edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Tomax musikaria

Uxue Etxebeste

irudia
Tomax gitarra jotzen bertso afarian. Xabier Artola

Aurtengo festak ate joka ditugu eta badugu gure artean Alkizako festak girotuko dituen gazte bat, Tomax Lizardi, alegia. Itxuraz lasaia dirudien arren, ez da geldirik egotekoa. Txikitan dinosauru eta komiki zale amorratua zen. Gaur egun, ordea, baditu beste zenbait zaletasun, hauetan aipagarriena musikarena da, hiru taldeetan jotzen baitu.

Nondik dator musikarekiko zure zaletasuna?
Txikitatik dut zaletasuna. Hamar urterekin Billabonako musika eskolan hasi nintzen Uxue eta Mikelekin. Gustua hartu nion, ondo moldatzen nintzen eta.

Ze instrumentu jotzen duzu?
Gitarra, baxua, mandolina eta txirula, noski!

Gustuko taldeak?
Niretzat hoberena Berri Txarrak da, bestela denetik entzuten dut, boladak izaten ditut. Bakarlariak baino, taldeko musika nahiago dut, elektronika musika estiloa da gutxien gustatzen zaidana.

Noiz hasi zinen ikasten eta zergatik aukeratu zenuen instrumentu hori?
Seigarren mailan hasi nintzen hamabi urterekin gitarra jotzen, instrumentu bat aukeratu behar genuen eta. Hasieran saxofoia jo nahi nuen, nire lehengusinak bezala. Ondoren, biolina eta gero pianoa. Oso garestiak ziren eta etxean gitarra bat genuenez, gurasoek esan zidaten harekin hasteko, eta geroago hasiko nintzela beste instrumentu batekin nahi banuen, baina azkenean gitarra gustatu zitzaidan.

Iruditzen al zaizu edonork ikas dezakeela instrumentu bat jotzen? Ez al da belarri ona behar?
Dena landuz lortzen da, praktikarekin eta ahaleginduz, alegia. Hala ere, garrantzitsuena edozein instrumentu jotzen ikasterakoan, ikasteko gogoa dela iruditzen zait. Baina, berezko dohaina izanez gero emaitzak errazago lortzen dira.

Zein taldeetan jotzen duzu? Eta taldeen ezaugarriak?
Oinkari dantza taldean, 3gabe2 taldean baxua jotzen dut. Kantuki berbena taldean gitarra jo eta batzuetan kantatu ere egiten dut. Oinkari, Billabonako euskal dantzen taldea da, herrietan jardunaldi ezberdinak egiteko deitzen digute. Gainera, Euskal Herritik kanpora ere ibili gara Oinkarirekin, udan adibidez Frantziara goaz. 3gabe2 berbena rockeroa deitzen diogu eta bertan bertsio ezagunak egiten ditugu, bai kanta euskaldunak (Berri Txarrak, Lau Teilatu, Maixa eta Ixiar,...) eta baita kanpokoenak (Ramones...) ere. Kantuki berriz, berbena tradizionalagoa da, gehien bat euskal kanten bertsioak (Ken7, Gozategi,...) egiten ditugu, berezitasun bezala esan zortzi musika tresna ezberdin daudela taldean.

Nolatan hasi zinen talde hauetan jotzen?
Oinkarin Loatzo musika eskolaren bidez. 3gabe2 taldean ordezkoa bezala sartu nintzen eta ondoren baxu joleak utzi eta ni hartu ninduten. Kantuki Oinkaritik sortu zen Murtziara eginiko bidaia batean.

Kontzertu asko eman al dituzue?
3gabe2rekin hogeita hamar inguru, 2006an sorturiko taldea baita eta Kantukirekin gutxiago lehengo urtean sortu baitzen, hamar kontzertu inguru eman ditugu. Hala ere, udan kontzertu ugari ditugu bi taldeekin.

Kontzertuak nola lortzen dituzue?
Hasieran, eskatu egiten dira kontzertuak kontaktuen bitartez. Ondoren, jendeari gustatzen bazaio dei batzuk jaso eta horrelaxe ibiltzen gara alde batetik bestera autoa kargatuta.

Zer ematen dizuete kontzertuen truke?
3gabe2n beti ematen digute afaria eta garraioa eta tarteka dirua ere bai. Kantukin ekipoa dela-eta, dirua eskatzen dugu.

Ikasketak, lagunartean ibili, neskalaguna eta lana. Nondik ateratzen duzu denbora?
Ahal den lekutik, batzuetan leku batetik kentzen dut eta beste batzuetan beste batetik.

Alkizan jotzeak zer suposatzen du zuretzat?
Etxean jotzea, era berean lehenengo kontzertua hemen ematea oso polita da, oso familiarra. Gainera ikusleek asko laguntzen digute kontzertuak aurrera ateratzeko garaian, eeh Yuyu?

Ez al da gehiegitxo izango zure herriko festetan bi kontzertu egitea? Parrandarako denborarik izango al duzu?
Aah! ni parrandan egongo naiz hor gainean nagoenean, besteekin batera, eszenario gainean oso ondo pasatzen baitut.

Zer sentitzen duzu eszenario baten gainean zaudenean?
Talde lan baten emaitza dela sentitzen dut. Esan beharra daukat oso gustura sentitzen naizela eszenarioaren gainean bai taldekideekin, bai ni neurekin eta baita ikusleekin ere. Ikusle eta taldekideen interakzio hori oso polita da, harreman estua sortzen baita.

Gaur egun ze musika talde entzuten da festetan gehien?
Herriko festetan berbenak indar handia du, baina berbena taldeek jendea girotzen jakin behar dute. Tabernetan ordea, indar handiagoa dute modako musikek.

Anekdotaren bat kontatzeko?
Askotan ezusteko ugari pasa zaizkigu kontzertutan. Adibidez, Zumaian argia joan eta ordu betez egon ginen ezin genuela jo. Beste batzuetan berriz, jende xelebre ugari igotzen zaigu eszenariora eta hauek jaitsaraztea ez da batere erraza egiten. Alkizako festetan ere urtero izaten dugu ezustekoren bat....

Tomaxen taldeak

Talde hauen inguruko informazioa honako web-guneetan bila daiteke:


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala