edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Alkizako "kanpotarrak"

Asier Odriozola

irudia
(Unai Sorarrain)

Badira herriak bere txikian kanpotar asko edo dexente jasotzen dituztenak eta badira txiki izanik bere horretan iraun eta bertakoez osatuta jarraitzen dutenak garaiek aurrera eginda ere.

Ez da bata bestea baino hobea. Bi errealitate dira.

Bertakoez bakarrik osatutako udalerriak itxiagoak dira seguru aski, elkar ezagutzen duten pertsonek osatzen dituztenak. Badaki batak bestearen joera, noiz tentatu edo noiz adarra jo diezaiokeen, eta badaki noiz hobe duen pake pakean utzi, auzokoaren umore edo txantxetarako mugak ezagutzen dituelako. Herri borbonikoak direla esan liteke, dena inguru eta jende multzo berean gertatzen denean alegia.

Alkiza bestelakoa da. Pentsatzen dut urtetan, batipat hemengo zenak izango zuela bertan bizitzeko gogo, nahia eta aukera. Baina garaiak modernizatu ahala, inguruko herrietan ez ezik urrunagoko parajetan ere zabaldua da herri txiki, polit eta aldi berean gertukoetara jotzeko moda. Eta moda horrek, edo etxe berri batzuk egin izanak, edo halabeharrak bultzata, hemen gaude, eta ez gutxi, beste inon jaio bai, baina oraintxe bertan sasi-alkizar zenbait. Eta irudipena daukat harrera ona izan dugula gehienok, eta hala nahi izan duenak gainera integratzeko eta bertakotzeko bidea izan duela.

Batzuk hemen geldituko dira betiko, beste batzuk bitarteko geltoki izango dute Alkiza, baina, orain, gaur, denok konpartitzen ditugu herri honen ezaugarriak.

Aldeko gauzen zerrendan, edertasuna, isiltasuna, bistak, sortu eta landu ditezkeen lagunarteak eta bizikletan igotzeko aldapa majoa. Gabezien zerrenda ere badu ordea Asteasu eta Anoeta ogi dituen otartekoak: hain juxtu ere ogia (jakietan oinarrizkoena) erosi ezin izana denda alu bat ere ez dagoelako. Tabernak, bi besterik ez eta bata itxiko ote dutenaren zurrumurruak geroz eta pisu haundiagoa hartu du hara joateko ohitura dugunon artean...

Frontoia ere, hainbeste kirol eta gizarte ekimenen etxe izanik...zaharkitua geratu da erabat, eta hortik ez da gauza onik etorriko, gehienera ere UNESCO bezelako erakunderen batek aintzinatasuna errekonozituko dio, eta erabiltzen dugunontzat hori aski ez ote den iruditzen zait.

Eta horrela doaz egunak Alkizan, bertako eta kanpokoentzat eta baita kanpotik etorritako batzuren parte hartzearekin herrian azken urteotan jaio direnentzat ere. Batzuk harro alkizar direla esanez, beste batzuk, nor bere herrian, mendi gain hartan nola bizi garen azalduz... hemen gustora egon arren, herrimin puntu bat erakutsiz beti ere, alferrik baita, nork bererako joera izaten du erro errotik eta hori azaldu egiten da orain ez bada geroxeago.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala