edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Alkizako kirol batzordea sortu da

Imanol Lizardi

irudia
Kirol batzordea osatzen duen boskotea. Imanol Lizardi

Bat baino gehiago gogoratuko da Juantxo Villarrealen izena eta izanarekin. Bidasoa eskubaloi talde handiarekin garaipen garrantzitsu asko lortu zituen entrenatzaile gisa. Zer ikusia du Villarrealek Alkizako Kirol batzordearekin?, galdetuko duzue batek baino gehiagok. Hain zuzen ere, bera da neurri batean behintzat, talde hau sortu izanaren arduradun. Foru Aldundian ari da lanean kirol sustatzaile eta teknikari moduan. Iazko udazkenean etorri zen Alkizara (Gipuzkoako herri txiki askorekin egin zuen bezalaxe), eta Kirol Patronatuak sortzearen beharraz eta egokitasunaz aritu zen. Udalak berehala ekin zion lanari, eta bost lagunez osatutako taldea sortu zen. Honako hauek dira, egun, partaideak: Guraso Elkartearen ordezkari gisa Gorka Goikoetxea, Alkizako Pilota Taldearen ordezkaria Aitor Sorarrain da; Gazteen ordezkari gisa Julen Sorarrain ari da, Udaleko arduraduna, berriz, Ainara Zurutuza da, eta azkenik, kirol teknikari eta sustatzaile moduan, Balduino Alfonso.

Euren ahotik eduki nahi izan dugu batzorde honen berri, zergatik, zertarako, nola, norentzat, eta beste hainbat eta hainbat zalantzari argibidea ematearren.

Lehenik eta behin, egia al da sarreran esan duguna?
Bai, baina neurri batean bakarrik. Hasieran diru laguntza handiak izango zirela zirudien, baina egia da ez dugula oraindik dirurik ikusi. Krisia omen da horren errudun. Materiala ere espero genuen, baina ez zaigu ezer ere etorri. Bi mila euro inguru genituela izendatuta entzun genuen, baina mozketak direla-eta, esaten dizugu, ezer gabe geratu gara.

Zein da orduan gaur egun duzuen finantziazio bidea?
Zalantzarik gabe, nagusia Udala da. Udala eta ekintza puntualetarako ditugun babesle edo patrozinadoreak. Gehienbat herritarrak dira, edo herriarekin zerikusia dutenak. Bide berriak aztertzen hasiak gara: zozketaren bat edo beste egitea, eta horrelako kontuak.

Beraz, Foru Aldundiaren erantzuna eskasa izan dela esan dezakegu?
Egia da euren ekimenak balio izan duela Batzorde hau martxan jartzeko. Hori bai eskertu behar diegula. Baina baita egia da ere, hortik aurrera zain gaudela oraindik, ez baitzaigu ezer ere iritsi.

Beste kontu bat. Zeintzuk dira zuen asmoak. Zer egin nahi duzue?
Lehenik eta behin, lehendik egiten ziren ekimenei jarraipena eman, hau da, San Isidrotan jarraitu lanean, Herriko jaietan ere bai, San Martinetako gurpil lasterketa ere antolatzen jarraitu... Txirrindularitza arloan zerbait berria egiteko asmoa dugu, eta ideia horren inguruan bueltaka gabiltza.

Eta bestelakorik?
Pilota txapelketekin ere jarraituko dugu jakina. Halere, nahi duguna da Alkizako jendea kirola egitera bultzatu. Hori uste dugu hitz eginez, ahoz aho lor dezakegula, zuzenean hitz eginez. Paperak jartzeak askotan ezer gutxirako balio du. Bestalde, esan nahi dugu baita ere, ideia berriak jasotzeko gogo bizia dugula, erabat irekiak gaude, entzun eta interesgarri izan daitekeen edozein ekarpen gauzatzeko.

Zeintzuk dira Batzorde moduan orain artean antolatu dituzuen ekintzak?
Iazko San Martinetako Gurpil lasterketa izan zen batzorde gisa antolatu genuen lehen ekintza. Abenduaren 31n, San Silvestre lasterketa ere egin genuen. San Isidrotako Frontenis txapelketa, Mendi martxa eta Haurrentzako gurpil lasterketa ere, guk antolatu genituen. Baita Mus txapelketa ere, baina ez dakigu hori kirol gisa har daitekeen, Kar!, kar!, kar!

Aipa itzazue mesedez zuen lan honetan topatu dituzuen zailtasun handienak?
Jendea mugitzea. Jendearen parte hartzea. Egia da herri guztietan antolatzaileak bizpahiru izaten direla, eta hori normaltzat jo behar da. Frontenis txapelketako partaidetzarekin, berriz, oso-oso gustura gaude. Bai gizonezkoen, baita emakumezkoen erantzuna ikaragarri ona izan da. Oso pozik gaude.

Zer iruditzen zaizue, Alkizan kirola gutxi praktikatzen dela?
Bakoitzak bere aldetik, jendeak egiten du kirola. Mendian jende asko ibiltzen da, baita txirringan ere. Agian taldekako parte hartzea handiagoa izan zitekeen. Halere, antolatzen diren ekintzetan dugun erantzunarekin ezin gaitezke kexu izan.

Gazteei begira, ba al duzue egitasmo berezirik?
Txikiekin hasi gara zerbait egiten. Gaztetxoagoekin (12-16 urte) zailagoa da, herri honetan talde hori oso txikia delako. Gazteekin, berriz (17 urtetik gora) Alkizan zerbait harrigarria gertatzen zaigu. Ohikoa da mutilen parte hartzea neskena baino handiagoa izatea. Hemen alderantziz gertatzen dela esan genezake. Bai, hori azpimarragarria da.

Eta zuen lana egin ahal izateko zeintzuk dira nabarmentzen dituzuen hutsuneak?
Zalantzarik gabe, nabarmenena instalazio falta da. Dugun azpiegitura bakarra frontoia da, eta benetan bere egoera penagarria da. Fronteniseko finalean den-denak frontoiaren barnean zeuden, ezin baitzen bestela. Ikustekoa da zein egoeratan dagoen. Udalak azken urteetan erabat utzia dauka. Ulertzen dugu dirurik ez dagoela. Ulertzen ez duguna da beste arlo batzuetan ez dela murrizketarik ikusten.

Oso ondo. Eta bukatzeko zer? Zein da herritarrei bidali nahi diezuen mezua?
Orain arte parte hartzen duten herritarrei eskatuko genieke jarrai dezatela parte hartzen, asko eskertzen baitiegu duten jarrera. Besteei, berriz, esango genieke etortzeko, parte hartzeko, ea guztien artean lortzen dugun ondo pasatzea. Eta lehen esan dugun moduan, norbaitek ideia aldetik ekarpenik balu, mesedez lasai hurbil dadila guregana. Harrera beroa egingo diogu eta benetan asko eskertuko diogu ahalegina. Eta azkenik: AUPA ALKIZA!!


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala