edukiak
edukiak
  • hasiera
  • Artikuluak
  • euskal-literaturan-hernio-beheko-izar-batzuk-idazle-eta-bertsolariak

ArtikuluakArtikuluak

Euskal literaturan Hernio-beheko izar batzuk, idazle eta bertsolariak

Pello Joxe Aranburu

irudia
Asteasuko Juan Bautista Agirre.

Pello Mari Otañok bertso hauek berak idatzi eta Oroimenak bere izkributik hartu ditut. Bukatu gabeko opera baten antza du eta elkarrizketa moduan emanak daude:

Galdera: Erniyo zer da?
Erantzuna: Mendi arkaizti tontor aundiya ta euskaldunen libretokiya.
Galdera: Gaurko euskaldunak zergatik bada ez dira joaten mendi artara?
Erantzuna: Tontor artara ez leike igo bidea jarri gabe garbiro.
Galdera: Zer sasi daude, ta zer naspillak, orla egoteko mendi-mutillak?
Erantzuna: Animan sartzen diran lar latzak, biotza jotzen duten arantzak.

Pello Marirentzat Ernio mendi mitikoa da eta bere bertsoetan gaurkotasun handiko mezua utzi zigun: Euskal semeak jaso ditzagun biyotz elkartubak gora, eta lenbailen bildu gaitezen denok elkarren ondora; berriturikan Lekobideren eta Laurtanen denbora, igoko gera gure gaztelu betiko dan Erniyora.

Herri orok du eremu geografikoa, lurra nahiz ura, ortzia, historia eta hizkuntza. Normalki nor bere hizkuntzan, ahozko edo idatzian gordetzen da herri bakoitzaren historia, lehengo, oraingo eta geroko biztanleei argi egin diezaien. Hizkuntzak jakinduria, kultura eta nortasuna ematen digu, nor egiten gaitu. Aurten argitaratu dugun Pello Mariren arnasa liburutik xurgatutako ideiak dakartzat hona.

Euskal Herriak badu bere eremu geografikoa, lurra nahiz itsasoa, bere ortzia, historia eta bere hizkuntza, hots, euskara. Euskaraz hitz egin, elkarri ohitura eta tradizioak pasa, euskarak herri egiten gaitu, Euskal Herri. Europako hizkuntza zaharrenak hemen, gure artean iraun du beste guztiekin batera elkarbizitzan, lehian, bata bestea aberastuz gainera. Oztopoak oztopo euskaldun gara, euskara darabilgu, euskarak aberasten gaitu. Euskaldunok ez dugu berehala etsiko gure betidaniko erronka honetan.

Euskaraz idatzi eta abestuz bi literatura mota sortu eta garatu ditugu: alde batetik, bat bateko ahozko literatura edo bertsolaritza eta, beste alde batetik, literatura idatzia. Biak dauzkagu bizirik, geroz eta areago gainera. Bietatik datorkigu euskaldunoi argia, noski ez horietatik soilik, bai ordea bereziki guretik. Beraz, bi euskal literaturak dira gure izarrak egunez eta gauez argitzen gaituztenak, eguzki, ilargi eta izarren antzera. Zentzu oso zabalean harturik, euskara ikasi, irakatsi, erabili eta bultzatzeak, edo euskaraz entzun, irakurri, abestu, argitaratu eta idazteak, ekimen guzti horiek dira euskal literaturaren baitakoak, neurri apal batean euskal izarren keinu eta distirak.

Euskal literatura idatzia, XVI. mendean Iparraldean hasi zen eta euskal literatura idatziak han betidanik tradizio handiagoa izan du, besteak beste, aipagarria da Sarako eskola, Axularren GERO maisu lana. Hegoaldean beranduago, XIX. mendean, orokorrean hasi zen euskaraz idazten eta Euskal Pizkundea deitzen zaio, 1876-1936 urteetako euskal literaturari. Adibide batzuk emate arren, Txomin Agirreren Kresala (1906) eta Garoa (1912), Kirikiño-ren Abarrak (1918), Xabier Lizardiren Biotz-begietan (1932) eta Lauxetaren Bide barrijak (1931) aipatu dira hemen, lehen mailako izarrak izan baitziren.

1937-1956 gerraondoko pertsekuzio eta debekuen urteak izan ziren. Euskara mintzatua ere erasana izan zen eta euskaldungo eskolatu batzuk erail, gehiengoa atzerriratu, barruan gelditu zirenei debekatu egin zitzaien elkartu eta bilerak egitea.

Aipatu gerra ondoren, Hego Euskal Herrian apurka beste izar batzuk piztu ziren: Leturiaren egunkari ezkutua, lehen eleberri modernoa, 1957an, Txillardegik idatzia eta, 1964an, Gabril Arestik Harri eta herri poema liburua adibidez.

Ahozko euskal literatura edo bertsolaritzaz Lekuona osaba-ilobak dira, nire uste apalean, aipatutako gaiari buruz hitz egiteko maisurik egokienak. J.M. Lekuonaren hitzak erabiliko ditut. Bertsolaria herri poeta da, ahozko tradizioaren arabera, bat-batean sortzen eta abesten ditu bere bertso eta poemak. Lau etapatan sailkatu zituen bertsolariak, muga zehatzak ipiniz:

  • Erromantizismo-aurrea (1800-1839), Lehen Karlistaldia baino lehenagoko herri bertsolariak, esaterako Fernando Amezketarra.
  • Erromantizismoa (1839-1876), bi karlistaldietako lau izen: Xenpelar, Billintx, Iparragirre eta Etxaun emanaz.
  • Pizkunde-aurrea (1876-1936), gerra zibila aurreko bertsolari multzoa oparoa eta adibideak hautatzeko orduan zailagoa egiten zaigu. Hernio-behekoak albora utzita, honakoak: Txirrita, Alkain, Udarregi eta Enbeita laukotea nabarmendu dut.
  • Pizkundea (1936-1968). Izenak berak adierazten duenez ikaragarri ugaldu eta hobetu zen bertsolaritza, besteak beste, Basarri, Uztapide, Xalbador eta Lasarte bertsolarien eraginez.

Hernio-behea erakunde historiko eta erlijioso bat izan zen urte askotan zehar. Ernio mendiaren inguruko abade eta eliz gizonak bi taldetan ondo antolaturik zeuden, eta ia Gipuzkoa osoko beste kideekin hilero eta txandaka, batzuetan Bidanian eta beste batzuetan Asteasun bildu ohi ziren. Ernio mendiaren hego aldekoei “Corriedo de la Sierra” eta ipar aldekoei Herniobehea deitzen zioten. Herri hauek osatzen zuten Hernio- behea: Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona, Andoain, Urnieta, Sorabilla, Aduna eta Zizurkilek. Artikulu honetan aipatu herriotan jaiotako idazle eta bertsolariak soilik kontuan izan dira.

Pello Mariren aurtengo mendeurrenari Oilategitik aldizkariaren hamar hurrena erantsi nahi diogu. Alkizako Oilategitik aldizkaria bera, zentzu zabalean, euskal literaturako ekimen bat da eta aurten hamargarren alea kaleratuko dugu. Bailara honetako autore batzuk zer eman dioten euskal literaturari esaten ausartuko naiz.

Hernio-beheko izarren artean lau idazle eta beste hiru bertsolari behintzat, goi mailako zazpi izar hautatu ditut adibidetzat. Lehen mailako izarrak aipatu aurretik, 1936ko gerra osteko, Pizkunde garaiko Peruko Anttonioren ausardia aipagarria da. Euskal zuzia harturik, Argia aldizkarian gure herriaz gerra aurretik kronikak idatzi zituen Krispin Sorarraini semeak jarraitu zion, Arantzazun frantziskotar zelarik, Euskal Herriko giro debekatuan euskaraz lehen obrak idatziz. Gatozen hemen eta orain Hernio-beheko konstelazioa adieraztera.

Andoinen, 1690ean, jaio zen Manuel Larramendi jesuita. Euskal idazle jakintsu eta autoritate handiko pertsonaia izan zen. Hegoaldeko euskal literaturaren aita deitu zion Villasantek, bere eraginagatik. El imposible vencido izeneko lehen gramatika idatzi zuen, urteetan euskaldunek erabilitako artizarra. Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latin izeneko hiztegiak, berriz, berealdiko arrakasta lortu zuen. Bi adibide horiek aski dira eta ez noa gehiago luzatzera bere obra anitza hona ekarriz. Ubillos frantziskotarra, Amasan, 1707an jaio zen, Larramendiren hurbileko eta jarraitzailerik goiztiarrenetako bat izan zen. Alkalan ikasi, filosofiako liburuak idatzi, fraideen irakasle eta goi ardurak eraman zituen.

Asteasun jaiotako beste bi idazle sonatu azpimarratuko ditut: bata klasikoa, 1742koa, eta bestea modernoa, gaur oraindik bizi dena. Joan Bautista Agirre asteasuarrak ez zion jarraitu Larramendiren hiztegiari. Euskara herrikoia erabili eta bere obra maisu lantzat onartua da, “el mejor escritor guipuzcoano de la época antigua” zioen Villasantek, nik berriz, bere biografia idatzitakoan, euskal idazle klasiko eta goren mailakoa izan zela nioen. Beste asteasuarra, aldiz, Jose Irazu edo Bernardo Atxaga da gaur egun euskal idazlerik sarituena eta beste hizkuntzetara bere obrak itzultzen ari den autorerik oparoena. Euskal idazle akademikoa bilakatu zaigu.

Ahozko literatura edo bertsolaritza. Hernio-behean bertsolari bikainak sortu ziren Pello Errota Asteasun eta otaiñotarren leinua Zizurkilen. Batzuk aipatze arren, Larraulgo Larrunbiden jaio zen Errekalde Zaharra eta Zizurkilera ezkondu, haren semea Jose Bernardo Otaño, berriz, Errekalde baserrian sortua, denak Pizkunde aurrekoak izan ziren. Pello Errota eta Jose Bernardo elkarrekin herriz herri ibili ziren, bikote sonatua osatuz. Hiru haiek lehen mailako bat bateko bertsolariak bilakatu ziren. Bai Pello Errota, bai Errekalde Zaharraren bi familietan baziren bigarren mailako gizonezko eta emakumezko bertsolari andana. Baina, bi familietako bertsolaririk ospetsuena beste harako hura izan zen, aurten bere heriotzaren mendeurrena ospatzen ari garena, Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen Pello Mari Otaño Barriola, Errekalde Zaharra bertsolariaren biloba. Hark merezi du aparteko aipamena.

Joan Mari Lekuona maisuaren ideietan babesturik natorkizue. Berezko dohainak zituen Otañok bertsogintzaren alorrean: ugaritasuna, zehaztasuna, abilezia. Ugaritasuna zetorkion bertsolaritzaren altxorra menderatzetik, etxean ikasitakotik noski. Zehaztasuna bere izaeratik, bere formaziotik eta abilezia ere berdin, bere ikasketatik, poesi maneiuak jakitetik. Lore-jokoek eman zioten gai jakinak mamitzea, teknika berriak bilatu eta lantzea eta poeten belaunaldi jakin batekin harreman ongarriak edukitzea.

Lore-jokoak zirela eta, izen publiko bat bereganatu zuen poesi alorrean. Otaño jendaurrean kantatua izan zen, sariak jasotzerakoan, esaterako, Donostian, Arrasaten eta Oiartzunen. Beraz ezagutza eta sona Donostian hasi eta ondoren handik hedatzen joan zen Euskal Herri osora. Baina, Otañoren zabalkundea liburuetatik etorri zen, Zerbait (Donostia, 1895) eta Elkar (Buenos Aires, 1904). Gero geroak kanpoan utzita.

Pello Mariren errainua, ordea, ahozko zirkuituan sartu zuten Basarri eta Uztapidek klasikotzat harturik, jantzia, ugaria, euskara garbikoa, arrazoizkoa, errespetuzkoa, garaiko eskakizunei egokituagoa zelako. Geroztik, Amuriza etorri arte behar bada gehienik eragin duen maisua da Otaño bertsolaritzan dio Lekuonak. Amaitzeko Pello Mariren bertso bat dakart hona.

Gora Euskalerriya
ta semeai deitu,
esanaz euskera nai
dezula aditu;
bat bakarrik atzera
ez leike gelditu.
Gure erriyak Fueroak
txit bereak ditu,
ta illko da betiko
galdutzen baditu.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala