edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Alkizako barraskiloak Etxesagasti baserrian

Jose Ignazio Gabirondo eta Edurne Ayuso

irudia
Mikel eta Mertxe baserri aurrean.

Alkizako Etxesagasti baserrian hartu gaituzte Mikel Gonzalez Etxeberrik eta Mertxe Imazek.

Alkizan gustora bizi bazarete ere, izatez ez zarete alkizarrak ezta?
Mikel: Ez, ni izatez legorretarra naiz eta bertan bizi izan nintzen 26 urte nituen arte. Mertxe berriz billabonarra da. Ni kalean jaio eta hazitakoa naiz, baina baditut baserriko sustraiak ere.

Mikel konta iezaguzu kaletar izatetik baserritar izaterako urratsa zergatik eta nolatan eman duzun.
Mikel: Kimikako ikasketak burutu nituen eta 26 urterekin irakaskuntzan hasi nintzen. Beasainen urte batzuez lan egin ondoren Lekeitiora joan nintzen eta 9 urtez egon nintzen bertan. Lekeition betirako geratuko nintzela pentsatzen nuenean Mertxe ezagutu nuen eta Donostiara salto egin nuen. Orioko ikastolako zuzendaritza taldean egon nintzen gero zazpi urtez eta Zarautzeko Oteiza Lizeoa sortzeko lanetan aritu nintzen gero. Ordurako Etxesagasti baserria erosia genuen eta laneko kontratua bukatutakoan, bertan geratzeko aukeran pentsatu nuen eta Mertxeri esker, posible izan da aldaketa hori egitea.

Mertxe, Mikelek oso erraz kontatu digu batetik bestera nola ibili den, baina, zuretzeko erraza izan al da?
Mertxe: Egia esan berak mugitu behar izan du batetik bestera. Ni Tolosan bizi nintzen eta niretzako ez zen horrenbesterako aldaketa izan Donostiara joatea eta gero hona etortzea.

Baina, biek al zenuten baserrian bizitzeko gogoa?
Mikel: Ideia berez nirea zen. Mertxek baldintza bakarra jarri zuen: baserriak bere lantokitik gehienera ere 20 minutura egon behar zuen. Eta kasualitatez, sekulako zortea izan genuen Etxesagasti topatzerakoan. Baserria ikusi genuenerako beste pertsona batek erosteko diru seinalea emana zuen, baina, arrazoiren bategatik atzera bota zen eta azkenik guk erosi ahal izan genuen.

Mertxe: Nik nahi nituen baldintzak betetzen zituen gainera, Etxesagasti leku argitsuan dago eta gainera, lanetik gertu dago.

Beraz, Etxesagastik hasiera-hasieratik maitemindu zintuzten...
Mikel: Hasiera-hasieratik. Nire aita zenak esaten zuen baserriak "deskansu" piska bat behar duela eta honek sekulako "plataforma" dauka bere bueltan. Ernio azpian geratzen da, aurrez-aurre Zizurkilgo mendiak geratzen dira... oso lasaia da. Nik gainera, buruan nuen baserrian bizi nahi nuela, ez nuela baserria lotarako bakarrik nahi eta horretarako lursail piska bat izatea beharrezkoa nuen. Tira ba, Etxesagastik baditu hiru hektarea t'erdi, baserritik ez baina, baserrian lana eginez bizitzeko adina lur baditu beraz. Beraz, guk nahi genituen baldintza guztiak betetzen zituen.

Irakaskuntza mundua utzi eta baserrira etorri zinenean, zein izan zen lehen lana? Zertan hasi zinen?
Mikel: Babarruna landatzen hasi nintzen. Babarrun elkartearen berri izan nuen eta nik landatzeko moduko produktua zela pentsatu nuen. Hala hasi ginen piskanaka- piskanaka. Gaur egun, baserritik kanpora, babarrun elkartean ere lan egiten dut noizean behin. Mertxe: Nik etxetik kanpora ere lan egiten dut, baina, babarrunekin gustora aritzen naiz, denborapasa atsegina da.

Babarrunak landatzeaz gainera, zuek baduzue animalia haztegi berezi-berezi bat: barraskilo haztegia duzue!
Mikel: Tolosako lagun talde batek barraskiloak nola hazi ikasteko ikastaro bat egin zuen Bartzelonan eta haztegi bat martxan jartzeko lursailen bila zebiltzan. "Terrenoa" alokatuko ote nien galdetu zidaten eta nik, lurra uztearen truke, bazkide izatea proposatu nien. Eta halaxe hasi ginen hiru lagun barraskilo haztegiarekin martxan. Denborarekin, beste bazkideek haztegia utzi zuten eta nik apurka-apurka haztegia barraskiloen baldintzetara moldatzen joan behar izan dut.

Mikel, ez al duzu irakaskuntza faltan botatzen?
Batere ez. Estres egoeretan lan egitea egokitu zait askotan. Zenbait kasutan gainera, gatazkaren bat zegoen ikastoletan lan egin behar izan dut eta orain, nik nahi dudan erritmora, inguru honetan, eta animaliei begira lan egiteak ez dauka batere zerikusirik.

Barraskilo haztegia inguru ederrean dago, karakolek ez dute ez kexatzeko aitzakiarik!
Mikel: Egia esan, lasai-lasai bizi dira, jan eta egon besterik ez dute egin behar! Ingurua ere zoragarria da.

Gaur egun herritarrak honezkero jakingo dute herrian barraskilo haztegi bat badela, baina, hasieran zer pentsatu ote zuten!
Mikel: Egia esan oso harrituta geratu ziren. Badira karakolak bildu eta jaten dituzten herritar batzuk, baina, gainontzean kalteak egiten dituzten animalitxo batzuk bezela ikusten dituzte barraskiloak. Eta noski, pentsatzea norbaitek karakolak hazten dituela gero saltzeko... ba zoratuta geundela pentsatu zuten. Udaletxean ere harrituta geratu ziren. Hasiera-hasieratik eman zidaten negutegi bat jartzeko baimena, baina araudiak berez, ez zuen barraskiloak hazteko aukerarik aurrikusten, beraz, kontu guztiz berria izan zen udaletxearentzat ere.

Mertxe, zer esan zuten zure ingurukoek barraskilo haztegi bat jartzekoak zinetela esandakoan?
Mertxe: Harrituta geratu ziren, hasieran parre egin zidaten egia ote zen ere ezin sinistuta. Baina, tira, Donostiatik baserri batetara joan ginela bazekiten eta sinistea ez zitzaien horren zaila egin.

Kanpotik begiratuta inork gutxik jakingo luke negutegi honetan barraskiloak daudenik. Akaso, kanpoko kolore berdeak gainontzekoetatik ezberdintzen du...
Mikel: Plastikozko negutegi bat da eta kanpotik sare berde moduko bat du. Sare horrek negutegia eguzkitik babesten du, bestela barruan tenperatura izugarri igotzen da. Tenperatura altuegiak dira hain zuzen ere gure etsairik handiena, iaz uztailean eta abuztuan zoritxarrez barraskilo asko hil ziren beroaren eraginez. Karakolek asko sufritzen dute beroarekin. Mertxe: Gainera, berdea izanik, inguruarekin ez du horrenbesteko kontrasterik egiten. Zuria balitz, begi bistako inpaktua handiagoa litzateke.

Deskribatu iezaguzu barraskilo haztegia nolakoa den.
Mikel: Negutegiak 50 metroko luzera eta 10 metroko zabalera ditu. Lau pasillo luzetan banatuta dago eta bertan lau mahai luze-luzeak jarriak ditugu. Mahai hauek lurretik metro batetako altuerara daude gutxi gora behera lana egitea errazagoa izan dadin. Mahai bakoitzean lurra dago, 20 bat zentimetro arteko lurra bertan belarra hazi dadin.

Barraskiloak neguan lo egon ohi dira eta udaberri hasieran, denak mahai batean biltzen ditut eta ura botatzen diet piskanaka esnatu daitezen. Esnatzen direnak, bizirik daudenak, mahaietan sakabanatzen ditut bertan jan eta hazten joan daitezen. Mahai bakoitzean 100 kilo barraskilo inguru egongo dira.

Belar artean hazten dira goxo-goxo barraskiloak, baina, oker ez banaiz, belarraz gainera pentsua ere jaten dute ezta?
Mikel: Bai. Hasieran Gironatik ekartzen genuen pentsua. Azken batean kaltzioa gehitzen dioten irin fin-fin bat da, kaltzioa oskola osatzeko oso garrantzitsua baita. Denborarekin neronek pentsua egiten ikasi dut, izan ere, pentsua bera bezainbeste kostatzen zitzaidan handik ekartzea. Kimika ikasketak eginak ditudanez, pentsua nola egin asmatzea ez da horren zaila izan, oiloentzako egiten den pentsuaren oso antzekoa da azken finean.

Gaur egun karakolen inguruko sekretuak ezagunak izango dituzue, baina, nola hasi zineten langintza honetan? Zeintzuk izan ziren lehen pausoak?
Mikel: Haztegia martxan jartzeko lehen barraskiloak Kataluiniatik ekarri genituen, ustez, haztegi baterako espezierik egokienak zirenak ekarri genituen, haragi txuria duten barraskiloak hain zuzen ere. 20 kilo barraskilo erosi genituen, guztiak urte berekoak ziren eta hala denak homogeneoak ziren. Hermafroditak direnez, azkar ugaltzen joan dira eta negutegi barruan babes handia dutenez, galera oso gutxi izaten da.

Barraskiloak hazteko zenbat denbora behar izaten da?
Mikel: Baldintza onenetan 6-8 hilabetetan jaio eta barraskilo heldua bihurtzen da. Dena den, barraskiloa jaiotzen den urte sasoiak eragin handia du. Ekainean jaiotzen bada adibidez, barraskilo hori ez da hurrengo urterarte helduko, tartean neguak harrapatuko baitu eta neguan bere haziketa prozesua eten egingo baita. Tenperatura 15 gradutik jeisten denean, karakolaren haziketa prozesua eten egiten da.

Nola jakiten duzu barraskilo bat jateko adina hazi dela?
Mikel: Barraskiloaren neurria baina garrantzitsuagoa da oskolaren gogortasuna. Oskolak sukaldatzerakoan ez apurtzeko bezain gogorra egon behar du. Oskolari begiratuta bestalde, bere adina ere jakin dezakegu. Zuhaitzek bezelaxe, hazten diren urte bakoitzeko arrasto bat uzten dute oskolean, urte batetik bestera zenbat handitu den ikusi daiteke oskolara begiratuta bakarrik.

Eguneroko martxan, zein zaintza behar dute?
Mikel: Jatekoa eta ura behar adina dutela zaindu behar da. Horretaz gainera, garbitasuna oso garrantzitsua da. Kaka asko egiten dute eta garrantzitsua da jan lekuak garbi izatea. Tarteka tarteka desinfektatu egin behar da haztegia, izan ere, barraskiloak eurentzako oso kaltegarriak diren bakterio batekin bizi dira eta garbitasuna zaindu ezean hil egingo lirateke. Barraskiloak oso gutxitan gaixotzen dira, baina, gaixotzen direnean oso tentuz ibili behar da, denak elkarrekin bizi direnez, heriotza tasa oso altua izan baidaiteke.

Horrenbeste mimoz zaindutako barraskiloak jateko saltzen dituzue ezta?

Mikel: Sortzen dugun guztia saltzen dugu jateko. Hasieran dena Kataluinian saltzen zen, baina, piskanaka- piskanaka Alkiza inguruan saltzen hasi ginen. Gaur egun jada garbituta dauden barraskiloak saltzen ditut tolosaldean.

Aizu Mikel, ba entzun dudanez, barraskiloak garbitzea ez omen da oso lan erraza...
Mikel: Ez da zaila, ez du aparteko konplikaziorik. Azken batean uretan ondo garbitzean dago sekretua. Lehenik eta behin karakola baldintza onetan dagoela baieztatu behar da. Ur epeletan jarri eta ez bada oskoletik guztiz ateratzen ondo ez dagoenaren seinalea da hori. Barraskiloak oskoletik ateraten direnean ura irakiten jarri eta behin irakite puntua hastean ura aldatu behar da. Prozesu bera egingo dugu lau bat aldiz, ura garbi garbi geratzen den arte. Gatza eta ozpina erabiltzea ez da beharrezkoa, karakolak bere hesteetako hondakin guztiak bere lepotik kanporatzen ditu eta urarekin bakarrik garbi-garbi geratzen dira. Gatzak eta ozpinak barraskiloa lehor-lehor uzten dute.

Zenbat kostatzen da iada sukaldatzeko prest dagoen barraskilo kiloa.
Mikel: Gutxi gora behera 13 bat euro. Normalean 3-4 kiloko enkarguak izaten ditut eta momentuz, horixe da niretzako kopuru egokia, ez nuke enkargu handiagotan sartu nahi.

Zer egin behar dute barraskiloak erosi nahi dituzten irakurleek?
Mikel: Enkargua astebeteko aurrerapenarekin egitea komeni da, hartara, eskatutako barraskilo kopurua bildu eta garbituko nuke bezeroarentzako. 635 754 884 zenbakira deitu eta enkargua egitea besterik ez dute. Edozein kasutan ere, udaberria eta udara dira barraskiloak jateko sasoirik onenak, karakolak orduantxe egoten dira goxoenak.

Ba Mikel Gonzalez Etxeberri eta Mertxe Imaz, eskerrik asko eskaini diguzuen harretagatik eta ondo segi.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala