edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Xabier Artola: “Betidanik gustatu izan zait hizkuntzarekin jolastea”

Lorea Agirre

irudia
© Lorea Agirre

Euskarazko itzulpenak egiteko edota euskarazko testuak zuzentzeko programa automatikoak egitea duelako lanbide, batetik, eta ipuinak idaztea gustuko duelako bestetik, Xabier Artola hizkuntzaren bueltan dabil egunero; jolasean, berak dioen legez. Lanbidez informatikaria da, eta literatura du afizio. Betitik idatzi izan badu ere, orain hamahiru bat urte hasi zen ipuinak osatzen, eta horrekin batera literatur sariak irabazten. Azkena berriki jaso du: Donostia Hiria saria, eta Alberdania argitaletxearen babesean libururatuta argitaratu du 'Deception island' ipuina. Lagunak Himalayan istripu larria izan duen neska bat du protagonista ipuinak. Orain artean idatzi dituen ipuin guztiak (azkena izan ezik) liburu bakarrean biltzeko asmotan dabil orain.

Literatura ez du, hala ere, afizio bakar: Alkizan nork ez du ikusi argazkiak egiten? Horrekin ere argitalpen bat du martxan: 80 bat argazkiko liburu bat kaleratuko du aurki, Ikilin, iaz egin zen txondorra gai hartuta. Beraz, aurten hiru libururen bueltan dabil. Ez da marka txarra. Aitortu daitekeen beste afizio bat ere badu: bizikletan ibiltzea. Urtean 3.000 bat kilometro. Ez omen dira asko, “denbora mugatua baita dena fundamentuz egiteko”, Artolaren hitzetan.

Nondik nora informatikari bat literaturan?
Bai, badirudi beste mundu batean bizi garela. Beno, niri beti gustatu izan zait asko literatura, asko irakurri izan dut. Niretzako betitik idatzi dut, eta idazten dut, oharrak eta horrelakoak: koderno pila bat ditut hortik oharrez josita. Orain 12-13 urte idatzi nuen ipuin bat osoa lehen aldiz, hasieratik bukaerara, eta lehiaketa batera bidali nuen.

Ze izen zuen?
‘Latitudea’. Eta sari bat irabazi zuen gainera, eta hortik animatu nintzen. Baina oso produkzio txikia daukat. Hamar bat ipuin 12-13 urtetan ez da asko.

Urtean bat gutxi gora behera?
Bai.

Eta, sariketa mordoxka bat irabazi duzu?
Bai.

Eta horrek zer sentsazio ematen dizu, ipuin bat idatzi eta saritua izan. Literaturaren sistematik kanpo egonda, sariketek laguntzen al dute?
Sistema horretan sartzeko modu bat da. Hasieran erabat inseguru sentitzen zara. Pentsatzen duzu idazten duzunak ez duela ezer balio. Eta orduan zer egingo duzu? Nik bide hori hartu nuen. Lehiaketa batera bidali, eta jende horrek esaten badu zer edo zer balio duela, ba aurrera.

Eta lehenengo ipuin hartatik hamar bat egitera iritsi zara. Ze bilakaera dago bide horretan? Ze gai tratatzen dituzu? Giza harremanak gehien bat, beharbada?
Bai, nik uste dut baietz. Ukitu ditut beste gai sozialago batzuk ere, baina batez ere nik uste dut harremanak daudela ipuin horietan guztietan. Eta bilakaera? Ba ez dakit. Ni saiatu naiz forma aldetik oso ipuin desberdinak egiten eta ia denak hala direla esango nuke. Narratzailea batzuetan lehen pertsonan dago, bestetan bigarren pertsonan, narratzaile orojakilearekin ere egin ditut. Ez dakit, oso egitura desberdinekoak dira. Uste dut gehiago izan dela estiloarekin esperimentatzea.

Eta gaiak nola aukeratzen dituzu? Nondik? Zergatik? Zerbait berezia esan nahi izaten duzu?
Nik uste dut beti esan nahi duzula zerbait. Gai batzuk bizitza pertsonaletik hartzen ditut eta beste batzuk kezkatzen nauten gaiak dira.

Literatura errealista egiten duzu, beraz.
Bai uste dut baietz. Errealista da, bai.

Esan duzu irakur zalea beti izan zarela. Nondik jan duzu? Zer gustatzen zaizu?
Euskal literatura bastante irakurtzen dut eta izenak, bada, betikoak: Koldo Izagirre bat asko gustatzen zait, eta Atxaga, eta Anjel Lertxundi. Kanpokoak ere irakurtzen ditut, baina hori bai, beti joaten naiz jakinaren gainean. Jendeak esaten badu 'El Codigo Davinci' oso ondo dagoela, ba ez naiz irakurtzera joango hamar urte pasa arte, seguru egon arte ona dela. Argi daukat ez dagoela denborarik dena irakurtzeko eta ondo aukeratu behar da. Erreferentziak hartzen ditut handik eta hemendik, norbaitek komentatzen du ondo dagoela eta horrela joaten naiz. Ipuinak asko irakurtzen ditut: Hemingway bat, Iparramerikako batzuk ere asko gustatzen zaizkit, John Cheever, Raimond Carver eta horrelakoak. Nobelak gutxiago irakurtzen ditut, hemengoak kenduta. Ikusten duzu, pixka bat denetik.

Normalean zure ipuinetan zer zoaz historia bat hasi eta bukatzera, edo beste zerbait kontatzera, diot Carver aipatu duzulako, eta Carverrenak justu ez hasi ez buka, gehiago aldarte bat kontatzen duten ipuinak direlako.
Horiek irakurtzen ditut baina ez dut uste estilo horretakoa naizenik. Ipuin bakar bat dut agian gogora arazten duena horien estiloa. Normalean istorio bat dut buruan. Hasi nintzenean gehiago gainera, oso garbi neukan istorioa zein zen hasieratik bukaeraraino. Eta, igual, azkeneko hauetan hasiera bai eta bukaera ere bai, baina igual ez neukan hain garbi nondik joango zen istorioa. Azkeneko honetan harrituta geratu naiz, batzuetan entzun izan diet idazleei esaten pertsonaiak eramaten zaituela eta nik ez nuen hori asko sinesten, lehen oso karratua nintzen alde horretatik, eta igual bai, igual egia da hori batzuetan gertatzen dela.

Noiz idazten duzu? Noski, lan orduetatik kanpo?
Desastre bat naiz horretan. Asteburuetan eta horrela. Batzuetan gauez… Egia esan zerbaitekin nagoenean pixka bat obsesionatuta ibiltzen naiz eta denbora asko ematen diot. Baina gero pasa ditzaket lau edo bost hilabete ezer idatzi gabe; nire oharrez aparte, ordenagailuaren aurrean jarri gabe ezer idaztera. Alde horretatik ez naiz batere diziplinatua, nola esaten duten egunero idatzi behar dela, eta inspirazioak bat lanean harrapatzen duela eta hori dena? Alde horretatik desastre bat naiz, idazte kontuarekin behintzat, eta batez ere argazki digitalarekin hasi naizenetik desastre handiagoa, ze horrek bai kentzen didala denbora pila bat.

Lanean irakasle zara, informatika irakasle EHUn. Pentsatzen dut ordu asko emango dituzula ordenagailu aurrean.
Denak.

Hala ere desberdina izango da lanerako ordenagailu aurrean jartzea edo literatura egiteko jartzea, ala?
Bai desberdina da. Ez dute harreman handirik. Lanean artikuluak eta horrelakoak idazten ditut eta alde horretatik izan dezake harremana. Egia da niri asko gustatzen zaidala hizkuntzarekin jolastea, betidanik gustatu izan zait.

Eta hori zure lanaren parte ere bada?
Bai, idatzi egin behar izaten delako eta ikerkuntza alorrean ere hizkuntza kontuarekin aritzen naizelako.

Ixa ikerketa taldeko kide zara eta hor hizkuntzaren tratamendu automatikoan diharduzu. Zer da zehazki egiten duzuena?
Gauza asko sartzen dira hor. Ezagunena itzulpen automatikoa da. Hau da hizkuntza batetik bestera automatikoki itzuli ahal izateko programa informatikoa. Horretarako gauza asko egin behar da lehenago. Hizkuntza bakoitzean oinarrizko tresna batzuk behar dira. Xuxen bat (euskararen zuzentzaile automatikoa) posible baldin bada da zerbait dagoelako atzean, gurea bezalako hizkuntza batean ezin delako zuzendu hitz zerrenda baten kontra konparatuz, eta hor hizkuntzaren analisi morfologiko automatikoa eta horrelako gauzak egin behar dira.

Alegia, hizkuntza ondo ezagutu behar dela, oso sakonetik.
Bai, hala da.

Eta horrek lagundu al dizu literatura egiteko garaian?
Igual bai. Gainera informatikan hasi aurretik euskara irakasle ibili nintzen Irale-n, bost urtez. Beti ibili naiz hizkuntzaren inguruan. Eta bai, hizkuntza bera hobeto ezagutzea bai ekarri didala.

Zure ipuinetan, gauza bat da istorioa, bestea estilo aniztasuna, hizkuntzari ze garrantzi ematen diozu?
Bai, garrantzi handia ematen diot. Batzuetan iruditzen zait gehiegizkoa eta dena, horrek lotu egiten nauela gauzak adierazteko garaian.

Nola da hori?
Ba, ez dakit, ez dut esango oso purista naizenik lexiko aldetik baina sintaxi aldetik beharbada bai. Adibidez, gaur egunean kokatutako istorio batean ez dugu hitz egiten dena zuzen, badakigu denok nola hitz egiten dugun, sintaxia erdarakadekin oso kutsatuta dago eta hori ipuinetan ez da geri. Alde horretatik begiratuta beharbada ondoegi idazten saiatzen naiz eta horrek freskotasun pixka bat galdu arazten dit.

Azkenengoa hitanoz idatzi duzu.
Oso istorio intimista da eta protagonista emakume bat da. Bere barne ahotsa da narratzailea eta pentsatu nuen bigarren pertsona horretan idaztea, barne ahots horrek bere buruari hitz egingo balio bezala, eta iruditu zitzaidan hika hitz egitea zela hurbilena.

Ipuina publikatu dizute, oraingoan argitaletxe ezagun batean eta horrek beste zabalkunde bat eta beste bisibilitate bat eman dizu. Nola bizi izan duzu hori?
Bai, hau argitaletxe normal batek argitaratu du eta liburu normal modura ipuin bakarrarekin. Ondo sentitu naiz. Sentsazio berri bat izan da. Beste sari bat da ipuina liburu bihurtuta ikustea. Eta kezka pixka bat ere bai, gehiago zabalduko delako. Oraintxe hasi naiz prentsako kritikak irakurtzen eta beste mundu bat da. Beste dimentsio bat hartzen du denak.

Sariketako argitalpenak oso bazterrean geratzen dira udaletxe edo erakunde batek ateratzen dituenean.
Bai, hala da. Lehiaketetan normalean bilduma moduan argitaratzen dituzte eta gainera erakunde antolatzaileek, eta desberdina da oso. Tene mujika irabazi nuenean ez nuen ikusi kirtika bat bera; ez zitzaidan gertatu "aizu hau irakurri dut ez dakit non erosita" entzutea. Gainera gure artean jendeak ez du asko esaten. Euskaldunak horretarako uste dut bereziak garela, ez txalo egiteko eta ez kontrakoa egiteko, ixilik gelditzen gara. Ez bazaio gustatu ez zaiolako gustatu, eta gustatu bazaio gustatu zaiolako…

Zure ipuinen bilduma bat aterako duzu orain, ez al da hala?
Esan banuen esan nuen! Orain dela zazpi urte, Tene Mujika irabazi nuenean, Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek esan zidan bidaltzeko nuena. Eta ez nuen ezer egin. Orain aukera berriro sortu da, baina aurretik egin egin behar dut.

Egin zer?
Ipuin denak gainbegiratu: ez zaizkit batere agustatzen orain. Hasten naiz irakurtzen eta pentsatzen dut "baina zer da hau?" Ez ditut gehiegi ukituko halere, bestela ez dut sekula egingo. Baina bai, piska bat ukitu behar ditut, hizkuntza aldetik orraztu eta horrela. Astesantuan aritu naiz horretan; lauzpabost begiratu ditut, eta bete bizpahiru geratzen zaizkit.

Aurten aterako da, beraz?
Ez dakit. Ea bukatzen dudan. Ze orain zazpi urte ere esan nuen baietz, inprimatu nituen eta han gelditu ziren hautsa biltzen, ez nituen irakurri ere egin.

Eta beste liburu bat ere baduzu argia ikustear, argazki liburu bat hain zuzen.
Bai, horretan ari gara.

Zertan da proiektu hori?
Herriko proiektuetan argazkiak egiten ibili naizenez, okurritu zitzaidan niretzako bilduma bat egitea. Orain, badakizu, argazkiak ordenagailuan geratzen dira, eta hori pixka bat absurdoa da ze ez dituzu ikusten. Lehen ere ez nituen inprimatzen, diapositibak egiten nituelako, baina gutxienez batzuetan ikusten zenituen proiektatuta. Ordengailuarekin ere egin dezakezu gauza bera, baina hainbeste argazki pilatzen dira orain sistema digitalarekin… Hori dela eta bilduma bat egin nuen eta bilera batera ekarri; jendeari asko gustatu zitzaion eta udaletxean aurkeztu eta kopia batzuk egin behar zirela erabaki zen, honek eta hark nahi zuela, eta hasi ginen pentsatzen kopia horiek egiteko gastatu behar zen dirua kanpora bidali beharrean igual hemen inprimatzeko aukera bazegoela. Eta horrela izan zen. Koldobikak animatu ninduen liburu moduan ateratzera.

Argazkilaritzan noiz hasi zinen? Hori askoz lehenago kontua da, ezta?
Bai, bai, hamabost bat urterekin. Institutuan banuen lagun bat hortan asko ibiltzen zena, eta harra sartu zigun lagun batzuri, eta geroztik betidanik egin ditut argazkiak.

Ze harreman dute zure ipuinek eta argazkiek? Kutsatzen al dute elkar? Argazkilaritzak badu eraginik ipuinak idazterakoan, deskribapenetan, eszenak planteatzerakoan?
Bai, beharbada bai. Argazkiak eurak askotan aipatzen dira ipuinetan. Horretaz gerora konturatu naiz. Azkenengo honetan bertan ere bitan aipatzen da argazkia. Argazkien deskribapenak ere badaude. Idatzi nuen lehen ipuinaren titulua ere argazkigintzako kontzeptu bat da: latitudea, nahiz eta gero harremanen kontua lantzeko metafora gisa erabiltzen dudan. Bai, argazkigintza presente dago ia ipuin guztietan.

Eta teknika literarioan?
Ez dut gehiegi pentsatu hortan. Ipuinen batean eszena batzuk kontatzen dira argazkiak balira bezala, eta zenbait gauza kontatzeko argazkiak deskribatzen dira. Hori egia da.

Argazkilari sentitzen zara?
Argazkiak egiten ditut. Eta idatzi berdin, idatzi egiten dut, eta informatika ere berdin, estudiatu egin nuen. Etiketak ez zaizkit asko gustatzen.

Zure beste afizio bat, hemen ezaguna, txirrindularitza da. Zenbat kilometro urtean?
4.000tik gora oso gutxitan. Ez da asko hori. Denbora asko behar da. Denbora gehien kentzen duen kirola dela uste dut.

Kirol bezala egiten duzu edo?
Bai.

Baina zerbait gehiago ere bada, ala? Lekuak ezagutzeko modua, ezta?
Bai, bai, Astesantutan lagunak joaten gara alforjak hartuta hango eta hemengo txokoak ezagutzera. Baina hemen egiten dudana kirola da.

Eta bizikletan alforjekin zoazenean, turismo egiten, seguru foto mordoxka egingo duzula.
Bai hala da.

Eta literaturarekin badu loturarik?
Beno, ipuin bat badago txirrindularitzari buruzkoa. Baina alforjekin joaten diren txirrindulariak baino Quebrantahusesos tipoko proba batera doazen hiruren istorioa da eta hor gertatzen diren harremanak kontatzen dira.

Beste ipuinik buruan?
Bakarren bat badago erdi hasita baina utzita aspaldi. Orain nahiko nuke bilduma hori osatu eta ea argitaratzen den. Beldur piska bat ematen dit, ez pentsa.

Zergatik?
Ez dut inoiz izan argitaratzeko behar hori, batzuk izaten dutena. Lehenengo ipuina lehiaketara bidali nuen inori irakurtzeko eman gabe. Jendeak ez zekien bidali nuenik, ez idatzi nuenik ere. Ezta hurbilenekoek ere. Geroztik bai, bakarren bati uzten diot aurretik irakurtzeko, eta sariren bat jasotzen badu ematen diot jendeari irakurtzeko. Liburua argitaratu eta gero zer etor daitekeen beldur piska bat ematen dit. Aurkezpenak ere ez zaizkit gustatzen eta argitaratuz gero hortik pasa beharra dago.

Zergatik idazten duzu?
Zergatik idazten dudan? Nolakoak garen hobeto ezagutzeko, nire burua ere hobeto ezagutzeko eta batzuetan bestela adierazten ez ditudanak ateratzeko. Oso hiztuna ez naiz eta uste dut beste eskape batzuk behar direla gauza batzuk esateko.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala