edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Garo meta izugarria Lete aurrean

Amaia Nez

irudia
Idi parea gurdiarekin. Luis Mari Nez

Orain dela ez hainbeste urte ohikoa zen metak ikustea. Baserri inguruetako zelaiak metaz betetzen ziren eta erraza zen bizpahiru batera aurkitzea. Gaur egun, berriz, jada ez dira ikusten, paisaiatik desagertu direla dirudi. Metak nekazal giroko kulturaren parte izan dira eta horregatik Alkizan tradizioa berreskuratzea erabaki zen.

2009ko azaroaren 22an Itxurain elkarteko kideek, hainbat herritarrekin batera, garo meta Alkizara ekarri zuten berriro. Ez zen nolanahiko irteera izan eta elkarteak antolatu ohi dituen ekintzetan bezala, azkenean herriko talde ezberdinak elkartu zituen ekimena izan zen. Txerri hiltzearen tradizioa eta txondorra bezala, herriko parte izan ziren urte askotan metak eta orain ere ikastola, haur, guraso, e.a.ek parte hartu zuten.

Garo meta egitearen tradizioa galtzen ari zela ikusirik, Jose Ignacio Gorostidi ‘Lete’k proposatu zuen kultur ekimen berri bat bezala. Aspaldian zuen meta egiteko ideia, bere etxe aurrean jartzeko. Hala ere, hasiera bateko meta txikia egiteko proposamena pixkanaka- pixkanaka hazten joan zen eta azkenean ikastolako haurrak, argazki erakusketa, eta idi gurdia ere batu ziren.

Baserriko lana talde lanean egiten zen normalean eta oraingoan ere horrela izan zen. Adin guztietako herritarrek osatutako talde bat igo zen Itxuraineko sorora. Hala ere, ekimena burutu aurretik ere talde lana beharrezkoa izan zen eta horrela lortu zen garoa garraiatzeko beharrezko materiala. Gurdia Altzorbe baserrikoek utzi zuten eta lera Maitegikoek. Idiak berriz Larraulgo Larrunbide baserrikoak ziren.

Itxurain elkartearen helburuetako bat garai batean herri txikietan eguneroko bizitzan egiten ziren lanak berreskuratzea eta gogoraraztea da. Horregatik, garo meta egiteak elementu asko funtzionamenduan jartzea eskatzen zuen. Garai bateko ohiturak jarraitzen saiatu ziren oraingoan ere, eta horretarako lagun koadrila joan zen goizean goiz mendira, Itxurain tontorrera hain zuzen. Bertan prest zegoen garoa moztea izan zen zeregina. Era berean, traktorea haur txikienak eramateko bakarrik erabili zen, eta garoa idi pareak gidatutako gurdian bildu zen.

zaharretik iritsi zen Alkizara. Bertan itxaroten ari zen herritar taldea eta elkarrekin igo ziren garoa biltzera. Larraulgo Larrunbide baserriko Martin Aritzetaren idi beltz parea proba ugaritan parte hartutakoa da eta erraz bete zuten gurdia tontorreraino eramateko lana. Bai igoeran, baita jaitsieran ere, garoz betetako bi lera eraman behar izan zituzten. Idi pareak ezik, beste material guztia alkizarra zen. Abantaila laster hartu zuten idiek eta taldearen gehiengoa segituan atzean geratu zen bidea lasai-lasai igoz. Taldea goia iritsi zenerako garoaren gehiengoa jada bilduta zegoen. Aurreko egunean, Gorostidi berak eta Itxurain elkarteko kide batzuk moztua eta jasotzeko prest utzi zuten. Horrela, taldea iritsi eta jasotzeari ekin zioten. Idi pareak lera mantentzen zuen bitartean, Gorostidi, Guillermo eta Hernandezek garoa bildu eta kargatu zuten, lehenengo gurdian eta gero leran.

Bitartean haur eta helduek indarrak berreskuratzeko aprobetxatu zuten. Lete baserritik goizeko bederatziak inguruan irten ondoren, denbora gutxi zegoen fruitu lehor batzuk jan eta beheranzko bidea hartu aurretik, hamaiketakorako berriro plaza txikian egon nahi baziren. Gurdia segituan bete zen garoz eta taldea herrirantz joan zen. Jaitsierako bidea egiteko beste bidea erabili zen, gurdiak igoerakoan erabili zutena. Leten hamaiketakoa zegoen itxaroten. Gorostidik meta antolatzen zuen bitartean, gainontzekoek taloak, sagardoa eta gaztaina erreak dastatu zituzten. Eguna Beheko plazan bertan egindako barrikotearekin amaitu zen.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala