edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Alkizako azken errotariak

Eduardo Tormo, Alkizako maisu ohia

irudia

Errotek – eiherek - Euskal Herriko kulturan eragin handia izan dute aspaldiko garaietatik. Mende askoren zehar, gure gizartea nekazaritzan oinarrituta egon den bitartean, euskaldunentzat bizimodu, ogibide, familia aurrera ateratzeko modua ere izateaz gain, hainbat istorio, ipuin, amets, poema, abesti,... sortzeko okasioa eman dute. Zeinek ez ditu gordeta gogoan, altxor moduan, aiton-amonek asmatu edo transmititutakoak neguko arratsalde luze, hotz eta umeletan, sutondoan!

Alkizan ofizio horretan aritu ziren azkeneko errotarien bizipen eta oroimenak eskuratzeko nahian, arratsalde euritsu batean lagun batzuk elkartu ginen Goiko Errotan. Bertako etxekoandreak, Arantxa Tapiak, ederki zerbitzatuta, hango txoko goxo eta gogokoan, sutondoan ere, Jazinta eta Pantaleon Aranburu Ugartemendia, anaia-arrabak, Olaa zahar eta Goiko Errotaren azken errotariak, haien anaia – eta laguna - Pello Joxe, Gurutze Asuabarrena eta ni neu solasean ibili ginen mahai inguruan. Anjel Mari, etxeko nagusia, agurtzera ere azaldu zen, lanetik etorrita.

Ondorengoa bertan hitz egin genuenaren laburpen txiki bat besterik ez da, Jazinta eta Pantaleonen oroimen eta Pello Joxeren zehaztasunetatik ateratakoa hain zuzen. Nik idazlan hau osatzeko, bi informazio iturri erabili ditut: Interneteko Jon Urutxurtu eta Pello Joxerenak.

Alkizan bi errota daude dokumentatuta XVI. mendetik gutxienez: Igaran, Arana auzoko Mandabe errekan kokaturik eta Aldapa bailaran kokatutako Egurrola burdinola eta errota (biak desagertuak), Olaa edo Errota Zarra, Goiko Errota eta Errota berria (hau 1926an baja emana).

Olaa eta Goiko Errota 1933. urteko Korpuseko uholdeak suntsitu ondoren, gerrate zibila bukatutakoan, berriz martxan jarri ziren, 1942-1953. urteetan, ofizialki biei 1956an baja eman bazieten ere. Gaur egun Olaa asteburuko erresidentzia bihurtuta dago eta Goiko Errotan berriz Aranburu-Tapia bikotea bizi da. Bi bailaretako errotak Alkizako kontzejuaren eskuetan egon ziren 1810. urte arte. Garai hartan, diruaren premia zela eta, kontzejuak enkantean atera eta pribatizatu egin ziren. Olaa errotei dagokienez, mendearen hasieran Urruzolako Pedro Jose Aranburu Oruezabalek zati bat erosi zuen. Azken maizterra Irurako Marcos Garmendia izan zen, lehen aipatutako 1933.ko Korpuseko uholde ikaragarrien ondorioz hondatu arte. Geroztik, 1936.ko otsailean Urruzolako Mateo Aranburuk erdi zutik zeunden bi errotak erosi, 1941. urtean konponketa lanak hasi eta 1943an Olaa eta Goiko errota martxan jarri ahal izan zituen.

Bizimodua

Urruzolako Aranburu-Ugartemendia familian senide ugari ziren, zortzi anai-arreba, hain zuzen ere. Baserri lanetan arituak, errotan ere ibili ohi ziren. Tamalez aita, Mateo, ezbehar baten ondorioz 1947an zendu zen. Orduan estutasunak! Dena den ama, 1894ean jaioa, kasta gogorrekoa zen eta bere koinatu eta ahizpen anparoan, "gu salbatu ginen, morroi neskame inor joan gabe". Aita Mateo hil zenean, Bentzalaga amaren jaiotetxeko Manuel Mari ilobak lagundu zigun Urruzola eta errotako lanetan. "Gure amak errotaren ondoan izaten zituen oilo eta oilaskoak. Han ibiltzen ziren, artaleak jaten, harritxintxarra aztarrikatzen, erreka bazterrean: tin, tin, tin; orain berdura pixka bat, hurrena garia eta artoa, zizareak errekaren ondoan, eta hola. Ka-karaka-ka oilo bati entzuten genionean, ba, eskua sartu, eta arrautza hartu, momentuko-momentukoa. Ama ostiraletan jaisten zen errotara; ta berak enkargatuta zeuzkan batek oilaskoa, besteak oiloa ta hartu eta zestoan sartu. Oilaskoa hiltzeko momentua, hura zen haren gozamena! Ahateak ere bazeunden errekan bertan, baina horiek gogorragoak ziren. Txituak ateratzen ziren errekaren bazterretan. Eta hor hegatzen ziren, arbolaren gainetik turruuuurruuu errekaraino. Sanoa, oso sanoa bizimodu hura! Eta amak dirua ekartzen zuen. Baina guk sekulan ez dugu patrikan dirurik izan. Inoiz ez. Beharrik ere ez. Amuarrainak eskuz harrapatzen genituen. Butroia ere erabiltzen genuen".

"Garai hartan etzegoen telefonorik, guk ez behintzat. Halere, asmatuta geneukan Urruzola eta Errota Zarraren arteko zerbitzu telekomunikazioa: Txiki errotako zakurra zen zerbitzu hura egiten zuena. Amari zeozer eskatzeko edo berak guri zerbait bidali behar zigunean, paperean idatzi edota marmitaren barruan kafesnea edo sopa beroa bere ogi puskarekin, txakurrari lepoan zintzilika jarri eta guregana bidaltzen zuen. Emea zen Txiki zakurra eta alta aldian bere komeriak egin ohi zituen. Oso azkarra eta leiala gure Txiki"… "Gu baserrian ederki bizi ginen, baserriko lanetan ta hortxe! Beti elkarrekin, lanean, eginez egin behar zena ta hortxe. Guretzako errota artasoro ona zen, egunean ondo lan eginez gero, 40kg. edo gehiago batzuetan ateratzen genuen eta. Artasoro ona, landu gabeko soroa, baina... laka!"

Errotako lanak

"Berriz martxan jarri ahal izateko, Errota Zarrean egin behar ziren konponketa-lanak Ttonttor baserriko Joxe Antoniok, Xoxuak, arotz-hargina artistak, ederki burutu zituen. Bai eta irina errotarritik ateratzean egoki erortzeko eta biltzeko beheko aska bat ere".

"Gure aitak erakutsi zigun errotako martxa. Berarekin hasi eta poliki-poliki guk hartu genuen martxa. Jazinta egunez, ilundu arte neguan (horiek beldurrak batzuetan baserrirako bueltan, arbolen artean! Txiki zakurrari esker batzuetan.). Pantaleon, berriz, gauez ibiltzen zen, egunez berriz etxeko lanetan".

Errotaren funtzionamendua

"Errotako sistema orain esplikatuko dizuet. Ura ekartzeko ur bide bat zegoen prestatuta. Gero bildu egiten zen botanan eta handik eta hodi estuago baten bidez ura, indarrez, joaten zen turtukira zuzen zuzenean. Turtukiak zeukan lotuta, koginete baten bidez, burnizko ardatz bat goiko aldean errotarriekin lotzen zena. Horrek mugiarazten zuen goiko harria. Beheko harriak berriz bazeuzkan kanal txiki batzu, behin irina egin eta gero atera ahal izateko. Arto edo gari aleak botatzeko harrien gainean zeukan sistema bat banan, banan aleak pasatzen uzteko. Bi errotena, berriz, diferentea zen. Batek tlak-tlak-tlak (nahiko azkar) eta Errota zaharrenekoak tlaka-tlaka-tlaka, mantsoago; baino gero irina finago ateratzen zuen. Zakarrago nahi baldin bazenun azkarra; finago, berriz, mansuago joaten zena zen".

"Errotako lanak gogorrak ziren, batzuetan. Askotan ekartzen zuten arto zikindua, lokotxa eta arto bizarra zatiekin. Orduan itxi egiten zen zuloa eta hasten zen ttak, ttak, ttak. Garbitu behar zen hura. Jeiki eta konpondu. Eta berriz etzan. Artoa betidanik egiten zen hemen eta garia ere. Garia rusoa, goiz garia. Gero artoa egiten zen urte osoan zehar. Nongoak ziren bezeroak? Ba gehienak Alkizakoak. Zizurkil, Adunatik ere bai. Asteasutik asko; Larrauldik denak. Errezil, Anoeta, Azpeititik ere azaltzen ziren. Urte osoan zehar ekartzen zuten artoa zein garia".

"Asto edo abereen gainean ekartzen zituzten. Txalmaren gainean. Goitik behera heltzeko, azpitik, aurretik eta atzetik lotuta, karga ez aurreratzeko eta alderantziz. Laka ehuneko hamarra zen. 50 kiloko zakua ekarri eta guk 45 kilo irin bueltatu. Erabat legala zena. Tranpa gutxi, beraz, nahiz eta errotariek fama txarra izan".

Ze kantitate egiten zenuten egunean? "Hiru bat zaku gauez eta egunez zertxobait gehiago. Batzuetan; beste batzuetan gutxiago eta hola. Gau batean aska betetzeko modukoak. Batzuk etortzen ziren Errezildik, Zelatun-etik barrena. Eta haiek nola joan behar hutsik? Ba, bertan gelditu. Orduan gure amak prestatzen zien afaria eta gurekin, errotan bertan, afaldu eta kuluxka egiten zuten, bukatu arte".

"Aleak neurtzeko kaxak ere bazeuden errotan: Lakaria, 3 kilokoa eta Gaitzerua. 12 kilokoa, biak edukiaren arabera. Irina egoki, fin, ateratzeko, errotarriak pikatu behar ziren noizbehinka. Artoa ehotzean egiten zen pasta garbitu behar zen derrigorrez. Hartarako errotarriak atera eta pikatu behar izaten genituen. Bere lana ematen zuen, ez pentsa! Nik (Pantaleon) joan behar izan nuen Pello Errotarengana lan hori egiten ikastera. Berak irakatsi zidan ederki asko".

Eta zer egiten genuen lakarekin? "Ba, guk irina eramaten genuen etxera. Eta gero aitak Asteasuko bankura, Albino Iraolaren jatetxera eta... Albino hau zen Pello Errotaren koinatua. Eta nola zen jatetxe ona eta nola jende diruduna zen, ba... hara eramaten zuen gure aitak irina saltzera. 100 kg., 150 kg. bakoitzean. Iluntzean eramaten zuen, noski, guardi zibilei beldurragatik. Guardia zibilak, bikoteka, noizbehinka errotan azaltzen ziren, miatzera. Bai eta artasorotan ere izaten ziren zakuak, kamuflatuta. Arrisku handia zen, estraperlon ibiltzea".

Agurra:

Pantaleonek Pello Errotaren ondorengoekin errotarria pikatzen ikasi zuenez, Txirrita eta Pello Errota bertsolarien bi bertsorekin amaituko dut.

TXIRRITAK

Bost alper mantentzeizkik
errotako trankak,
doblatuan kenduaz
zakuari lakak.
Jazten ditukanian
deabruen prakak,
inpernuko atetan
ai zer mutur jokak,
Pello, ixtillu gorrik
ikusteko dauzkak

PELLO ERROTAK

Laka kontua nai dit
iri adierazi:
lengo lege zarrian,
anegako zortzi.
Gaiñerakua, berriz,
jabeari utzi;
Pellok ez dik zakuan
pixurik jetxi.
Zerua nai duenak
lapurreta gutxi.

Dena den, gure herriko historiaren ondareak, errotak, karobiak, elurzuloak, baserriak, harresiak... direla eta, hobeto ezagutu eta preziatuko bagenituzke, etorkizuna gure historia luze eta zaharraren ildotik egokiago eta kontsekuenteago jarraituko genukeelakoan nago. Hor dugu erronka eta beharra aldi berean, agian.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala