edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Lili txuria odoletan, 1955

Pello Joxe Aranburu

irudia
Ama.

Peruko Antoniok Arantzazun, 1952ko abenduan, biografia hau idaztea erabaki zuen. Lili txuria odoletan deitu zion, horretarako Ama Maria Teresalinaren bizitza, 1918-1947, gaitzat hartu zuen, argitaratu, berriz, Zarauzko Itxaropenak, 1955ean. Gerra osteko zentsuraren garai zorrotz eta beldurgarriak ziren. Hemen ez zegoen euskarazko prentsa, irrati eta libururik argitaratzerik. Euskal idazle batzuk erail, adibidez Aitzol, Lauaxeta eta beste anitz erbesteratuak izan ziren. Beste batzuk Ameriketatik eutsi zioten euskal literaturari, nobelari, olerkiari, liburugintzari.

Aldizkari honetan iaz esan genuenez, barneko euskal gunerik goiztiarrena Arantzazuko komentuaren baitan eman zen, hantxe ziharduen Peruko Antonio fraideak teologia ikasten. Lehen liburuak Arantzazuko kondairak eta santuen bizitzak izan ziren. Lili… liburua, 1954an, Luis Villasante frantziskotarrak eta Inazio Iztueta zentsuratzaileak baimendu eta, 1955ean, argitaratu zen. Liburuaren sarrera berriz, 1952an, Sondikako Bidegain etxean egileak sinatu zuen, bertako alaba Jokiñe serora, martiri eta santatzat amestuz. Hizkuntza ezberdinetan eta, 1948-1955 urteetan, sei biografia plazaratu zitzaizkion. Antonioren hitzak dira: Bejondaizula, ba zan lozorrotik ateratzeko garaia. Lotsa galduta gaude, atzerritarrak or ari dira idatzi ta idatzi, gu berriz, aiei begira patxaran eta apatxean. Jokiñeren eskutitza eta bere ahaideen kontaketetan oinarritzen da liburua, biografia literario bat da, hizkuntza bizia darabil, erraz irakurtzen da. Santu egin nahi duen itxura hartzen zaio biografiari.

Goian ama eta Jokiñeren argazkiak eman ondoren, beren jaiotetxe eta haurtzaroko ikasketak narratzen ditu idazle alkizarrak, elkarrizketa arin eta atseginez kontatu ere. Gurasoak Bizente Zubiri nafarra eta Isabel Santxez ziren, hamazazpi seme-alaba izan zituzten, tartean jaio berritan hildakoak barne. Jokiñe protagonista Bidegain eraikuntza berrian, 1918an, jaio zen, baserri zaharra hegazkin portuak irentsi baitzuen. Haurtzaroa, lehen lau urteak jaiotetxean eta ondorengo zortziak Bilboko beren etxean egin zituen. Heziketa, aldiz, Gurutzeko Alaben ikastetxean eman zioten, oporretan Sondikara joanez. Badira makiña bat Sondika’n neska ura maixutzat eduki zutenak dio Antoniok eta beste behin: Joakina etzan… neska geza oietako bat: bizia, alaia, jolas-zalea, erretxina. Idazleak zera gehitzen du, aita nafarra zela, nonbait kaskagogor fama erantsi nahian.

Hamabi urterekin lehenengo jaunartzea eginda, Orduñako seroren ikastetxe ospetsuan bereganatu zituen ikasgai mamidunak, esku-lanak, piano eta erizain eginkizunak: Zubiritarren alaba danak angotar izanak dituzu eta iru antxe betiko gelditu, monja sartu. Gaztaroan, Bilbon dendari izan zen. Bilbon sendiak bazituen hainbat denda, haiek zaindu eta begiratzen hasi zen. Dendariaren deskribapen bikaina eman zigun alkizarrak: Bazekian Joakinak gaztetasun utsa zeramakiala agiri-agirian bekoki zabalean, ezti bezin goxoa sortzen zala irripar luzea bere ezpain-loreetan, perla-errenka bat ziruditela bere ortz txuriak, gaiztakeri gabekoa zala bere arpegi guri ta emea, mamizko lore gorriak ziruditela bere masail mardulak, uxoarenak baño ederragoak zirala bere patxadazko begi bi-biak, liraña zala oso-osorik bere gorputz guztia, beteko liokela batenbateri animako utsunea...

Gero serora etxerako urratsa eman eta Teresalina bilakatu zen. 1936ko gerratean bi senide hil eta familia sakabanatu zen, batzuk Frantziara ihes egin behar izan zuten eta han, 1939an, aita gaixotu eta hil zitzaien. Jokiñeren osaba fraide batek asko lagundu zion aitaren heriotza inguruan, bokazio kontuetan. Mariaren frantziskotar misiolarietara bultzatu zuen, aldi berean, misiolari eta eukaristi zale porrokatu izatera alegia.

Jokiñek, 1941ean, Iruñean jantzi zuri berria soinean hartu eta izena aldatu zuen, handik aurrera Ama Teresalina izango zen eta serora bati hauxe esan zion: Jaungoikoaren eskuetan jartzera etorri naun, nerekin berak nai duan guztia egin dezala. Ez natxeon ezerrek okiltzen.

Iruñeko urteak amaituta, lehen Madrilera, gero Guadalajarako Trillonen zegoen leprak jotako gaixotegira eta berriro, 1946an, Madrilen betirako Jainkoarekin ezkondu zen boto bidez.

Behean hiru argazki: lehena misioetara abiatu baino lehen Madrilen egindako argazkia, 1947, bigarren eta hirugarren argazkiak, berriz, Bartzelonatik Haleakala itsasontziz Suezeko ubidea, maiatzaren 4an, igaro zuen itsasontzia eta bertan zihoazen serorak. Hirurak liburuan daudenak. Indiako Katxemirako hiri nagusia zen Baramulara heldu zen Teresalina, ederra benetan parajea. Ez nuan egundaño pentsatu orrelako toki politik arki nezakenik bere hitzak dira.

Sei bat hizkuntzen jabe bazen. Serorak bigarren eguna zeraman han eta ahizpa Miren Karmeleri, haren urte betetzea zela bide, hauxe idatzi zion: Gaur goizean bataiatu dinat lenengo aurtxo bat, ... nik bataiatzen zaitut Miren Karmele, ahizparen izena ipiniz.

Lurralde hura nazio anitzen mugakide eta bi erlijio nagusien jabe izanik, garai hartan istilu latzak gertatu ziren eta haietako batean bizia kendu zioten Teresalinari, urriaren 27an, joan berritan. Sei heriotza edo hilketa gertatu ziren, badirudi dirua lortzearren egin zituztela. Narratzaileak martirioaren kutsu edo itxura eman zion heriotzari, Teresalinak aldareko sakramentua babeste arren galdu omen zuen bizia. Santu fama zabaldu zen inguru haietan eta Antoniok baieztapen potoloak idatzi zituen:

- Martiri-odola, martiri-azia beti loretu izandu da.

- India’ko ballara eta erri batzuek samaldan datoz Kristoren artaldera. Sei illabetean sei probintzi oso-osoak kristau egin ziran. Beste bi bidean zetozen.

Teresalinaren hitz hauekin amaitu zuen liburua Peruko idazleak: Nire bizitza Katxemirak zeru bidea artu dezan eskeintzen det.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala