman eta gero, izango duzu anekdotarik-edo kontatzeko, ezta?
Anekdota? Zer esango dizuet ba? Beti gertatzen dira kontu kuriosoak, gehienbat abereak deskargatzeko garaian, karreterara alde egiten dutela, ibaira... Orain dela gutxi txekor bat ibaira erori zen, eta gruarekin atera behar izan genuen. Ah! Eta beste kontu batekin ere gogoratu naiz oraintxe. Karnabaletan behin maiorista batek astoa utzi zien lagun batzuei karroza batean- edo ateratzeko. Hark mataderan utzi zuen ukuiluan sartuta, beste inon tokirik ez zuelako. Goizean langileak joan ginenean astoa ikusi, eta noski, pentsatu genuen hiltzeko zela.

Eta?
Eta? Ba hori, hil egin genuela

Jakin badakigu, beti herrizalea izan zarela, hemen ibili zarela, alegia, eta istorio politak badituzula. Adibidez, aizkoran, herriko festetan behin saioa egin omen zenuen. Nola da hori?
Otsamendiko Segundo eta ni ginen alde batetik, eta bestetik Antonio alkate zena eta Astigarragatik Etxesagasti baserria erosita, etorri zen Joxe Mari Latasa "Xarpa".

Eta zer gertatu zen?
Galdu egin genuela. Segundok pixka bat egiten zuen, baina nik ezer gutxi. Ikustera hurbildu zen jendea ikaratuta ibili zen, norbaiti hankaren bat ebakiko ote genion edo. Gogoratzen naiz nola Antoniok galtza txuri dotore batzuk zituen, eta botoia lotu ezinik nola ibili zen.

Gogoan al duzu beste apustu edo erronkarik?
Bai. Behin Arritzako Juan Jose zenari pilota partidua egin nion. Bera, onena zela esaten aritzen zen, eta palaz jokatu genuen elkarren kontra. Erraz irabazi nion eta hamalau lagunentzat afaria ordaindu behar izan zuen.

Korrika apustu baten konturik ere entzun izan dugu, ba.
Bai, Peruko Jexuxek sutu ninduen. Apustua zen Berraingo bordatik Alkizako plazara ezetz korrika 9 minututan etorri. Irteera emateko gogoratzen naiz nola Etxabeko Juanek eskopetarekin tiro egin zuen Alkizako plazan. Apustua erraz irabazi nuen, 8 minutura ere ez bainintzen iritsi. Jende asko zen lasterketa hura ikusten, eta hamar lagunentzat arkumea irabazi nuen.

Beraz, trebea zinen.
Anoetan, Alkizako korrikalaria deitzen zidaten. Egia da sasoia nuen garaian, azkar ibiltzen nintzela. Orain, berriz, zahartu egin gera eta…

Ondo asko dakigu kirolzalea zarela, gaur egun ere ikustea behintzat asko gustatzen zaizula.
Hamalau urtean Errealeko sozio izan nintzen, eta igandero joaten ginen Atotxa zaharrera. Errealak Liga irabazi zuenean, Arantzazun izan ginen jokalariekin batera Ama Birjinari eskerrak ematen. Herri Kirolak ere asko jarraitu ditut. Tolosara apustuak ikustera batzuetan joandakoa naiz. Pilota ere asko gustatzen zait. Gaur egun horiek denak telebistatik jarraitzen ditut, herritik mugitu gabe.

Eta musean zer? Fama handia duzu. Jokatzen oso ona ez izan arren, badakigu "etorri" onekoa zarela, eta keinuak pasatzen, berriz, aparta.
Garai batean asko ibiltzen ginen. Bi txapel behintzat, baditut irabazita. Bat Adunan, Antonio zenarekin. Hemen, Alkizan, Elizegiko Ramonekin irabazi nuen beste bat. Etxabeko Juanekin behin egin nuen ederra Zizurkilgo Pasusen. Ehun eta hogeita bi pareja zeuden izena emanda, eta guztien gainetik, Gu txapeldun. Trofeoa, afaria eta diru pixka bat ere jaso genuen orduan. Begirada hutsarekin antzematen genuen zeintzuk ziren lagunak zituen kartak. Alkizan, musean oso onak ziren Etxabeko Juan eta Antonio Zubiaurre, alkate zena.

Aizu, eta futbolean ere ez al zineten ibiltzen?
Ni ez, baina plazan garai batean asko ibiltzen ziren. Antonio atezain ona zen, eta gogoan det igande goiz batean partidua jokatu aurretik nola biok Ostatun geunden eta hark nola esan zion Maritxuri (Otsamendiko Maritxu baitzen orduan Ostatuko etxekoandre): "Maritxu, jarri bi dozena arrautza frijituta". Eta hura arrautzak frijitzen hasi zen, eta guk atera ahala, denak jan. Antoniok hamalau jan zituen, eta nik hamar. Gainera, ez zen postre faltarik izan, mamia jan baikenuen. Eta gero futbolera joan zen hura.

Beno, eta gaiez aldatu dezagun, neska kontuez zer duzu esateko?
Ibili, ibiltzen nintzen, baina badakizue, soltero nago, eta gustora. Orduan ez zen orain bezalako erraztasunik neska laguntzetan ibiltzeko. Joan, joaten ginen, baina bide txarrak zeuden, eta lokatzetan geratzen ginen behin baino gehiagotan.

Soldadutza ere egin zenuen, ezta?
Bai, bai, boluntario joan nintzan Donostiara etortzeagatik, eta hala izan zen. Kanpamendua Gasteizen, Gamarran egin nuen, eta gainerakoa Donostian.

Zenbat hilabetez egon zinen?
Hogei hilabete egon nintzen, baina horietatik lau eta erdi permisuarekin pasatu nituen.

Orduan ere oinez ibiliko zien gora eta behera, ezta?
Bai noski. Astean behin etortzen nintzen etxera. Batzuetan Andoainen geratzen nintzen arrebaren etxean, baina gehienetan etxera etortzen nintzen, eta horrelakoetan Anoetara trenez etorri ondoren, badakizue, etxeraino oinez.

Zein lanetan aritu zinen soldadu zinela?
Intendentzian aritzen nintzen, janariak banatzen, ogia eramaten maniobretara joaten zirenei, eta horrela.

Denok bezala, izango duzu soldadutzako kontu bereziren bat, ezta?
Gogoan det nola behin boluntarioak eskatu zituzten odola emateko. Nik
hasiera-hasieratik eman nuen izena, eta horregatik hilabeteko permisua eman zidaten. Gero, eta hori ikusita, asko apuntatu ziren odola ematera permisuarengatik, baina haiei odola kendu bai, baina permisurik ez zieten eman.

Eta bukatzen hasteko, nola ikusten duzu Alkiza gaur egun?
Asko aldatu da. Hazi ere asko hazi da, eta herriko jendea bertan geratzen dela ikusteak poz handia ematen du.

Emaiozu bukaera nahi duzun moduan elkarrizketa honi.
Osasuna izan dezagula denok, eta ea urteetan jarraitu ahal degun orain arteko moduan bizitzaz gozatzen.

Bejondeizula Inaxio, mila esker.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala