edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Manuren promesa

Elixabete Elizondo

irudia

Manu Urruzola gizon ez ohikoa da. Bere buruari erronkak jartzea gustatzen zaio, bizitzaren edozein arlotan gainera. Alkizan bizi eta bertan bere aitak sortutako enpresa bat aurrera ateratzen du. Kirola eta mendia maite ditu, eta Erreala. Beti bere burua probatzeko prest dirudi. Pilotan txikitatik jolastu du, lehenengo eskuz, gero gaztetan paleta goman eta honetan Gipuzkoako txapeldun izatera iritsi zen. Gaur egun pilotan aritzen da astean behin, binaka, Alegian.

Edozein egunetan tailerrean lana bukatu eta Erniora abiatzen da burua lasaitzeko edo. Ernio beretzako oso mendi berezia da, oso maitea, Alkizako guztientzat bezala. Aurten mendi martxa mordoxka ere egin ditu: Irurtzungo martxa, Zarautzekoa, Billabonakoa, Agurainekoa, Andoainekoa eta Beasainekoa. Martxa hauek gutxi gora behera 50 kilometrokoak izan ohi dira. Erniozale Elkartekoek Ernio inguruan bi urtean behin antolatzen dutena ere egin du.

Aurten, bere buruari erronkak jartzea gustatzen zaionez, Hiru Handiak deitutako martxa egiteko apuntatu zen. Martxa honetan izena emateko epea urtarrilaren 1ean zabaltzen da eta zortzi egunetan betetzen dute parte hartzaileen kopurua: 1.500. Gaueko hamabietan ateratzen dira ekaineko ilargi beteko lehen asteburuan. Aurten ekainaren 25ean atera dira Manu eta beste 1.499ak. Bertan ehun kilometro oinez egiten dira, tartean Anboto, Gorbea eta Aizkorriko gailurrak eginez. Antolatzaileek 24 orduko denbora ematen dute gehienez, berak 20 ordu t’erditan egin du.

Manuk Errealeko partiduak Elizegi tabernan ikusten ditu eta 2003an Erreala ligako txapelketa lortzekotan zebilenean, tabernako kontuak, berak Erreala txapeldun geldituz gero Erniora bi aldiz joan-etorria egingo zuela bota zuen. Orduan ez zen Erreala txapeldun gelditu baina bai handik urte gutxitara bigarren mailara jaitsi. Orduan Manuk aker bizartxo bat utzi zuen eta ez omen zuela kenduko Errealak lehenengo maila berreskuratu arte. Baita igoz gero hiru aldiz jarraian igoko zuela Ernio. Bigarren mailan urteak pasa eta, geroz eta handiagoa bihurtzen ari zen promesa!

Azkenean aurten Hiru Handien martxa prestatzen ari zela eta bere burua indartsu ikusiz promesa hau bota zuen: Erreala lehenengo mailara igoz gero, hamabi ordutan lau aldiz joan-etorria egingo ziola Ernio mendiari. Ekainean Erreala igo da azkenik eta Elizegiko Jexuxek berehala bota zion: “Hitza bete beharko duk!”. Bizartxoa kendu eta ekainaren 19an, larunbata, Alkizako plazatik goizeko seietan abiatu zen Manu Erniora. Lau joan- etorrietan norbait eraman zuen berarekin testigu lanak egitera.

Lehenengo bueltan alkateak lagundu zion bidean: Jonek lehenengo joan-etorria plazaraino egin zuen berarekin. Bigarren bueltan Alaitzek, Manuren bikoteak, egin zituen testigu lanak. Hirugarren bueltan arreba eta haren bikotea eraman zituen, hau eta gero pintxo bat hartu eta zer edo zer edan zuen. Laugarren bueltan berriz Katalandegiko Xabier joan zitzaion lagun.

Manuk kontatu digu erraz egin zuela, ondo prestatuta zegoelako eta bosgarren buelta bat egiteko gogoa eta denbora ere gelditu zitzaiola. Baina handik aste batera Hiru Handien martxa egiteko erronka zuenez, nahiago izan zuen indarrak gorde eta lehenbailehen errekuperatzea.

Ez ohizko gauzak egiten duen Alkizako Manuk hurrengo erronka zein jarriko duen jakiteko irrikan gaude. Berak ere ez omen daki. Agian Errealak inoiz Champions League irabaziz gero, Beasainen egiten den 100 miliako, hau da, 166 kilometroko martxa egitea izango dela esan digu.

Dena dela, AUPA MANU!


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala