edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Kepa Fernandez de Larrinoa, lurralde indigenei begira

Agurtzane Núñez

irudia
Kepa, Zuri Ollo bere lankidearekin, liburuaren aurkezpenean, Nafarroako Unibertsitatean. © Luis Mari Nuñez

Kepa Fernandez de Larrinoa alkizarrak bere azken liburua argitaratu du urte honetan, ‘Pueblos indígenas, paisajes culturales y protección de la naturaleza’ izenekoa. Liburua herri indigenei eta beren lurraldeen garapenari buruzkoa da. Kepak kapituluetako bat idatzi du, iparrameriketako inuitei buruzkoa, baita sarrera eta azken hausnarketa. Beste kapituluak Thomas Widlock Pablo Domínguez eta Sanae Hamm-ek idatzi dituzte.

«Liburu hau naturan dudan interesagatik argitaratu dut, horregaitik ere bizi naiz Alkizan», dio Kepak. Aurrekoa ere, ‘Dones del lugar’, gai berari buruzkoa zen, baina Alkizako ikuspegitik begiratuta: nola aldatzen da paisaia, tradiziozko lanen eragina, industriaren inpaktua, e.a. «Oraingoan herrialde indigenak dira protagonista. Borobilduz, liburua ekosistema naturalei buruzkoa da eta nola egokitzen diren bertakoak hango bizimodura», azaltzen du.

Berak lantzen duen kapituluan adibidez, inuitek 70. hamarkadatik jasan duten egoera agertzen da. «Inuitak Alaska (Estatu Batuak) eta Canada arteko lur eremu batean bizi dira. Bi gobernuek meatzaritzaren inguruko industria bultzatu nahi zuten baina inuitek etor zitekeena ikusita protestak antolatu zituzten eta lurralde bezala errekonozitzea lortu zuten. ‘Gu urteetan bizi izan gara hemen eta lurraldea ez da degradatu. Zuen ekosistema mota jartzen badugu ez du horrela jarraituko, beraz, dagoen bezala mantendu nahi baduzue eman guri lurraren gestioa’. Hori da eskatzen zutena». Beste ataletan antzeko arazoak lantzen dira, baina munduko toki ezberdinetan kokatuak: Afrikako Atlas Altuan, Namibiako desertuan, e.a. Gauza erraza badirudi ere, ekosistemak aldatu gabe mantentzea, beti ezagutu ditugun moduan, ez da gauza sinplea. Gure inguruan ere badira horrelako adibideak zailtasuna erakusten dutenak. «Ingurua ezagutzen dugun bezala mantendu nahi dugu baina horrek industriarik ia ez egotea eragiten du. Hemen nekazaritzarekin gertatu den bezala: oso eragin gutxi izan dute paisaian», baina industriarik ez da garatu, azaltzen du Kepa Fernandez de Larrinoak.

Liburuko adibide gehienetan konponbidea ekosistema naturalak sortu eta bertako herritarrei gestionatzen uztea izan da. Hemen inguruan ere horrelako adibideak baditugu: Aralarko edota Pagoetako parke naturalak. Hala ere, hemen eman zaien zentzua beste bat izan da eta ondorioak ere ezberdinak izan dira. Keparen esanetan, «egia da gero eta parke natural gehiago daudela baina gehienak astialdirako ekintzetara begira pentsatuta daude eta ez tradizioz bertan egin dena mantentzera. Gainera, bertako erabiltzaileei esan izan zaie ezin dutela lur hori erabili erosionatu, gastatu egiten dutelako eta gertaera arraroak gertatzen dira: mendi ibilaldi bat pasa daiteke bertatik, lurra berdin gastatzen duena, baina arazoak jartzen dituzte abereak bertan egoteko beti egon diren moduan».


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala