edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Denbora bankua martxan Alkizan

Agurne, Itsaso eta Ana

irudia
Parte hartzaile bat lanean.

Hartu denbora behar duzunean, eta eman denbora ahal duzunean

Azkenaldi honetan oihartzun handia duen sistema honek trukea du oinarri. Eta ez da gauza berria, zuetako batzuk gogoan izango baituzue garai bateko auzolana. Denbora bankuan norberak eskaini dezake bere denboraren zatitxo bat, dituen abileziak edo eman nahi duen laguntzen arabera. Era berean, bankuaren erabiltzaileak eska dezake behar duena. Aiztondon ideia hau berreskuratu egin nahi izan da eta mankomunitatea osatzen duten Larraul, Zizurkil, Aduna eta Alkizan dagoeneko lehen urratsak ematen hasiak dira. Beraz, argibide batzuk eman ditzagun Banku honen erabilpenaren inguruan.

Zer da Denbora Bankua?

Diruan oinarritu beharrean, lan-ordua aintzat hartzen duen zerbitzuen trukatze sistema da. Aiztondo osatzen duten herritarrak elkarri lagundu eta ezagutzeko baliagarria izan daitekeena.

Norentzat da Denbora Bankua?

Denbora modu berdinean trukatzeko prest dauden pertsona helduentzat da. Eskaintzen diren zerbitzu guztiek, Denboraren Bankuan berdin balio dute, hau da, denborak kontatzen du. Denok dugu zer eskaini.

Nola funtzionatzen du?

Oso erraza da: zure beharretarako laguntza jasotzen duzu eta, trukean, zure denbora eskaintzen diezu beste batzuei. Lehenik, norberak behar duena bere herrian lortu dezan ahaleginak egingo dira. Behar duen hori herrian bertan ez balego, bankuko arduradunak beste herri bateko norbaiti deituko lioke.

Eskaera bat jaso ondoren, eskatutakoa ezin badugu egin, edota nahi ez badugu, ezetz esan dezakegu. Bankuko arduradunak beste bati deituko dio eta beste inor aurkituko ez balu, eskaria bertan behera geratuko litzateke.

Ezin du inorentzat zama bat izan behar, gustura egingo den zerbait baizik.

Nola ordaintzen da?

Partaide bakoitzak talonario bat izango du eta laguntza jaso ondoren bertan idatziko ditu denbora eskaini dionaren izen-abizenak eta horretan eman duen denbora.

Pilik gaztak egin ditu eta urte osorako egoera onean mantendu nahi ditu. Berak modurik ez duenez, Denbora Bankuan eskatu du laguntza. Amaiaren telefonoa eman diote. Amaiak enbasatzeko tresna duenez, bere laguntza eskaini dio.

 

Zer eskaintzen du Denbora Bankuak?

  • Umeak eta adineko pertsonak zaintzea, zerbait irakurtzea...
  • Masajeak
  • Etxeko txapuzak
  • Autoaren “ITV”a pasatzea
  • Sukaldaritza
  • Furgoneta eta kotxe zerbitzua
  • Oporretan etxea zaintzea: kartak jasotzea, landareak ureztatzea...
  • Aholkularitza eta laguntza etxeko arlo ezberdinetan: elikadura, ekonomia, garbiketa, baratza...
  • Internet bidez bidaiak antolatzea
  • Gehi zuk eskaini nahi duzuna!

Zer egin bertako partaide izateko?

Aiztondora, 943 693 930 telefonora deitu.
Informazio gehiago nahi izanez gero deitu Itsasori.

Anima zaitezte!


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala