edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Antonio Sorarrain Amunarriz, Alkizako idazle goiztiarra

Pello Joxe Aranburu

irudia
Antonio umetan

Peruko Antonio idazlearen apunte labur batzuk emango dira aurtengo artikulu honetan, ondorengo urteetan jarraitzeko asmoarekin. Oilategitik aldizkarian, lehen aletik hasita ia urtero, Antoniok artikuluak eskaini dizkigu. Baina, azken urte hauetan mututu egin zaigu, bat batean. Gu, ordea, bere hutsunea ordezkatzen saiatuko gara. Antonioren haurtzaro eta batez ere berak, 1950-1955 urteetan, gaztaroan idatzi zuen obra literarioa aztertu, plazaratu eta goraipatuko du aldizkari honek. Laburki azpimarratu nahi da gerra osteko euskal literaturan alkizarrak bete zuen papera, egunsentiko idazle goiztiarrarena.

Antonioren familia, 1922an, Zizurkilgo Iriartetik etorri zen Peru baserrira, Alkizara. Krispin Sorarrain eta Maria Hermerejilda Amunarriz Anoetan ezkondu ziren, aita asteasuarra eta ama Anoetakoa zituen-eta. Senide ugariko familia izanik, batzuk Zizurkilen jaioak, baina, gehientsuenak Alkizan sortu ziren, Perun. Hain zuzen, Antonio, 1928an, eta urte gutxira ama hil zitzaion.

Lehen momentutik gure jaioterrian sorarraindarrak bete betean bertakotu ziren. Baserria erosi eta galtza bete lan bereganatu zuten zorrak kitatzen. Krispin, berehala, Argia euskal aldizkariko herriko kronikari bilakatu zen eta semeari aitarengandik zetorkion idazteko sena, agian.

Antoniok lehen ikasketak Alkizako eskola berrian egin zituen, San Martin ikastetxean. Gogoratzen da bere maisuaren izenaz eta eskolako ordutegiaz: “sei urtera arte ez giñan eskolara joaten, ezta dotriñara ere. Gure ordutegia goizez 9etatik 12etara izaten zen eta arratsaldez ordubietatik lauetara” idatzi zuen “Garai bateko Alkiza” 2001eko bere idazlanean.

Herriko ikasketak amaitutakoan, gerra ondoren, apaiz ikasketak frantziskotarren komentuetan burutu zituen. Hiru etapatan banaturik: humanitateak, filosofia eta teologiako ikasketak. Arantzazun apaiz egin eta meza berria, berriz, jaioterrian eman zuen, 1953ko martxoaren 6an. Bere lehen mende laurdena, hau da, herriko hamabi urte eta kanpoko hamahiru urteen erdi erdian, gertakizun itzela bezain krudela suertatu zen, 1936ko gerra zibila. Euskaldun guztiok eta Euskal Herria bi mundutan banatu gintuen. Euskal giroa goitik behera zapuztu, aldatu eta ukatu nahi izan zuena.

Antonioren euskal obrak aztertzen hasi aurretik, orduko giroa eta frantziskotarren komentuetako, hots, gerra osteko heziketa landuko da labur bederen. Beraz, alderdi honek bi zati izango ditu: alde batetik, Euskal Herrian euskarak eta euskaldunek jasan izan zuten eraso bortitza, eta beste alde batetik, frantziskotarren komentuetan ikasleei eman zitzaien heziketa, biak Alkizako seme idazlearen baloreak neurtzeko orduan kontuan hartu beharrekoak.

Aipatu gerraren hamarkadan, Migel Unamuno bilbotarrak euskararen aurkako irainak publikoki defendatu eta mesprezuak egin zizkion gure hizkuntzari: euskara baserritarren hizkuntza soiltzat jo zuen, nekazal girorako bakarrik balio zuen; gainera, hil zorian zegoen eta ez zen inoiz hizkuntza kultu bat izango; hura lantzen aritzea denbora galtzea zen eta euskaldunek egin zezaketen gauzarik jatorrena euskarari hileta ondradu batzuk egin eta lehenbailehen hilobiratzea zen; euskara berez, bere izaera zela bide ez zen gai hizkuntza kultu bilakatzeko. Horiek ziren bere axioma batzuk.

Franko eta gerra irabazleek, berriz, beste bide eta jokabide batzuk erabili zituzten euskararen kontra, askoz ere maltzur eta gogorragoak: euskal idazle ospetsu batzuk erail, eta beste asko espetxean sartu edo atzerriratu arazi zituzten; euskal prentsa eta irakaskuntza oro, euskal izenak eta sinbologia guztia debekatu eta eraso zuten, bai bizitza publikoan, bai kaleetan, bai elizetan ere. Neurriak zertaraino iritsi ziren adierazteko bi adibide aipatu dira hemen: Alkizako elizan, igande arratsaldeetan arrosarioa euskaraz esatea debekatu zen. Erretorea gazteleraz errezatzera iritsi omen zen eta laguntzaileari, euskaraz egiteagatik, 500 pezetako isuna jarri zioten. Berrobin, berriz, 1937ko abuztuaren 28an, San Agustin zaindariaren egunez sermoia euskaraz frantziskotar batek egin zuelako, atxilotu eta isun bat ordaindu zuen.

Antonioren hitzak dira: Euskeraren aldekoak ere euskeraz itzik ez genduan egiten gure artean. Komunidade ekintzak, otoitzaldiak, errefektorioko irakurketak otorduetan... dana-dana erderaz egiten zan. Euskeraz tutik ez. Nik neronek aitortzen det euskeraz egiteko ez girorik eta ez betarik aurkitu ez nuela urte aietan Arantzazun. Euskal solaskide bakará Demetrio Garmendia izan nuen. Aipatu alkizarraren beste hitz batzuk dira: Euskaldun jatorrak ere baziren. Bateren batzuk aipatzeko Salbatore Mitxelena, Eugenio Agirretxe, Karmelo Iturria, Kandido Zubizarreta, Kandido Izagirre… baiña auei ere sermoi eta idatzietatik aparte ez zitzaien euskeraz itzik entzuten komentuan, giroa ez baizan orretarako apraposa.

Euskararen katakonba giro hartan, frantziskotarren menpean apaiz ikasketak Antoniok egin eta amaitu zituen Arantzazun, 1950garren hamarkadan. Arantzazuko komunitatea indartsu zebilen fraide kopuruz eta proiektu arkitektonikoz, Aita Lete probintzialak baseliza erreformatu eta erromes gune nagusi bilakatu nahi baitzuen, gero gertatuko zenez.

Gerra ondorengo euskal literatura atzerrian hasi zen urteetan gure Antoniok bere lehen liburuak idatzi eta Arantzazun kaleratu zituenean:

  • 1950, Santa Maria Goretti, bere bizitza, bi bertsiotan.
  • 1954, Itzaltzu’ko koblaria, elezaharra.
  • 1954, Irarrazabal’go orma tartean, ipuina
  • 1945, Lili txuria odoletan, biografia.

Santa Maria Goretti, bere bizitza” (1950). Gipuzkera xamurrez idatzi eta sei hilabetean agortu zen. Berehala bizkaieraz taxutu zuen bigarren alea eta 15 laurlekotan saldu. Orduko bi aldizkarietako laudorioak aldatu dira hona. “Aita Sorrarainek bizi eta euskera errez-ederrean agertu du Santa Maria Gorettiren bizitza eta irakurtzen asi ezkero eskutik uztea ez da atsegin. Idazle gaztea da, baño urte sail batez ondo idazten aritu dan idazlea dirudi”. Ez du firmarik iruzkinak. Andima Ibinagabeitia idazleak, berriz, 1951ko Euzko- Gogoa atzerriko aldizkarian aipamen bikainak egin zituen. “Arantzazu’ko Amaren mantupetik datorkigu gaurkoa. Txukun eta poliki apaindua. Euskera aberatsez ornitua, aberatsez bainan erritarrez. Ua bai gure praile gaztearen ugaritasun eta errextasuna. Baserriko euskera goxo eta xamurra darabilzki Aita Sorrarain’ek SANTA MARIA GORETTI deritzan bere liburutxuan”. Bi komentarioetan abizena aldatu zioten.

Maria Goretti santa egin eta berehala hizkuntza anitzetan bere biografiak idatzi ziren, baina, Antonio ez zen mugatu ale haietako bat hautatu eta itzultzera. Erdarazko liburuak irakurri, hausnarketa bat egin eta lan goragarria atera zitzaion euskal bertsioetan, “irudimen bizi, idazkera bizkor, pentsamendu zailu eta gogo sakonekoa” zioen A. Ibinagabeitiak. Eta Antoniok, berriz, bizkaierazko bertsioan hauxe gehitu zuen: “Nik ez dakit idazteko beste Bizkaiko euskeraz. Baña badira gure artean bizkaitar izkuntza samurra bikain dakienak. Aren bizkar itxi neban lana. Baita laster asko egin bere. Eta orra orain argitaratu. Giputzarenak egin dau, azkenekoak saltzen oraintxe. Sei illabetean juan iaku. Nik uste baño arrera obea egin deutse liburuari”.

Antonio idazle gazteak lehen obraren arrakasta ikusirik bere burua animatu eta Arturo Kanpionen elezahar interesgarria hartu eta dotore itzuli egin zuen, “Itzaltzu’ko Koblaria” ipuina, Kanpion jaunak ondua eta Sorrarain’ek euskeratua”. Euzko-Gogoa aldizkarian, Guatemalan, 1954an argitaratu zioten. Itzulpenetan ere trebezi aparta erakutsi zuen.

Halere, Antoniorentzat 1955. urtea izan zen oparoena, literaturaren aldetik behintzat. Berriro berak itzulitako ipuina argitaratu zioten. Baina, orduan Zarauzko Itxaropena argitaletxearen Kuliska-Sorta bilduman, baimen legal eta guzti. Bildumako 7-8. aleak Elezarrak zeraman titulua eta beste ipuin gehiagorekin batera argitaratu zuten: “Irarrazabal’go orma tartean”, Antoniok asmatua; “Ernio garbi”; “Ola zarrai begira” era “Arraun ta Amets”. Azken hiru elezaharren idazleak ere frantziskotarrenak ziren, besteak beste, Salbatore Mitxelena tartean zegoen, idazle atzerriratua eta sonatua euskal literaturan. Urte berean Peruko semeak Ama Maria Teresalinaren bizitza idatzi zuen, “Lili txuria odoletan” izenarekin. Haren iruzkinak merezi du beste urte bateko jarraipena. Ea gure Anttonio animatzen den bere barreneko iradokizunen bat guri ematera.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala