edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Ehun urteren peskizan, Alkizan

Alkizako bi Pello apaizak

irudia
Arpidegaraiko baserriko Alejandra Zugasti Tejeria, semea eta alabarekin.

Bi Pello apaizen artean egin dugu artikulutxo hau. Ni Pello erretoreak Etxabeko Benita amonaren azken urteetan, ia hilero bisitatu, Jauna eman, bere familiarekin tertuli atsegin bat egin eta ehun urteren atarian berari hileta egin behar izan genion. Oilategitik aldizkarian, berriz, herriko amonaren ehun urte betetzea ospatu ezinik geratu ginen. Hura gu guztion tristura!

Edonor ez da iristen urte horietara. Emakumeak errazago gizonezkoak baino. Ameriketako Los Angeleseko zientzia talde batek hori frogatu du, mundu guztiko adineko pertsonen jaiotza eta heriotzako agiriak erabiliz. Azken aldi hauetako pertsonarik adintsuena, 122 urteko emakumezko bat, Jeane Calmet da. Maila apalago batean gabiltza alkizarrok.

Alkizan jaiotako amatxi berri bat agertu zaigu, ordea, ehun eta bat urte dituena, beraz Benita baino xaharragoa. Amona ez-ezagun honen lehen berria Arpideko Felix pelukero auzokideak eman digu. Esker on Villabonan bizi den alkizarrari. Hariari tiraka Irura, Anoeta, Larraul eta Montevideoko amonaren ahaideengana heldu gara. Denek gustura beren berri eman eta argazkiak oparitu dizkigute, irrika bizian daude Oilategian ikusteko.

Alejandra Zugasti Tejeria, 1909ko otsailaren 26an, Arpide-garai baserrian jaio eta berehala bere familiak alde egin omen zuen hemendik. Bere aita Martin Nikasio Zugasti Amilibia izan zen eta ama, berriz, Larraulgo Larrolako Katalina Tejeria. Aita aldeko aiton-amonak Juan Jose Zugasti Artola eta Katalina Amilibia.

Zortzi senideko familia izan zuten gurasoek: Arpide- garaiko baserrian Lontxo, Rufina, Kristina, Jeronima eta Alejandra eta beste hiru Joxepi, Angel eta Jose Luis Apatxen, Anoetan.

Alexandrak Anoetako etxe dotorea utzi eta gaztaroan lehenik Donostiara lanera joan zen, eta handik 1920ko hamarkadan Ameriketara ahaideengana abiatu zen, nonbait ilusio berrien bila. Aurrenekoz Argentinan eta bigarren txanda batean Uruguai nazioan lur hartu zuen. Han bizi zen osaba batekin ezkondu zen.

Larrolako Jose Antonio, Alejandraren amaren anaia zen, 1885ean jaio eta mairuen gerrara ez joateagatik ihes egina. Osaba aberatsak iloba xarmanta bereganatu zuen. Hamalau urte Patagonian artzaintzan eta beste hogei abeltzaintzan egin zituen Tacuarembon. Garaiko Amerikako egunkari batek hauxe dio Jose Antoniori buruz: Posee un prestigioso plantel merino con más de 50 años de refinamiento, historia handiko artzaina zela alegia.

Bi seme-alaba, Marta eta Pepe izan zituzten. Senarra berehala hil zitzaion alkizarrari, 1942an. Alargundurik, bi ahur gazterekin geratu zen. Etxea ere hondatu zitzaion. Bere bizitzan asko sufritu omen du ehun eta bat urteko alkizar amonak, baina bizimodua aurrera atera du gaurdaino Montevideon bizi den Alejandrak. Gurasoak ez-ezik Alejandra ere ausarta izan zen Murgil pendizetik Anoetara jaitsi, Donostian lanean jardun eta hain gazterik abentura bila Ameriketara abiatzeko.

Orrialde hauetatik eskerrik beroenak Villabonan bizi den Felix alkizarrrari, Irura, Anoeta eta Larrolan bizi diren ahaide guztiei eman diguten informazioagatik. Alejandrari, berriz, osasuna eta duintasunezko bizitza luzea opa dio Alkizako Oilategitik aldizkariak. Gure berri edonondik jakin daiteke.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala