edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Juan Karlos Etxebeste, eliteko atleta beteranoa

Luis Mari Nez

irudia
Espainiako txapelketako podiumean.

Juan Karlos Etxebeste guztiontzat ezaguna da podologoa izateagatik. Hala ere, beste alderdi bat ere badu: orain dela zortzi urtetik hona beteranoen atletismo txapelketetan parte hartzen du, emaitza bikainak lortuz. Aipatu beharra dago, beteranoen maila behin 35 urte betetzean lortzen dela eta hauen taldekatzea bost urteka egiten dela. Juan Karlosek betidanik egin izan du kirola, baina azken urteotan Gipuzkoa, Euskadi eta Espainia mailako txapelketetan parte hartzen du, lehenengo bietan gainera, beti podiumera igota.

Zu betidanik aritu izan zara atletismoan, ezta?
Bai. 16-19 urte nituenean Tolosako klubarekin lehiatzen nuen atletismoan. Orain beteranoen taldean aritzen naiz. Ni Anoetan jaio nintzen, Udaletxe zaharrean. Ama andereñoa zen eta aita praktikantea eta han jaio ginen. Trena hartu eta Tolosara joaten ginen entrenatzera. Nire anaia Fernando ere atleta zen, 400 metrotan ibiltzen zen eta ni 100 eta 200 metrotan. Jubeniletan, juniorretan eta seniorretan ibili nintzen, 26 urterekin soldaduska egitera joan nintzen arte.

Soldaduskatik bueltatzean ez zenuen jarraitu?
Soldaduskatik bueltatu nintzenean kirola egiten jarraitu genuen baina gehiago mantentzeko. Bizikleta, igeriketa... egiten genuen.

Familian ez zegoen kirolaririk?
Ez, ez zuen inork kirola egiten, anaiak bakarrik.

Garai hartan txapelketaren bat lortu zenuen?
Bai, 1973an taldeka Gipuzkoako txapeldun izan ginen.

Oso giro ona egongo zen ezta?
Bai. Gainera Tolosa talde onenetarikoa zen. Orain talde handiek, Donostiakoek eta, probintziako gazteak hartzen dituzte eta zailagoa da. Gure taldean orain ere oso giro ona dago. Gaztetxoekin entrenatzen dugu gainera.

Noiz hasi zinen berriro atletismoan?
Orain dela zortzi urte, 47 urterekin. Entrenatzen hasteak, berriro lehengo erritmoa hartu behar nuela esan nahi zuen, horrek askotan lesioak, fibra hausturak, e.a. sortzea ekar dezake, adin horrekin korrika egitea abiadura oso handia delako hankentzako. Lesio hauek, hilabeterako entrenamendua galtzea ekar dezakete, honekin lehen lortutako erritmoa galduz eta hau berreskuratzea adin hauetan zaila izan daiteke. Adibidez, Donostian ospatu ziren Europako txapelketetan lesionatu nintzen.

Zenbat entrenatzen duzu?
Astelehenetik ostiralera entrenatzen dut, arratsaldero, eta txapelketak dauzkagunean larunbat batzuetan ere. Neguan normalean erresistentzia hartzeko ariketak egiten ditut aldapak, e.a. igotzen ditugu eta udan berriz, serie gehiago.

Nolatan hasi zinen berriro 47 urterekin?
Alaba Tolosa klubera hasi zen atletismoa egiten eta nik eramaten nuen entrenamenduetara. Eramateaz gainera ikustera geratzen zara, gogoratu egiten zara, gogoa sartu eta entrenatzen hasten zara. 2001ean, otsailean, Espainiako atletismo txapelketa ospatzen zen eta pentsatu nuen ‘aurkeztu egingo naiz’. Jaime Legarra, nire entrenatzaile izandakoarekin kontaktatu nuen, eta berriro hasi nintzen. Txapelketa baino hilabete lehenago fibrak puskatu nituen. Hamabost egun deskantsatu nuen, beldur pixka batekin joan nintzen, baina laugarren geratu nintzen hainbeste urte entrenatu gabe egon eta gero. Emaitza hau ikusteak asko animatu ninduen atletismoan segitzeko.

Zer sentitzen da konpetitzen duzunean?
Urduri zaude, baina badakizu lehenago dena prestatu duzula. Ikusleak ez du zerikusirik, irteerako pistoletazoaren zain zaude eta ez zara konturatzen.

Eta podioan zaudenean?
Hunkigarria da. Familiakoak, lagunak... ikusten dituzu. Orduan bai ikusten dituzula ikusleak. Eta gainera, aurretik egindako lan horrek podiumera igotzean zerbaitetarako balio izan duela ohartzen zara.

Txapelketen artean deskantsatzen duzue?
Ez, entrenatzen jarraitzen dugu. Baina txapelketa baten aurretik 2-3 egun deskantsatzen ditugu.

Atletismotik aparte beste kirolik egiten duzu?
Asko gustatu izan zait bizikleta. Lehenengo Ciudad de Irun triatloian atera nintzen, Zeberio abizeneko batekin. Bizikleta proba bikoteka egin behar da, aurreko proban lehenengo iristen denak itxaron egin behar dio besteari. Oso gogorra izan zen eta ez dut triatloi gehiago egin. Asko entrenatu behar da. Ordutik aurrera bizikleta gehiago egin nuen, karreteran, orduan lasai egin zitekeelako. Udaran lanera bizikletan joateko aprobetxatzen nuen eta bueltakoan, 50 kilometro inguruko ibilbidea egiten nuen etxera bueltatu aurretik: Usurbil-Oriora joan eta Andazarratetik bueltatu. Hala ere, korrika izan da gehien landu dudan kirola, urtero ahalegintzen nintzen Behobia-San Sebastian lasterketan parte hartzen. Lasterketa honetan hamahiru urtez segidan parte hartu dut.

Entrenamendu normaletatik aparte beste zerbait egiten duzu?
Denboraldi aurretik pesak egiten ditugu eta, gero, denboraldian, pesak uzten ditugu pixkanaka muskuluek indarra hartzeko eta errekuperazio gutxiago behar izateko.

Txapelketetarako irteerak nork ordaintzen ditu?
Bakoitzak bere bidaia ordaintzen du. Tolosako klubak eta Ezquerro etxeak jantziak ematen dizkigute. Gero, Diputazioak Atleta Beteranoen Elkartean gaudenez kantitate bat ematen digu, denon artean banatzeko. 200 bat gara eta 10-20 euro tokatzen zaio bakoitzari.

Zeintzuk dira zure taldekideak?
Jose Luis Gonzalez, jabalina eta diskoa egiten duena, Joseba Ezquerro, 100 eta 200 metroak, Jose Antonio Sobrino eta aipamen berezia egingo nioke Armando Rocari, 76 urterekin gazte baten moduan jarraitzen baitu korrika. Talde hau joaten gara Espainiako txapelketara.

Urte hauetako ibilbidea

Azken bederatzi urte hauetan Juan Karlosek honako emaitzak lortu ditu bere probetan:

Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketei dagokienez bai pista itxian (60m eta 200m) eta baita pista irekian ere (100m, 200m eta 400m) dominen bat irabazi ohi du. Espainiako txapelketei dagokienez lehenengo lau postuetan ibili ohi da.

Aipatzeko da, 48 urterekin Espainiako txapelketan Tarragonan bigarren izan zela 100m-tan.

Azken urte honetan emaitza oso onak lortzen ari da, pista estalian Zaragozan bigarren egin baitzuen 100m-tan eta hirugarren 200m-tan. Pista irekian ere emaitza onak lortu ditu Euskadiko txapelketan, bigarren egin baitu 400m-tan eta lehenengoa 200m-tan.

Oinentzako kontseiluak

Hona hemen hanken zainketa egoki baterako oinarrizko kontseilu batzuk

  • Garbiketa. Oinen garbiketa egoki bat beharrezkoa da. Horretarako egunero xaboi neutro batez garbituz. Ura epela erabili behar da eta denboraz ez da hamabost minutu baino gehiago behar, bestela oina biguntzeko arriskua baitago. Hankak oso nekatuak badaude, egokia izango da urari gatza botatzea oina erlaxatzeko. Ondo lehortzea ere garrantzitsua da toaila suabe batekin, behatz tarteak bereziki. Hau ez bada ondo egiten onddoak atera daitezke eta.
  • Izerdia. Oin askoren arazoetako bat izerdia izan ohi da. Hau konpontzeko egokiena behin hanka garbitu ondoren gomendagarria da spray edo hauts antitranspiranteak erabiltzea. Hala ere, arazo berdinarekin jarraitu ezkero podologoarena joatea da gomendagarriena.
  • Oinetakoak. Naturalena oinetakoa gure oinera egokitzea da eta ez gure oina oinetakora, horrela beti oinaren morfologia kontuan hartuz (bai zabalera eta baita altueran ere). Beti aholkatzen dugu larruzkoak izatea, azalaren parekoena delako. Horrek izerditzea, e.a. eragozten du, micosis, babak eta antzeko arazoak ekar ditzaketenak. Kirola egiteko orduan ez dago kirol oinetakoak baino erabiltzeko erremediorik, baina bakarrik kirola egiteko, izerditzea eragiten duelako, e.a. eta arazo asko ekar ditzakete.
  • Zenbakiak. Oinetakoak bakoitzaren zenbakikoak izan behar dute, ez handiagoak ez txikiagoak. Kirola egitean, batez ere, hankak asko mugitzen dira eta oso ondo lotuta egon behar dira, azkazalak belztu ez daitezen eta babak ez ateratzeko. Galtzerdia ere beti kotoizkoa izan behar da, oinen transpirazioa uzten duelako.
  • Plantillak. Pertsona bakoitzarentzako egindakoak izan behar dira. Lehenengo momentutik hasi behar da begiratzen ea haurrak plantillak behar dituen: hasieratik erortzen bada, nekatzen bada... itxaron gabe zuzentzen hasi behar da txikitatik.
  • Azkazalak. Ondo moztea garrantzitsua da. Zuzen moztu behar dira, ez luzeegi ezta motxegi ere. Hau ez bada horrela egiten azkazalen puntak haragian sartzeko arriskua egongo baita. Oina beti oinetakoen barruan dago eta haragiko kanalean sartu eta min egin dezakete ibiltzean egiten den presioagatik. Haurrei txikitatik erakutsi behar zaie bai azkazalak mozten baita hanken garbitasuna mantentzen.
  • Takoia. Oinetakoek 2 eta 4 zentimetro arteko takoia eduki behar dute bestela, gehiago baldin bada, oinaren aurrealdea kargatzen baita eta honek arazoak sor ditzake: behatzen deformazioak sortuz (juaneteak...). Mokasin antzekoak oso politak dira baina denborarekin ez dute ondo eusten, handitzen doaz, eta hanka airean gelditzen da.

Kailuak eta gortasunak izanez gero, ez erabili edozer gauza hauek kentzeko. Egokiena podologoarengana joatea da.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala