edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Prudentxi, Alkizaleten jabe

Enrike Larrarte Arregi

irudia
Prudentxik ordaindutako organoa Alkizako elizan.

Aurreko urtean, "Sabina, Usurbilgo señorita, Alkizaleten" titulupean idatzitako artikulotxoan jarri genituen Alkizaleteko jabeak ziren Joan Esteban Alkizalete eta Sabina Rezola senar-emazteen ondasunak. Esan genuen, halaber, Sabina gazterik hil zela eta hil zenean bi seme txiki utzi zituela aitaren kuidadoan: Bernardo (lau urtekoa) eta Santiago (bikoa).

Zer moduz konpondu zen Joan Esteban ume hauen heziketan? Bi seme hauei tokatzen zitzaien Alkizaleteko ondasunen jabetza aita hiltzen zitzaienean, baina, gerora, zer dela-eta azaltzen zaizkigu Alkizaleteko ondasun asko Prudentxi Legarra Zumetaren eskutan? Oraingo honetan galdera hauei erantzun nahi nieke.

1860ean, Sabina hil zenean, Joan Esteban ez zen bakarrik gelditu Alkizaleten, bere ama ere berarekin bizi zen; beraz, pentsatzekoa zen umeak amonaren esku geratu izana, baina… 1861ean, 62an eta 63an ez dago Bernardoren arrastorik Alkizaleten, Santiago bakarrik azaltzen da. 64ean eta 65, berriz, biak azaltzen dira, eta 66tik aurrera erabat desagertzen dira, bai bat eta bai bestea, arrastorik utzi gabe. Hau ikusirik, pentsatzekoa da ume hauen ardura amaren aldeko familiak hartuko zuela, gerora ere Usurbilgo osaba-izebekin azalduko baitzaizkigu.

Ez dirudi ama eta semea, Mª Jeronima eta Joan Esteban alegia, oso ondo konpontzen zirenik. Lehen ere amak etxetik aldegiteko ahalegin bat egin ondoren –Sabina oraindik bizi zela–, azkenik,1866an Alkizalete utzi eta Anoetara jaitsi zen behin betirako Don Hilario semea zuen apaizarekin bizitzera. Tirabira hauen zergatia Estebanek zurrutari zion atxikimendua izan liteke baina ez dago ziurtatzerik.

1862an, Sabina hil eta handik bi urtera, Joan Esteban ere, ondoezik sentitu eta testamentua egin zuen. Hala ere, oraingo gaixotasun honetatik libratu zen eta geroxeago, 1866ean, Usurbilen beste testamentu berri bat egiten ikusten dugu.

Esan dugu urte honetan ama Anoetara joan zitzaiola eta umeen arrastorik ez dela Alkizaleten. Joan Esteban bakar bakarrik geratu da. Bestalde, ez zaio pulamentu handirik ikusten etxea gobernatzeko. Zer egin? 1867an Joan Estebanek Peruko bere ahaide zuen Jeronimo Legarrarekin –hau ere alargun hiru semealabekin– akordioa sinatuko du: bien ondasunak batu, eta Alkizaleten elkarrekin bizitzen jarriko omen dira, ondasunen administrazioa Jeronimoren eskuetan geratzen delarik. Ikusia dago etxeko gorabeherak ere emateko ez zela gauza. Esan dugu: Joan Esteban bakarrik zegoen, semerik gabe, –amaren familiarekin zeuden semeak seguruenik– Jeronimo, aldiz, alargun, hiru seme-alabekin. Alkizaleten jarriko dira bizitzen bostak morroia eta neskamearekin –hau bai behar beharrezkoa zutela–. Aspalditik Alkizaleten zegoen Patziku Gabirondo izango da morroia; neskamea, berriz, Donjoanenean Jeronimorekin bizi zen Bixenta Aranburu. Beraz, Alkizaleten zazpi jarriko dira bizitzen: Bernardo, Jeronimo bere hiru seme-alabekin, neskamea eta morroia.

Nor zen Jeronimo Legarra hau?

Jeronimo hau, Peruko semea zen, Joan Estebanen amaren anaia, herriko maisua eta sakristaua; Billabonan ezkondua zen Frantziska Zumetarekin eta hiru seme-alaba izan zituzten heldutasunera iritsi zitzaizkienak: Segunda, Patrizio eta Prudentxi. Prudentxi hau jaio eta handik hamar egunetara hilko da Frantziska Zumeta bere ama. Haurgintzaren ondorioa izango zen heriotza. Hala dirudi. Gauza da, Jeronimo hau hiru umerekin geratu zela alargun: Segunda, zortzi urtekoa, Patrizio, seikoa, eta Prudentxi jaioberriarekin. Prudentxiren jaiotza 1854. urtekoa da.

Esan bezala, 1867an egin zuten hitzarmena Joan Estebanek eta Jeronimok, Espainian aurreneko errepublika sortu zen urte bezperan. Sei urtez bizi izan ziren elkarrekin Alkizaleten, Joan Esteban 1873an hil zen arte, bigarren gerra karlista garaian. Jeronimok beste zortzi urte eskas egin zituen mundu honetan, eta gauzak nola izaten diren, hau hil eta beste sei hila hilabetera Bernardo, Joan Estebanen seme zaharrena ere hil egingo da, Donostian, amaren aldeko osaba negoziante baten etxean. Hogeita sei urte besterik ez zituen. Bernardok Hernanin egin zuen testamentuan Prudentxi Legarra Zumetari utzi zizkion bere ondasun guztiak. Heriotza hau 1882. urtean izan zen.

Esteban eta Jeronimo elkartu zirenean hondasun hauek jarri zituen bakoitzak. Estebanek: Alkizalete, Leteberri, Mariategi-zaharra, Mariategi-berria, Mariantonena, Katalandegi, Bentzala-txiki, Litzarzelai eta Igaran errota Alkizan, eta Larrola, Gurutzeaga eta Etxeberria Larraulen. Jeronimok: Zumitzeta eta Garmendi-garaikoa.

1882tik aurrera hasiko dira gauzak eskrituratzen.

Elkartearen desegite ofiziala urte horretan egingo da eta bakoitzari tokatzen zaizkion ondasun eta zorrak garbi eskrituratuko dira. Desegite honekin batera, Santiagok (Joan Estebanen seme gazteak), Prudentxik –bere eta bere anai Patrizioren izenean, hau Ameriketan baitago– eta bere ahizpa Segundak elkartearen likidazioa egingo dute. Zumitzeta eta Garmendi- garaikoa Segunda, Patrizio eta Prudentxirentzat garatuko dira.

Elkartean bizi izan ziren bitartean egunean 4 pezeta gastatzen omen zituzten. Hau da, pezeta batekin ia bi pertsona mantentzen ziren, zazpi baitziren etxean. Morroiaren urteko soldata 160 pezetakoa zela diote paperak; neskamearena, aldiz, 120koa. Badirudi orduan ere lana eta soldata ez ziren neurri berean banatzen. Neskameak hiru gizaseme eta hiru ume zituen bere kargura eta ez zuen Tolosan arropak garbitzeko garbigailurik salgai aurkituko; jostorratza dantzatzen ere iaioa izango zen, noski.

Bestalde, Estebanen herentzia honela banatuko da: Santiago Alkizaleterentzat geratuko dira Larraulgo Larrola eta Gurutzeaga baserriak, Alkizako Leteberri baserria eta Igaran errota, osorik; eta Katalandegi erdibana izango da: erdia Santiagorentzat eta beste erdia Prudentxirentzat. Gainontzeko beste ondasun guztiak Prudentxirentzat izango dira. Larraulgo Etxeberria baserria elkarrekin bizi izan ziren garaian saldu zuten.

Ez naiz zehaztasun gehiagotan sartuko, banaketa hau zergatik egin zen horrela eta… luze joko luke eta. Hau bakarrik esango dut: Prudentxirentzat geratu zen Alkizaleteko liburutegia dexente samarra zen. Hala ere, euskaraz liburu bakarra azaltzen da: Jesusen amore nequez dagosten cembait otosgay; egilerik ez da aipatzen. Hogei bat urte lehenago egin zen inbentarioan, berriz, beste bi ere baziren: Guillaumen Bigarren Catichimina eta Churioren Jesu Cristoren Imitacionea).

Pasa gaitezen orain Alkizaleteko seme gazteenarenn (Santiagoren) zertzelada batzuk ematera. Hemen esango dugunaz gain, honi buruz gehiago jakin nahi duenak jo beza L. Lerchundik idatzi zuen artikulura: Boletín de la R.S.B.A.P. LXV, 2009-1, 345-381.

Ikusi dugu, Bernardok, Santiagoren anai zaharrenak, testamentua Hernanin egin zuela eta Donostian hil zela (hiletak Antiguan egin zizkioten). Santiago, ere, paraje hauetan ikusiko dugu.

1883an Donostian azaltzen zaigu. Estudiantea omen da. Urte horretan bertan, Jose Ramon Martikorena Espelosin industrialaria Hernanira dator bizi izatera. Martikorena hau Santiagoren osaba da, bere amaren ahizpa zen Mª Antonia Rezolarekin ezkonduta dagoena. Zergatik dator famili hau Hernanira? Bere seme Jose Antoniok Hernaniko Antziola auzoan lantegia bat ireki duelako, larrua ondu eta lantzeko, zolak eta uhalak egiteko (Jose Ramon Martikorenak lehen ere, eta aspalditik, ezagutzen zuen ofizio hau, larru-lantegitxo bat izan zuen Donostiako San Martin auzoan. Frantzian ikasia omen zen). Orain semeak jarraitzen du ofizioarekin. Santiago, ere, osabekin dator Hernanira, haiekin bizi baitzen lehen ere Donostian. Fabrikan bertan jarriko dira bizitzen. Santiagok 25 urte ditu eta Jose Antoniok, bere lehengusuak, urte pare bat edo gehiago.

Hemendik aurrera bi lehengusuak elkarrekin azalduko zaizkigu, harreman estuak izan zituzten, ez negozioetan bakarrik, baita politikan ere, Hernaniko udalean alkate eta alkateorde behin baino gehiagotan izan baitziren mende bukaera honetan.

Hernaniko erroldetan Santiago larru-ontzaile, merkatari, industrialari eta meatzari bezala azaltzen da (meatzari, ez meatzetan langile zelako, meatzetako nagusia zelako baizik). Negozio hauetan lehengusuarekin batera azaltzen da (esate baterako, "Marticorena y Alquizalete" merkataritza-sozietatea "era guztietako eginkizun eta ordezkaritzak eramateko" eraiki zutenean) edo bere kasa ("La Luz" eta "San Emilio" meategiak ustiatzen). Oraindik geratzen dira Hernanin, Fagollaga jatetxetik gertu, "Las Mercedes" zeritzan porland fabrika izan zenaren aztarnak. Berea zen. Nondik zetorkion dirua? Hasteko behintzat,1885ean, Leteberri, Larrola eta Igaran errota saldu zituela badakigu; gero, 1902an bere lehengusuaren fabrikak 55.464 pezeta zor omen zizkiola ere esaten zaigu.

1895ean, osaben etxea utzi eta, Hernaniko kale Nagusian jarriko da bizitzen, Jose Luis Zendoia (enpresarioa) eta Mikaela Garin senar-emazteekin. Badirudi ez zela inoiz ezkondu. Zendoia hau eta Mikaelaren aita, bigarren gerra karlistan liberalek karlistei aurka egiteko antolatu zituzten talde berezi batekoak izan ziren: "Los Voluntarios de la Libertad" bezala ezagunak. Hernani ez zen karlisten eskutan inoiz erori eta horregatik eman zion erregeak "Invicta" titulua herriari. "Voluntario" bitxi hauek, gerra garaian egunero bi pezeta kobratzeaz gain (ikusi dugu lehen bizitzeko zenbat behar zen), gerra bukatu, Madrilek Foru edo Lege Zaharrak kendu, eta ordurarte ez bezala gazteeuskaldunak soldaduska behartu zituztenean, "voluntario" hauen semeak soldaduskatik libratu zituzten. Hau euskaldunontzat madarikatua den 1876. urtean gertatu zen. Harrezkero, Zendoia hau zinegotzi azalduko zaigu behin eta berriz, hauteskundeetan bere burua errepublikanoen zerrendetan aurkezten duelarik. Gure Santiago Alkizalete eta bere lehengusu Jose Antonio Martikorena, ere, errepublikano bezala aurkeztuko zaizkigu udal hauteskundeetan. Esan dugu: udalean alkateorde eta alkate behin baino gehiagotan izan zirela aukeratuak mende bukaera honetan.

XX. mendearen hasieran galtzen diogu pista Santiagori Hernanin. Badirudi Donostia aldera joan zela. Ondoezik zebilelaren aztarnak ere badira.

Bi anai hauekin bukatu zen Alkizalete abizena Alkizalete etxean. Baten diruak Alkizako elizan bukatu zuten, jendeari zeruko bidea errazte aldera; bestearenak, berriz, auskalo. Infernuko bidea ez ote zuten hartu? Garai hartan Alkizan, seguru asko, errepublikanoei deabruen itxura handiagoa hartzen zieten santuena baino.

 

Oharra: egunen batean kontatuko dugu aipatu ditugun Larraulgo Larrola, Gurutzeaga eta Etxeberria baserriak nola iritsi ziren Alkizaletetarren sakelara. Historia polita baita.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala