edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Gure piztiak. Beleak, txori beltzak?

Inaki Irazabalbeitia

irudia
Eskinosoa adar batean pausatuta. (Joxerra Aihartza)

Bele izena sarri agertzen da euskal izendegian edo toki-izenetan. Hortxe ditugu Bela, Belauntzaran, Belategi edo Belasko moduko abizenak edo Alkizako Beleburupe parajea edo Belako arkaitza. Beleak beraz gizakiokin oso estuki lotutako animaliak izan dira.

Sailkapen zoologikoaren ikuspegitik bele eta korbido sinonimotzat jo litezke, hizkera arruntean korbido askori bele esaten baitiegu. Hori ez da guztiz zuzena, Alkizan ondo ezagutzen ditugun eskinosoa edo mika ere korbidoak direlako. Korbidoen familia oso ugaria da munduan 120 espezie inguru ezagutzen dira. Euskal Herrian espezie gutxiago dira, baina nonnahi topatuko ditugu. Alkizan ohizko ditugunak izango ditugu hizpide ondorengo lerrootan.

Eskinosoa (Garrulus glandarius), mika (Pica pica), belabeltza (Corvus corone) eta erroia (Corvus corax) dira Erniopeko inguru honetan ohizko korbidoak. Bi lehenak erraz bereizten ditugu beren lumaje bereizgarriagatik. Beste biak beltz-beltzak dira eta bele esaten diegu diferentziarik egin gabe. Eskinosoa sarritan ikusi ez eta entzun egiten dugu basoan gabiltzean. Karraka moduko txioak beste animaliak gutaz ohartarazi nahi dituen alarma dela ematen du. Imitatzaile ona da, bestalde. Beste txori batzuen kantua imitatzen du eta ‘hizketan’ irakasten dienik ere badago. Korbido guztiak bezala animalia orojalea da, basoetan bizi dena eta Euskal Herrian, Ipar Europan ez bezala, hegazti sendetarioa da. 35 cm inguruko gorputz luzera eta 58 cm inguruko hego-zabalera izaten ditu. Nahikoa hegazti longeboa da 17 urte bizi daitekeelarik. Udazkenean txitatzen da, normalean bost bat arraultza erruten dituelarik. Lerro hauetan tratatuko ditugun beste korbidoez lumajeak bereizten du, kolore beltza ez baita nagusi. Gorputz arre-gorriska du eta buztan, moko eta "biboteak" besterik ez ditu kolore beltzekoak. Kopetan eta kaskoan, berriz, luma gris eta ilunak ditu, eta haserretzen denean harro-harro jartzen ditu. Hegalak azkenik, distira zoragarria duten luma urdin eta beltzez apainduta ditu.

Mikak lapur ospea du Europako hainbat kulturetan. Gogoan izan Tintinen ‘Castafioreren bitxiak’ abentura, esaterako. Gainerako korbidoez lumajeak ere bereizten du, txuri-beltza baita, eta beti traje dotorea janzten ari dela ematen du. Gainerako korbidoak bezala orojalea da eta taldetan ibiltzeko ohitura du. Basoan zein toki irekian bizi daiteke, baina bigarrenak nahiago ditu eta horregatik ugariago da Arabako eta Nafarroako ordeketan, Alkiza inguru honetan baino. Tamaina ertaineko hegaztia da; 43-50 cm-ko gorputz-luzera eta 60 cm inguruko hegoluzera ditu, arra emea baino zertxobait handiagoa delarik. Udaberrian 6-8 arraultza erruten ditu eta kukua du etsai nagusietako bat, miken habiak parasitatzeko joera duelako.

Belabeltza gure gonbidatuen hirugarrena ikatza adina beltza da, izenak ondo adierazten duen bezala. Tamainaz eskinosoa eta mika baino handiagoa da, 48-52 cm-ko tamaina baitu. Jokamoldean eta bizimoduan ez da apenas gainerako korbidoez bereizten. Orojalea eta gregarioa da. Atzitik, emeak bakarrik berotzen ditu errundako arraultzak. Ia hiru aste horietan arrak elikatzen du emea. Hegazti azkarra da eta gizakion inguruan bizitzeko egoki moldatzen da.

Erroia ere gizakion inguruan bizitzera ongi moldatu da. Gure gonbidatuen artean handiena da, 63 cm-ko tamaina izan baitezake, eta ikustean horrek bereizten du belabeltzaz lehen begiratuan. Erronbo itxurako isatsa ere du bereizgarri. Edozein tokitan bizi da, basoan, belardian zein labarretan. Hotzari, gainera, beldurrik ez dio oso iparreko latitudeetan ere, Siberian esaterako, bizi baita. Animalia inteligentea da. Ikusi izan da nola beste animalia batzuk erabiltzen dituen berarentzako lan egin dezaten. Horrela hildako animaliak dauden tokira deitzen ditu otsoak edo koioteak. Kanidook hilotzaren azala urratzen eta eteten duten eta horrela korbidoek errazago iris daitezke barneko mokado biguinetaraino. Erroia urte askoz bizi daiteke, 40 urtera ere iristen delarik.

Gure inguruko korbidoen deskribaketari ezin diot amaierarik eman belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax) aipatu gabe. Ez da ugaria gure artean, Euskal Herrian isurialde mediterranioan bizi baita nagusiki. Neronek ez dut gure inguruan inoiz ikusi, baina bi lagunek ikusi izan dutela aipatu didate oraindik orain. Hegazti beltz-beltza da eta moko eta hanka gorriak ditu bereizgarri. Lurraren azalean dabiltzan zomorroez elikatzen da, baina itsas inguruan bizi direnak krustazeoak eta moluskuak ere jaten dituzte. Harri artean, labarretan, haitzuloetan eta arrailetan egiten dituzte habiak, baina Nafarroako Erriberan ikusi ahal izan denez eraikinetan ere egiten dituzte umeak.

Bele guztiak ez dira bada beltzak eta,jakina, zozoak beleari ipurbeltz.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala