edukiak
edukiak
  • hasiera
  • Artikuluak
  • etxabe-txikiko-kontrolatzailearekin-migel-m-ayerbe-baserritarrak-oso-trixte-ikusten-ditut

ArtikuluakArtikuluak

Etxabe-Txikiko kontrolatzailearekin Migel M Ayerbe: "Baserritarrak oso trixte ikusten ditut"

Manu Urruzola Aranzabe

irudia
Migel Mari esne lagina hartzen.

Mutiko nintzenean, Intxaur-Haundin biltzen ginen jolaserako inguruko baserritakoak eta bertakoak, eta hantxe ikusten nuen bera noizean behin iluntzetan, ikuiluan esne lagin batzuk hartzen. Orduan jakin-mina zenak, orain ere hala jarraitzen zuen eta "Oilategitik" aldizkariak ematen duen aukeraz baliatuz, bere lanbide denaz eta baserriko beste hainbat kontutaz hitz aspertu bat egin genuen ekaineko iluntze frexko batean. Etxabe Txikiko Migel Mª Ayerbez ari naiz.

Bera orain Perualdean bizi da eta hantxe, bere etxean, hartu ninduen gozo. Lehendabizi eta gizalegez, oraintxe urte erdi bat ezkondua denez, ea bizimodu berrian zer moduz galdetzerakoan "oraingoz oso gustora" esan zidan eta benetan, begietan nabari zitzaion hala zela.

Pixkanaka hasi ginen bere lanbideaz hizketan eta 1978ko martxoa izango zela zioen berak hontan hasi zenekoa. Alkizan orduan erretore zen Joxe Agirrek esan omen zion, esnea kontrolatzen, hortan bai bazegoela lana ta bat eta beste... Berak artean 18 urte ez (bi hilabete falta omen zituen) eta Joxek berak eramaten zuen bere kotxez baserrietara. Ta gero gida baimena aterata, bere kotxez gaur arte.

Lan berria zenez, ez omen zuen ikastaro edo ikasketa berezirik egin behar izan, eta pixkanaka ikasten joan zen. Gerora, "GIABEKO" (Gipuzkoako abere kontroladoreak) enpresa sortu zuten 9 lagunen artean eta gaur egun hor jarraitzen du. Migel Mª Tolosaldeko eremuan aritzen da, 24 ikuilutan kontrolak egiten astelehenetik ostiralera, 38-39tan aritu izan omen zen garai batean. Zaldibi, Ataun eta Gaintzan ere ba omen ditu lau ikuilu. Beraien enpresa honek GIFErentzat (Gipuzkoako frisoi elkartea) egiten du lan. Elkarte honetan ere nabaria da ikuilu kopuruaren jaitsiera: gorengo garaietan elkartean 320 ikuilu egotera iritsi ziren Gipuzkoan, gaur egun 150 dira.

Zehazki zertan datzan bere lanbidea galdeginda, elkartearen izenak dioen bezala, abereen kontrolaz arduratzen dira, konkretuki abereen balorazio genetikoaz. Hau da, hilean behin, ikuilu bakoitzeko behi bakoitzaren esne lagin bat hartzen dute, 11 kontrol beraz urtean zehar eta baita ere esne litro kantitatea. Gero, Lekunberriko laborategi batean aztertzen dituzte lagin hauek, bertan esnearen grasa, proteinak, zelulak... neurtzen dira. Emaitza hauen arabera eta behiaren beste ezaugarri fisiko batzuen arabera, behiaren balorazio genetikoa lortzen dute, guzti honek hobekuntza genetikoa duelarik helburu. Berak zioenez adibide bezala, behi bat 100 puntu bada gehienez, eta zezen bat 100 puntu, puntuazio hoietara hurbiltzea omen da helburua, 80 puntura hurbiltzen den aberea oso ona delarik. Helburu hori lortzeko, lorturiko emaitzen arabera, behi bati halako zezenaren umea tokatuko zaio eta beste bati beste batena: HOBEKUNTZA GENETIKOA.

Datuetan murgilduta eta konparazio moduan, 1978. urtean, bera hasi zenean, behi batek 3000-3500 litro esne ematen omen zituen batez beste urtean eta gaur egun 8.500. Berak zioenez, behien alimentazio aldetik eta hobekuntza genetikoaren ondorioz etorri da hazte hori.

Bere lanbidea pixka bat aparte utzita, baserria, esnea eta baserritarren etorkizunaz galdetuta "oso txarra" dela zioen Migel Mª-k eta baserritarrak "oso trixte" ikusten dituela. Izan ere, litro esnea gorengo prezioan izan zenetik 30 pta gutxiago ordaintzen dute eta pentsua orain urte t’erdi baino 15 pta gehiago kostatzen da. Haragiarekin ere berdin pasatzen omen da, orain 20 urteko prezioa ordaintzen diote baserritarrari. Horra errealitatea!

Soluzioaz galdetuta berriz, "orain egin didak galdera zaila" esan zidan eta pixka bat pentsatu ondoren, gutxienez egiten den lana hobetoago baloratzea eskatzen du. Zeren azpimarratzen zidan hemen baserritarrak lan ekologikoa egiten duela eta hori ere baloratu beharrekoa dela. Neuk ere neure iritzia eman nion orduan, gerora ere norbaitek baserria eta lurra lantzen jarraitu beharko duela nioen, janaria lurrak ematen baitu eta ez adreiluak eta makinek. Alkizan bertan adibidea, 3 baserritan bakarrik ateratzen omen da esnea kanpora, Intxaur Haundi, Basatxabal eta Agiñan. Bera 7 ikuilutan kontrolak egitera iritsi omen zen. Atera kontuak.

Ba holaxe ordubete luzez aritu ginen solasean eta baserriak etorkizun koxkorra duela, konklusio hortara iritsi ginen. 1978. urtean Joxe apaizak ikuilura eramateko partez aeroportu batera eraman bahindu, gaur egun hango kontroladore izango hitzen agian. Ederra aldea.

Eskerrik asko Migel Mª.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala