Lorea Agirre
Oraintxe urtebete, batzuk ondo akordatzen gara, ilargibetea zen Alkizako jaietan, eta gau giroa goxoegia goiz etxeratzeko. Gaua asko luzatu zen, dena esango dugu, muturreraino, hurrengo eguna argitzeraino. Eta hortxe topatu genituen gure buruak plazan, eguzki argitu berriari aurpegia emanda, eta gosaldu beharko dugu ba, galdezka. Badira batere nekerik sortzen ez duten parrandak, kontrakoa, irria ezpainetan luze uzten dutenak. Horrelakoa izan zen orduko hura. Maialen Lujanbiok mobilarekin, goizeko zortziak inguruan, egin zituen fotoak horren lekuko. Gurekin izan baitzen gaupasan, frontoian saioa egin eta gero.
Hilabete baino ez zen geratzen Euskal Herriko Txapelketa Nagusia abiatzeko, eta hiru hilabete final handia jokatzeko. Gazteen txosnatik Elizegira eta Elizegitik Ostatura, eta segi kalejiran. Hainbagarren bueltan hainbagarrenez errepikatu genion Maialeni aurten baietz, txapela jantziko zuela. Dena ñabartzen hasten den ordu txiki horietan ginen, eta ilargibeteari ere txapel itxura hartua genion ordurako. Eta txapela jantzita, inkluso janzten ez bazuen ere, bertso afaria antolatuko genuela eta bera gonbidatu nagusi izango zela, bertsorik batere bota beharrik gabe lasai afaltzera ekarriko genuela, eta beste bi bertsolari jarriko genituela lanean. Afariaren ideia asko gustatu zitzaiolako edota halako tema izan genuelako gau osoan, igual, horregatixe esango zion bere buruari, baietz, Alkizako lagunak gustura uzteagatik saiatu saiatuko zela behintzat txapela janzten. Eta ona denak beti du peligroa, saiatuz gero lortzeko arriskua. Eta halaxe egin Maialenek.
Maialen ezagutzen duenak badaki zeinen eskuzabala den. Alkizarrok ere hortaz jakitun gara. Ekainaren 4an antolatu genuen bertso afaria, hitz eman bezala. Uxue Alberdi eta Unai Muñoa etorri ziren kantatzera. Maialen bertan izango zela jakin zutenean, batere kobratu gabe etortzeko prest agertu ziren. Tomas Lizardi jarri genien gitarran laguntzaile. Guztien partetik halako prestutasuna ikusita eskerrak ematea ere tokatzen zitzaigula argi zegoen. Txapelduna Alkizan afaltzen, eta gainera bertso jarriak guretzako propio idatzitakoak kantatzen, eta librean ere beste bi bertsolariekin kantuan bukatzen.
Saioa bikaina izan zen. Giroa harrigarria, emozioz betea. Ostatuko jangela leporaino, eta alkizarrak bertso gosez. Hamaiketan hasi eta goizeko ordubiak jotzear zela bukatu. Umorerik eta ziririk ez zen falta izan. 'Guantanamera' doinuan, mahaiez mahai Uxuek eta Unaik botatako bertsoak ez ditugu ahanzteko. Han aitatu ziren hainbat eta hainbat alkizar. Beste behin, orduko gaupasa hartan bezala, gau gozagarria izan zen.
Gure eskertza ere egin nahi izan genion Maialeni, modu xumean, bestelakoan, handikerietan hasita haserretuko zitzaigula bagenekielako. "Niri omenaldirik ez, ezta horren kutsuko ezer, aittu?". Argi utzi zizkigun bertso afariaren nondik norakoak eta intentzioa. Baina zer gutxiago etorri izana eskertzea. Eñaut, Manex, Ane eta Mattinek bi bertso-jarri kantatu zizkioten. Eta ondoren Manuren lau bertso bikain entzun genituen. Gaupasa gogoangarri haren kronika egin zuen, eta geroago, saioaren erdikaldera, Maialenek ere gau haren bere bertsioa eman nahi izan zigun hamahiru bertso idatzitan. Naroak eta Onintzak ere kantatu nahi izan zioten Maialeni. Eta nola kantatu, gainera! Halakoa izan zen bertso afarian sortu zen giroa, denek nahi zutela eskertza keinuren bat egin.
Aurten ere Alkizako bertso saioan izango dugu Maialen. Gosaria dagoeneko prest dugu. Eta ordura bitarteko poteak ere gure kontura doaz. Izan ere, Maialen txapeldun handia baino gehiago bertsolari ikaragarria da guretzako, eta horren guztiaren gainetik bihotzeko laguna.
Maialen Lujanbioren bertso jarriak:
1 Urtea zan bi mila1 ta bederatzia,1 iraileko hila,1 ilbete bizia.1 Nahiz gaur ekainaren lauan1 bista arazia,1 Alkizako festetan1 jarri zen hazia. |
2 Saioa egin frontoian festan segi plazan, lehengo bertsolari juerga zale haien trazan. Bertsolarien fama bazan ta ez bazan, denaren erruduna Lorea izan zan. |
3 Bertsoek ondorio horixe dakarte kantuan enfin, baino parrandan ze arte. Festan dana emanda hartu gendun parte, alkateak mangera atera zuen arte./td> |
4 Ta festan ez da zalla bi burmuinak sutzen. Ez gaitu ezerk lotsatzen ez ezerk beldurtzen. Denak mozorrotuta zeudelako hain zuzen oain beiratu ta ez det inor ezagutzen. |
5 Kale-jira, arin-arin eta fandanguan, ezpata gerrian ta zapela buruan. Gaur nahiz Balduino zegon barraren barruan, nik mosketero zala ezagutu nuan. |
6 Ta berriz halakorik ein nahi bada aurten, El Txori ta El Jhonan ezin ditugu ken. Iaz tronpoa besterik ez genun entzuten, plaza karratua ia borobildu zuten. |
7 Hiru euneko bizarraz bat bazan ahatik. Pablo Motos zan edo Manu zan ez dakit. Trankas ta Barrankas, ez zun ezer faltik. Hitzein egiten zun hiru ahotatik. |
8 Manu eta Lorea orduko fansenak 'Lujanbio txapeldun' esan zien senak. Kobratu omen dituzte dauden miloi denak finaleko kiniela asmatu zutenak. |
9 Pote pin-ponean bestera-batera barrua bete ahala hustu zan kartera, ta goizeko zazpitan begien kaltera ilargi betea joan ta euzkia atera. |
10 Egun argitan txosna barruan ze mundu bera Ailekhum Salam Salam Ailekhun gu. Orduko moro hura Tomas da, seguru Bizarra ordukoa du, txilaba kendu du. |
11 Koldo eskultorea glamur ta ospe da Gaupasa gurekin ta lanera ostera. 'Donostira nijoa' esan zun, ospera! Herri-bazkarirako sardinak eostera. |
12 Gosai bat zor zitzaion juerga eder horri. Arraultzak prejitzera nik chef gisa korri. Gorringoa zuri ta zuringoa gorri atera bazen ere ez nion igarri. |
13 Ta irailetik abendu urrunan peskian Nahiz ta bi gauza diran nahi eta ahal izan. Iraileko festak, ilbete Alkizan, Txapela borobiltzen holaxe hasi zan. |
Manuren bertso jarriak:
1 Irailean ohitura denez herriko jaiak ALKIZAN bertso saioa ostiral gauez azken urtetako gisan. Giro ederra zenez, etxerako presik ez, berandutxo ere plazan. Zure txapelan ibilbidea gaupasa hartan hasi zan. |
2 Lendabiziko Bergarakoa izugarrizko jarduna, gero Donostin hutsikan gabe beste saio bat txukuna. Zuk exibizioak, ta guk emozioak, eta BEC–en txapelduna. Abenduaren hamairu hura ahaztuko ez duguna. |
3 Berun aleak sasien hazi, ezkontzan dantzan ondoren, giltzurruna ta gabon afarin jarraian ardo edanen. bikaina medikua, ta “sua” magikua, azkenean bis a bisen. Hobekiago ezingo zan da, bejondaizula Maialen. |
4 Lau urte barru zer pasako den ezin arren iragarri, espero behintzat bitarte hortan elkar ikustea sarri. Nahiz handia den maila, ta izan arren zaila, ea han haizen herorri. Berriz txapela jantzi nahi baden aurretik hona etorri. |
xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta
© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)