edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Sabina, Usurbilgo seƱorita, Alkizaleten

Enrike Larrarte

irudia

Noizbait –ez dakit noiz eta ez dakit non – Alkizaleten markesaren bat bizi izan zela entzun edo irakurri izan dut, baina ez daukat ezer garbirik neure buruan. Izan daiteke. Baina familia honen historia, oso gainetik bada ere arakatu dut, eta ez zait horrelako aipamenik inoiz azaldu. Izatekotan, XIX eta XX. mendeen tarte horretan izango da, garai hori ez baitut ezagutzen. Dena dela, ezagutzen dut Alkizaletera ezkondu zen “señorita” bat: Sabina Rezola usurbildarra.

Sabina 1853. urtean ezkondu zen Alkizaletera. Ikusten denez, Alkizaletekoek ez zuten aurkitu, ez Alkizan eta ez inguruetako herrietan, zegokien mailako emakumerik eta Usurbila joan ziren etxekoandre baten bila. Maria Sabina Manuela Rezola Gaztañaga, 1831ean jaioa, gaur egun Añorgan dagoen Rezola zementu fabrika sortu zuenaren arreba zen. Fabrika hau hasieran txikia izan zen eta "La Esperanza" izenarekin sortu zen baina, denborarekin, gaur egun ezagutzen duguna izatera ailegatu da.

Sabina hau Alkizaleteko nagusia zen Joan Esteban Alkizalete eta Zabala Legarrarekin ezkondu zen. Sabina, 22 urte egitera zihoan neska gaztea zen, eta Joan Esteban, berriz, mutiltzarren konpainian sartzeko arriskuan zegoen gizasemea, 31 urte inguru baitzituen. Sabina emakume dotorea izango zen. Dotean Alkizaletera ekarri zituenak 51.000 erreal inguru dira. Dirutan 44.000 erreal, eta zilar, urre eta diamantezko ez dakit zenbat eraztun, eskumuturreko eta bitxi pila ekarri zituen. Hil zenean egin zen inbentarioan, beste gauzen artean, hamaika soineko, hogeita hamabi alkandora, bi abaniko eta beste bi sombrero azaltzen dira.

Ezkondu zenean Joan Estebanek aita hil berria zuen:1852. urtean hil zen. Testamentuan zortzi semealaba bizi zitzaizkiola adierazten digu: Joan Esteban, Joxe Bixente, Joan Hilario; Frantzisko Joxe, Maria Magdalena, Anizeta, Maria Daniela eta Feliziana. Bi ezkonduta omen daude: Maria Magdalena Bidanira eta Anizeta Bergarara; eta beste guztiak ezkongeak. Joan Hilario eta Frantzisko Joxe, berriz, apaiz ikasketak egiten ari omen dira. Aita –Frantzisko Antonio Alkizalete – Peruko iloba batekin ezkondu zen: Mª Jeronima Legarrarekin. Beraz, Joan Estebanen ama Perukoa zen.

Ez dirudi aita hil eta denbora gutxira ama eta semea oso ondo konpontzen zirenik ze... 1855ean amasemeak hitzarmen bat egiten baitute eskribanoaren aurrean handik aurrera beren arteko harremanak nolakoak izango diren zehazteko. Ikusten denez, amak Alkizalete utzi nahi zuen eta beste lekuren batera bizitzera joan baina, errespetu handiko jendearen aholkuari jarraiki –hala dio amak –, azkenean, bertan geratzea erabaki zuen.

Hala ere, ez ziren tirabirak bukatu, ze... 1866ean, azkenik, ama Anoetara jaitsiko da Joan Hilario semearen –ordurako apaiztua – etxera bizitzera. Zergatik? Zein zen arazoa? Ez dakit, baina... Esan dugu ama Perukoa zuela, eta herriko bikarioa ere Perukoa zen: amaren anaia. Beraz, osaba zuen eta honek 1865 ez zion Pazkoarekin konplitzeen utzi Joan Estebani. Osabak arrazoi hau ematen du ilobari komunioa ez emateko: Joan Esteban herrian mozkor nabarmena zela. Esan dugu Joan Esteban eta Sabina 1853an ezkondu zirela. Hiru seme-alaba izan zituzten baina alaba jaio berritan hil zitzaien. Beraz, Sabina 1860ean hil zenean Usurbilen, 29 urte egitera zihoanean –oso gazte– bi ume ttipi bakarrik utzita joan zen: Bernardo Balerio (lau urtekoa) eta Santiago (bi urtekoa). (Beste egun batean emango dugu hauen berri. Hauetako bat negozioetan sartu baitzen amaren familiaren tradizioa jarraituz). Sabina hil eta handik bi urtera (1862) Juan Esteban, ere, ondoezik sentitu eta testamentua egitera behartu zen ondasunak seme zaharrenari utziz. Seme honek sei urte zituen orduan. Izan zuen gaixotasuna ez dakit zein izan zen, baina ez zen nolanahikoa izango ze... testamentua sinatzeko ere ez omen zuen indarrik. Hala ere, ez zituen oraindik San Pedroren bizarrak ikusi. Beste hamaika urte egin zituen eta 1873an, 51 urte zituela, joan zen mundu honetatik.

Joan Estebanen aita hil zenean Alkizaleteko inbentarioa egin zen, baita Sabina hil zenean ere. Biak antzekoak dira. Aita hil zitzaionean egindako testamentutik jasoko ditut datu batzuk. 1852an Alkizaleteko ondasunak hauek ziren. (Gainetik emango ditut):

Altzarietan, 4.210 erreal; aziendan, 7.660 erreal; erropa: 8.328 erreal; ontziteria: 1.083 erreal; zilar landua, erlojuak, bastoiak eta eskopetak: 4.000 erreal; liburutegia: 2.783 erreal (liburu dezente azaltzen da eta liburu askoren gaia erlijiosoa da, familian bai baita beti apaizaren bat gutxienez); eta bestelakoak: 1057 erreal.

Bestalde, etxe edo baserri hauek zituzten. Alkizan: Alkizalete, Mariategi, Lizarzelai, Belzalaga txikia, Leteberri, Mariantonena, Katalandegi, Arpide garaikoa eta Igaran errota; eta Larraulen: Larrola, Guruzeaga eta Etxeberritxo. Baserri hauek urtero ematen dituzten errentak ia 9.908 erreal omen dira.

Horretaz aparte bazituzten kapilautzak ere. Kapilautzak mezak emateko edo beste ekintza erlijiosoak egiteko eraikitako instituzio erlijiosoak dira. Fundatzaileak diru bat jartzen du kapilaua izango den apaiz batek familiako hildakoen alde mezak eman ditzan urtean zehar. Apaiz hauek bizitzeko behar zutena, beste lanik egin gabe, fundatzaileak maileguan emandako ondasunak ematen zituzten errentatik ateratzen zuten, eta kapilauen izendapena fundazioaren nagusiaren esku zegoen.

Hiru kapilautza azaltzen dira:

Alkizalete deituriko kaperautza. Kapilautza hau ondasun hauek osatzen dute: Alkizako Berandegun baserriak, gehi beste baserri hauei maileguan emandako diruek: Alkizako Aranguren-zarra, Aranguren-berri, Arrizaga, Zumitzeta eta Antzieta baserriei emanak; Anoetako Sarobe eta Goikoetxeari emanak; Errezilgo Etxeberri-azpikoa eta Telleriari emanak; Asteasuko Zabala-Rekondorenari emanak; Zizurkilgo Araeta eta Etxetxori emanak; eta Alegiako Benito Irazustari maileguan emandako diruek. Kapilautza honek ia 4.500 erreal jasotzen zituen urtean. Dirua %3an zegoen.

Maria Larrolak sortutako kaperautza. Diru hauek osatzen dute: aipatu berri dugun Benito Irazustari maileguan emandako diruek; Alkizako Etxebitartea, Etxabeguren, Sarobe eta Sarobe-etxeberria baserriei emanak; Berastegiko Maritorena eta izen bereko beste etxe bati emanak; Asteasun Migelerena, Perugarziena, Bergerandi, Iturrieta-bitartea eta Malluretari emanak; Leaburuko Ubillosi emanak; Larraulgo Goieneta- goienari eta Zizurkilgo Fraisorori.

Dn Jose Alkizalete apaizak sortutako kaperautza: Alkizan, Urrutikoetxeari; Tolosan, Karloseneari eta Asteasun, Larrea eta Lizola Ignaziorenari utzitako diruek.

Ondasun hauek Joan Estebani geratuko zaizkio anaiarrebei eman behar zaizkien kargekin, jakina. Arpide garaikoa baserria, bi pagadi eta harizti batekin batera, Joxe Bixenteri semearentzat utziko du aitak. Alkizaleteko kapilautza, Joan Hilariori emango dio, eta Larrolakoa, Frantzisko Joxeri. Esan dugu azkeneko bi hauek apaiz ikasketak egiten ari zirela eta aitak dio: bietako batek apaiz egin eta gero Alkizaleten bizitzen jarraitu nahiko balu Joan Estebanek liburutegia dagoen gela utzi behako dio eta apaizak izango duen neskamearentzat sukaldearen gainean dagoen gela.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala