edukiak
edukiak

EskolaEskola

Ongi etorriak eskolara!!!

irudia

Jakingo duzuen bezala Alkiza herria hazten ari da eta eskola berarekin batera. Aurtengo ikasturtean 6 ume berri matrikulatu dira Herriko Eskolan! Beraz, hiru gelako eskola izan beharrean lau gelekin osatuta egongo da. Guztira 42 ume izango dira eskolatuak oraingoan. Bejondeigula!!

Pianoa opari eskolarentzat!!!

Herritar askok jakingo duzuenez, aurten eskolari balio oso handiko pieza bat oparitu zaio: piano eder bat! Eta gainera egoera onean eta afinatuta dago. Dagoeneko hasi gara pianoa erabiltzen. Extraeskolarretako musika saioetan umeak eta hain umeak ez direnak hasi gara pianoa jotzen eta ikasten. Izan ere, instrumentu eder honi etekina ateratzen hasita gaude. Orain lerro hauetan eskertu nahi diegu ermita bidean bizi diren Harry eta Mariajeri gurekiko izan duten begirunea eta borondateagatik. Bikote honen nahia, “pianoa herritarren eskuetan geratzea”, bete da eta bihotz bihotzez eskertzen diegu halako oparia egin izana! Atsegina da ikustea oraindik ez dela zoritxarreko dirua bakarrik agintzen duena gizartean, baizik eta elkartasuna eta umildadea ere, bizirik daudela.

Piano eder hau
gutzat zorionez
mila esker benetan
diogu bihotzez
Soinu politak atea
zuen omenez
entzun dezazute
abesti hau pozez

Totema, “Etxe animaliak”

Aurten, Alkizako Koldobika Jauregiren eskutik proposamen berri bat iritsi zitzaigun eskolara: “eskulanetako arloari sormen artistikoa ematea”. Gurasoek, jakinaren gainean ipinita, lanari ekin genion, eta herriko txokoren batean ikusgai egoteko “totem” bat egitea pentsatu genuen.

Hasieran, marrazkiak egin genituen, lehenengo pausoa buruari astindu bat ematea izan zelarik, ostean pentsamenduaren irudikapena orri batean marrazki baten bidez azaldu genuen. Ondoren, guk aukeratutako materialarekin irudi horri bolumena eman genion. Erabilitako materialak, besteak beste, kartoia, jogurt poteak, botoiak, alanbrea, galtzerdi zaharrak, zintak etab izan ziren. Eskulan honek material desberdinekin lan egiteko aukera eman zigun. Eskultura oso kuriosoak atera ziren: etxea, sugeak, izurdea, txakurra, zezena,…. ARTISTA BILAKATU GINEN!!!!

Hurrengo helburua talde lanean oinarritutakoa izan zen, bakoitzak sortutako lanarekin guztion arteko eskultura erraldoi bat osatzea, hain zuzen ere. Handien eta ertainen gelakoak elkartu ginen totem hori osatzeko. Guk egindako gauzak itsasten hasi ginen kola berezi batekin eta Koldobikaren laguntzarekin. Hasieran itxura kaxkarra zuela iruditu zitzaigun arren, saioa bukatzerako oso forma polita eman genion.

Hurrengo erronka, eskolan sortutako eskultura hura sendoagoa eta iraunkorragoa izan zedin, Koldobikaren eskutik etorri zen. Maketa bere tailerrera eraman zuen poliesterrarekin bukatzeko eta egia esan, bueltan etorri zen totemaren aurrean erabat harrituta geratu ginen.

Azkenik, margoak eta brotxak hartuta, margotzeari ekin genion. Kolore desberdin asko erabili genituen, nahasketak egiten ere ikasi genuelarik, esaterako, morea, marroia…

Bukaeran pazientzia handiz burututako lanaren fruitua aurrez aurre genuen. Oso pozik eta ase geratu ginen denok, ikaragarri polita eta bizia zelako gure totema. Totema herriko txoko batean kokatzea pentsatzeaz gain, guztion artean zaintzeko konpromisoa ere hartu genuen. Udaletxeko oniritzia eta baimena lortutakoan, egiteko bakarra, “animalien etxea” inauguratzea zen. Eta halaxe izan zen, Totema Etxaburu etxaldetako bidezidorrean ezarri genuen. Egun horretan gurasoek alaitutako giroa eta hamaiketakotxoa lagun, azken emaitza alkizar guztien begi bistan gelditu zen!

Alkizako eskola txikiarentzat horrelako ekintzak oso esanguratsuak bihurtzen dira gurasoak eta herritarrak ere parte hartzaile zuzenak bihurtzen direlako. Azken finean funtsezkoena, denon eraginez, Alkizako eskola herrikoia eta irekia dela ohartzea izan da. Ahal den neurrian eta lerro hauetan deskribatutako ekimenaz aparte, beste zenbait alorretan ere, eskola honek herriarekiko duen konpromisoa eta partaidetzarekin jarraitzeko pronto gaude.

Besterik gabe, esker mila guraso, herritar, irakasle eta ikasle guztioi talde lanean sinisteagatik!


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala