edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Gure piztiak Basoko txori txikiak

Inaki Irazabalbeitia

irudia
Kaskabeltza. Oso ederki ikusten dira txoritxo honen ezaugarriak. © Migel Mari Elosegi (Elhuyar Fundazioaren kortesiaz)

Allutxeko pagadian barna nabil, makila esku batean eta saskia bestean. Lurrari begira nabil orbel eta belar artean nire begietan pozaren distira piztuko duen xixaren, onddoaren edo gibelurdinaren peskizan. Txio-txio ezagun batek aterarazten nau kontzentraziotik. Eroritako pago baten adarretik, txio-txiokoa niri begira, burua ezker-eskuin jiratuz, txantxangorri lotsagabea dago.

Hamaika txori txiki bizi dira Alkiza inguruko basoan. Batzuk oso ezagunak dira, aipatutako txantxangorria (Erithacus rubecula) etsenplurako. Hainbat erraz bereizten dira, kaskabeltza (Parus major) adibidez. Zenbait, oharkabean pasatzen ez badira ere, ez dira hain nabarmenak, garrapoa (Sitta europaea) esaterako. Horiexek izango ditugu gaur hizpide.

Basoan bizitzeaz gainera beste ezaugarri komun batzuk ere badituzte gure txoriok. Alkizaz aparte Euskal Herriko eta Europako basoetako ohiko biztanleak dira. Hirurak dira intsektiboro, nahiz eta zizare, bare eta antzekoak ere jaten dituzten. Alabaina, negu gorriak intsektuak eta gainerako ornogabeak harrapakin zail bihurtzen direnean, landarejale ere bihur daitezke haziak, urrak eta bestelako fruitu lehorrak janez.

Tamaina bertsukoak ere badira, 15 cm inguruko luzera dutelarik. Lumajeak ordea desberdinak oso egiten ditu. Txantxangorriaren papar gorria guztiok ezagutzen dugu. Kaskabeltzak, bere izenak adierazten duen buruko orban beltzak gainera, papar horia zeharkatzen duen arrasto beltza du. Garrapoa, apika, guztietan diskretuena koloreei buruz ari garelarik: bizkarra gris urdinska du eta papar aldea berriz zuri arreska. Mokotik hasi eta lepoaren alde bietan zehar begia zeharkatzen dion eta hegaletaraino iristen zaion arrasto beltz nabaria izaten du.

Txoritxo maitagarria dirudi txantxangorria, baina oso zorrotza da bere lurraldea zaintzen. Beharrezkoa bada, borroka egiten du bertara hurbiltzen diren beste txantxangorriak uxatzeko. Urte guztian zehar mantentzen dute jokabide hau arrek zein emeek. Kantua usatzen du lurraldea markatzeko.

Garrapoaren kasuan ibilerak bihurtzen du bitxi. Ia beti, zuhaitz-enborretan eta adarretan gora eta behera ikusiko baitugu, atzamar sendoez enbor-azalari eutsiz; gorantz, nahiz buruz behera jarririk, lurrerantz datorrela. Bakarka edo binaka bizi da basoan, baina negua heltzen denean taldetan bil daiteke beste garrapo, kaskabeltz edo beste parido batzuekin.

Kaskabeltza kantari jaioa da; berrogeitik gora kantu eta dei kantatzeko gai da. Bestalde gizakiokin nahikoa ongi moldatzen da. Hiri eta herrietako parkeetan bizitzera ohitu da. Habia-kutxetan erraz egiten du habia eta gizakiok jarritako elikaguneetan jateko ez du arazorik. Ikusi izan denez, negu gorrienetan jaten duenaren % 44 elikagune horietan utzitako ekilorehaziak izan daitezke.

Habia egiteko garrapoak eta kaskabeltzak zuloak nahiago dituzte. Txantxangorriak ordea adarretan egin ohi ditu. Garrapoa, gainera, igeltsero abila da. Zuhaitzenborrean aurkitutako zuloa handiegia bada, errekabazterretik bildutako lohia usatuz , bete egiten du eta neurri egokira ekartzen du.

Txori txiki hauen bizitza ez da samurra eta ume asko egin behar izaten dituzte espeziearen iraupena segurtatzeko. Txantxangorriak eta kaskabeltzak bi kumaldi izaten dituzte urtean. Garrapoak ordea bakarra. Kaskabeltzak 18 arrautza bitartean errun dezake kumaldi bakoitzeko. Txantxangorriak 4-6 arrautza bitarteko errunaldia izaten ditu, baina kasu batzuetan, 3 kumaldi ere izan ditzake urteko. Ez da hori harritzekoa! Izan ere, erruten diren txantxangorri 10 arrautzako, ale bakar bat biziko hurrengo ugaltze-sasoia iristen denean, 1,5 urteko baita txantxangorriaren batez besteko bizi-esperantza. Garrapoa, aitzitik, 2-3 urte bizi ditzake eta hainbat kasutan baita lau ere.

Txantxangorri lotsagabeak, niri begiratzeari laga eta lurrera egin salto. Mokoa orbel artean sartu eta zerbaiti heldu ondoren hegan urrutiratu zait. Ibiltzeari ekin diot berriz ere, neroni ere begiak lurretik kendu gabe.

Kantua eta bideoa

Kantuagatik bereiz daitezke txoriak ikusten ez direnean ere. Beheko Internet-esteketan horien kantuez gozatzeko parada izateaz aparte bideoak ere badaude.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala