edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

“Arre Felipe, bate beldurripe” Antton Sorarrain: asto lasterketetan maisu

Aitor Sorarrain eta Imanol Lizardi

irudia
Aitor –anaia gaztea–, Felipe astoa eta Anttonek irabazitako kopa batzuk. © Antonio Sorarrain

Azken urteotan ez du hutsik egiten Asto lasterketak Alkizako jaietako egitarauan. Arrakasta handia duen ekimena da, jenderen oso gogokoa. Baina jakin, ondo dakigu ohitura zahar hori berreskuratu berria dugula herrian. 2006 urtean, denbora luzez egin gabe igaro ondoren, hasi ziren berriro lasterketak antolatzen. Unai Sorarrainek jakinarazi digunez, afaloste batean egindako apustu bat izan omen zen asto karrerak berriz antolatzen hastearen arrazoi nagusia; Migel Angel Ugartemendiak eta Andoni Rotetaren artean eginiko apustua, alegia. Migel Angel berak baieztatu digu hala izan zela, baina entrenatzen ari zela erori, eta ezin izan zuela berak parte hartu. Orduan antolatzaileek erabaki zuten Andoni bera eta prest zeuden gazte batzuen artean egitea. Horrela egin zuten, eta urte hartako irabazlea Aritz San Sebastian izan zen.

Guk denboran atzerago egin nahi izan dugu, eta Antton Sorarrain handiarekin egin dugu topo. Handia diogu, 1975-1990 urteen artean Alkizako inguruetako asto lasterketa ia guztien irabazlea bera izan baitzen. Urrunago ere iritsi zen Anttonen ospea, eta Donostiako Aieten ere irabazitakoa da.

Gogo handiz hartu gaitu, solaserako prest, eta hara hemen berarekin izandako elkarrizketa.

Esaguzu Antton lehenik eta behin, zer zen astoa zuentzat?
Zalantzarik gabe, lanean aritzeko laguntzaile aparta. Guk astoa lanerako genuen, arbiak ekartzeko, bazterrak garbitzeko, simaurra zabaltzen ere erabiltzen genuen. Kontuan izan behar duzue idiak-edo sartzen ez ziren lekuetan sartzeko, astoa oso egokia zela. Hori bai, egoskorra bera bezalakoa.

Beraz, lanerako zenuten asto bera zen lasterketetan ibiltzen zenuena, ezta?
Bai, bai, hala da. Ni oso zalea nintzen, afizio handia nuen, eta oso gustura aritzen nintzen.

Eta etxeko norbait gehiago ibiltzen al zen?
Lanean bai, jakina. Baina lasterketetan ni bakarrik ibiltzen nintzen.

Gogoratzen al zara astoarekin? Bat al zenuten, edo bat baino gehiago?
Lasterketetan ibiltzen nintzen garaian, batekin ibiltzen nintzen. Gure aitak Felipe deitzen zion. Oso ona zen, otzana. Ez zen batere ostikalaria. Badakizue, gure aita zenak afizioa zuela bertsotarako eta horrela esaten zuen: “Arre Felipe bate beldurripe”

Beste kontu bat Antton. Entrenatzen al zinen batere?
Jakina. Areta baserriaren azpian genuen Gibele izeneko lursaila. Han ahuntzak izaten genituen, eta badakizue, haiek lekuz aldatzera joan behar izaten da, eta ni astoaren gainean joaten nintzen. Gogoan dut astoaren gainetik jaitsi gabe aldatzen nituela ahuntzak lekuz. Hori zen nire entrenamendua. Iribiti baserriaren inguruetara ere joaten nintzen.

Zein urteetan gertatu zen hau guztia?
Esango nuke 1975 urtearen inguruan hasi nintzela lasterketetan. Eta azken lasterketa uste dut 1990 urtean izan zela.

Eta zenbat lasterketa irabazi zenituen?
Ez da harrokeria, baina esan behar dut parte hartzen nuen ia guztietan irabaztea lortzen nuela. Nik uste dut gehientsuenak irabazi nituela. Urtean bizpahiru izaten ziren.

Eta sariak? Nolako sariak izaten zenituzten?
Orduan kopak banatzen ziren. Ez zegoen orain dagoen urdaiazpikoak eta horrelakoak emateko ohiturarik. Kopa mordoxka bat lortu nuen han eta hemen.

Alkizatik kanpo ere ibiltzen zinen beraz, ezta?
Bai, hala da. Gogoan dut Zizurkildik deitu egin zidatela, eta eskatzen ziguten beste asto pare bat-edo eramateko. Etxabeko Juanen kamioian eramaten genituen.

Orduan ere, oraingo moduan, mozorrotzen al zineten?
Ez, ezta pentsatu ere. Orduan astoari garrantzi handiagoa ematen zitzaion. Mozorroaren kontu hori niretzat berria da. Niri ez zait gustatzen.

Behar al zuen astoak zainketa berezirik?
Ez. Gogoan dut nola nik kapritxoz lau oinetan jartzen nizkion lasterketa egunean zapi batzuk apaintzeko, zaldi lasterketetan egiten duten moduan. Begiak babesteko bai, tapaki moduko batzuk jartzen nizkion, alboetara begiratzeko aukerarik ez izateko.

Eta Alkizan, zer?
Nik betidanik gogoratzen ditut asto lasterketak. Nire lehen partaidetzaren urtea ez dut zehazki gogoratzen, baina 70 hamarkadaren erdialdera zela esango nuke oker handirik egiteko arriskurik gabe. Hemen bai. Hemen beti nik irabazten nuen, gogoan dudala behintzat. Ez dut uste inork hau irakurritakoan kontrakorik esango duenik. Lasai jarri, horrela baitzen.

Zeintzuk zenituen aurkariak Alkizan?
Ez ditut denak gogoratzen, baina Lutxo eta Riki Alfonso tartean ziren behintzat. Elizegiko Ramon eta Juantxo ere bai. Jexux berak ere hartu izan zuen parte noiz edo noiz. Halere, Ramon zen ateratzeko ohitura handiena zuena. Horiek Maitegiko astoa zuten gustukoen, eta harekin ibiltzen ziren. Gogoratzen naiz nola 1984 urtean Riki, Lutxo eta beste batzuekin Aietera joan ginen lasterketa batera. Han ere nik irabazi nuen.

Zer iruditzen zaizu ohitura berreskuratu izana Alkizan?
Niri oso ondo iruditzen zait berriro ere asto lasterketak egitea. Lehen aipatu dizuedan moduan, gustatzen ez zaidana da mozorroak direla-eta, kontu honek hartu duen norabidea. Lasterketak egiteko lehengo modua egokiagoa iruditzen zait. Bene-benetan esaten dizuet: azken urteetakoa ez dut gogoko.

Horregatik al da parte hartzen ez duzula?
Ez. Egia esaten badizuet alabek ez didate uzten. Ez dakit nola esan. Nire gaixotasuna dela-eta, ez dute gogoko nik horrelako gauzetan parte hartzerik. Ikastolan ere, gurasoen jokoetan ez didate parte hartzen uzten.

Baina argazkiak ikusiko dituzte, ezta?
Bai, bai, harrituta gelditzen dira. Gazteagoa nintzen, hogei urte gazteagoa. Badut gaztetako bideo bat eta txundituta gelditzen dira.

Eta bukatzeko Antton, nahi al diozu elkarrizketa honi zerbait erantsi?
Berriro esango dut. Gaur egungo lasterketak egiteko modua ez zait gustatzen. Inoiz asto baten gainean ibili ez direnak ateratzen dira orain, eta hori egokia ez izateaz gain, arriskutsua ere bada. Iruditzen zait asto karreretan ateratzen denak lehendik ibilia behar duela izan. Lasterketen ohitura zahar honek jarrai dezan, garrantzia eman beharko genieke kontu horiei. Eta, jakina, garrantzia eman astoari.

Mila esker Antton, zure jakinduriaren atea, eta zerbait gehiago ere zabaldu diguzulako. Ziur gara batek baino gehiagok kontuan izango dituela zure hitzak.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala