edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Santiago bidea behor gainean

Jose Ramon Aranburu Arruti

irudia
Andoni eta Unai, Argi eta Bikitxu behorren gainean, Santiagon.

Pentsatzen dut beste herritarren batek ere bide hau egin duela, baina niri harrigarria iruditu zitzaidan “Garroko Andonik” egin zuen ibilaldia. Bera abenturazale amorratua da, noski gehienak bere zaldiarekin egiten ditu. Oraingoan zaldiz egin du Santiago bidea kosta aldetik. Egun batean berarekin topo egin eta bere asmoak kontatu zizkidan eta harrituta geratu nintzen. Horrela, elkar ikusten genuen bakoitzean galdetzen nion ea nola zihoan bere asmoa.

Bidaia egin ostean, berarekin solasean jarri, eta honako galdera hauek egin nizkion:

Nola eta noiz burutu zitzaizun honako ideia hau?
Duela 2 urte bazkaloste batean nire lagun Unairi esan nion: “¡Oye, tenemos que hacer el camino de Santiago a caballo¡ ¿Qué te parece? Vale, vale” erantzun zidan. Unai bera ere oso abenturazalea da eta ez zuen dudarik egin baiezkoa ematerakoan. Horrela hasi zen gure asmoaren antolaketa.

Zer moduz hartu zuten albistea etxekoek?
Oso ondo, asko babestu eta animatu gintuzten. Noiz irten zineten Santiago aldera? Uztailaren 23an abiatu ginen Igeldotik. Ni eta nire behorra “Argi” eta Unai bere behorra “Bikitxu”-rekin.

Zenbat egunetan egin zenuten bidaia?
20 egunetan egin genuen bidaia, 780 kilometro. Egunean 55 bat kilometro, hamar bat ordutan.

Kontaiguzu nolakoa zen zuen eguneroko egitaraua
Seiak aldera jaiki, garbitu, freskatu, ura eta jana eman zaldiei, guk gosaldu, denda bildu eta zazpiak aldera abiatzen ginen. Bost bat ordu egiten genituen jarraian, pixka bat deskantsatu eta bazkaldu ondoren berriz bidaiarekin jarraitzen genuen, iluntzeko zortziak aldera arte . Ondoren iritsitako herrian denda montatu, behorrei hankak begiratu, laztan batzuk egin, janaria eta ura eman. Gero guk afaldu eta deskantsatu egiten genuen hurrengo goizerarte. Normalean guk eramandako dendan egiten genuen lo. Gu iristerako, normalean albergeak beteta eta lekurik gabe egoten ziren, eta guztiak ez zeuden prestatuta animalientzat.

Gogorrak izaten al ziren egunak?
Bai, oso gogorrak. Kostako bidearen parte handiena asfaltozkoa da eta behorrak ikaragarri sufritzen zuten; askotan jota bukatzen zuten.

Zeintzuk nekatzen ziren gehien, zuek edo behorrak?
Denok nekatzen ginen asko, bai gu eta baita behorrak ere, ordu asko dira eta bidea ez da egokiena honelako animalientzat.

Zein izan zen etaparik gogorrena?
Bilbotik Oviedoko probintzia pasa arteko etapak izan ziren, dena asfaltozko bidea zelako. Behin Lugoko probintzia pasa ondoren, askoz hobeto ibili ginen, bai gu eta baita behorrak, handik bukaera arte dena pista bidea zelako.

Jende asko ezagutu al zenuten bidaian?
Bai, jende asko ezagutu genuen eta gehiena leiala eta oso jatorra, han denak berdinak direlako.

Eguraldia lagun izan al zenuten?
Bai, normalean egun onak izan genituen, baina egun bare batean euria egin zuen eta nahiko bustita ailegatu ginen gure helmugara, baina suertea izan genuen, albergeak bete gabe zeuden eta lekua izan genuen goxo-goxo lo egiteko, bai guk eta baita gure behorrek ere.

Nolakoa izan zen Santiagora iristeko momentua?
Oso, oso ona, ez dugu ahaztuko. Abuztuaren 14an ailegatu ginen Santiagora eta harrera ezin hobea izan genuen, familiarekin elkartu ginen berriro, 20 egun pasa eta gero beraiengandik urruti. Denok pozik eta oso zoriontsu, bidaia bukatu zelako eta berriro denok elkarrekin geundelako eta ondo.

Izan al zenuten anekdotarik?
Bai asko, gehienak onak, baina bakarren bat izan genuen txarra. Ez dakit zergatik, baina galdera hau egin didazunean anekdota txar bat etorri zait burura eta onak asko, baina txar hau askotan: Bilbotik gertu geundela, ijitu talde batek segitu egin gintuen atzetik, behorrak kendu nahian. Beraiei frente egitea erabaki genuen gure armak erakutsiz, atzera egin zuten eta pakean utzi gintuzten gure bidaia jarraitzen.

Nik beldur asko pasa nuen egun hartan; eskerrak gure katana eta ezpatari; bestela ez dakit nola bukatuko genuen; agian behorrik gabe.

Abentura hau egin ondoren, ze etortzen zaizu burura?
Abentura hau ikaragarria izan dela, ahaztu ezina, oso ona, baina baita ere oso gogorra. Momentuz ez genuke berriro horrelakorik egingo.

Hala ere beste abenturarik egiteko gogorik ba al duzue?
Bai, hurrengoa Transkantabriko Picos de Europatik, buelta egiteko gogoa dugu; dena mendiz mendi delako.

Animo bikote! Eta ea zer nolakoa den zuen hurrengo abentura.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala