edukiak
edukiak

BaserriakBaserriak

Alkizako baserriak 2010

Pello Joxe Aranburu eta Xabier Artola

irudia

Urrutikoetxea

Urrutia eta Urrutikoetxea biak bat izan zirelakoan, baina, lehena zaharragoa izan zen. Urrutiako Joan maisu hargina, Alkizan jaioa, 1507an, Donostian San Bizente elizaren hormak eraikitzen ari zen. Anbrosio Bengoetxea eskultorearen ama ere baserri berekoa zen. Hamaseigarren mendean Irunean zegoen gure gotzaindegia eta hango, Gipuzkoako Artziprestalde Nagusia oso sonatua izan eta historia luzea izan zuen. Erakunde hartako bi lehen idazkariak Alkizako semeak izan ziren, hain zuzen, Urrutia baserriko semeak eta bertako erretoreak. Urrutikoetxeko biztanleen abizenak, berriz, Urrutia, Ezkamendi, Elola eta Arantzabe behintzat ezagunak dira. Sute batek kiskali zuen eraikuntza hutsik zegoela.

Urruzola-garaikoa

Alkizako lehen dokumentuetan, XIV. mendekoetan bazen Urruzola baserria, eta, 1563an, lehen aldiz azaldu zen Urruzola de suso edo Urruzola-garaikoa. Gipuzkoako Etxe Patrimonio Artistikoen zerrendan dago bere arku gotikoengatik. 1992 urtez gero nekazal turismoko zerbitzua eskaintzen da bertan. Urruzolako Martin harginak eraiki zituen Larraulgo zimitorioa eta Faltzesen errota bat, XVI. mendean. Baserriaren jabe eta biztanleen abizenak, berriz, Urruzola, Egurrola, Erroteta, Aranburu, Legarra, Ugartemendia, Arruti, Goia, Artzamunoa eta Txapartegi bederen dokumentatuak daude.

Urruzolazpikoa

Alkizako lehen dokumentuetan, XIV. mendekoetan bazen Urruzola baserria, eta, 1563an, lehen aldiz azaldu zen Urruzola de iuso edo Urruzola-azpikoa. Baserriaren jabe eta biztanleen artean daude Urruzola, Garro, Lasa, Lizargarate, Aldazabal, Aranburu, Urkola, Saizar, Goenaga, Elizondo eta Kruzeta.

Urrizpe

Urruzola-garaiko aranburutarrek, 1830eko hamarkadan, Urrizpe izeneko baserri berria eraiki eta jaiotetxeko alorrak zatitu ondoren, Juan Jose Urruzolako semea bertan bizitzen jarri zen. 1839an Larrolako Maria Josefa Tejeriarekin ezkondu zen. Gero, hurrengo mendean, Errezilgo Migel Letamendia eta Juana Inazia Usandizagak errentan hartu zuten, orain dela mende erdi bat sute batek kiskali zuen arte. Argazkian biribilaren barruan ikusten dena da.

Zumitza nagusia

Alkizako XIV. mendeko dokumentuetan egonik, Gipuzkoako Etxe Patrimonioaren zerrendan ondare artistikotzat ageri da Zumitza baserria bere harrizko eraikuntzagatik. Gainera baditu beste bi elementu txit bitxiak, arrano baten irudiko armarria eta aurreko fatxadako giza irudi arraro bat. Irudiaren interpretazio argirik ez dute ematen adituek. Bazen Zumitza baserriko Joan bat 1396an, Alkizako lehen batzarrean eta ondorengo urtetan Zumitza baserriko Idiakaitz abizendunak juratu eta erregidore izan ziren sarritan. Bertako beste jabe eta biztanle batzuk honakook izan ziren: Urruzola, Irazusta, Errazti, Arana, Zunzunegi, Altuna, Tolosa eta Roteta.

Zumitza-berria

Zumitza-berria edo Zumitza-txikia lehen aldiz, 1699an, agertzen da dokumentaturik. Bertako biztanleen abizenak, berriz, Urruzola, Barrenetxea, Ormaetxea, Olarreaga, Jauregi eta Otamendi ziratekeen. Azken urte hauetan inor ez da bizi, Basatxabal baserrikoek borda bezala erabiltzen dute.

Zumitzeta

Zumitzeta baserria lehen aldiz, 1761eko dokumentu batean agertzen da Arritzagako Joan Bautista Ezeizaren jabetza bezala eta, 1772an berriz, Migel Goienetaren eskuetara igaro zen. Lehen urtetan maizterrak bizitu ziren bertan. Bere historian baserri izateaz gainera, zerrategia, taberna, bolaleku eta ostatu baten funtzioak ere bete izan ditu. Aipatu etxearekin maizter eta jabe bezala honako abizenok egon dira: Ezeiza, Goieneta, Aranguren, Errazti, Bengoa, Legarra, Zabala eta Galartza.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala