edukiak
edukiak

Udalaren txokoaUdalaren txokoa

Ur hondakinen trataera: Hobi septikotik araztegi biologikora

irudia
Sistema berria Antzieta baserrian

Gure herriko hainbat baserrietan ez da hain aspaldikoa izango, egia esan, baina ziur gehiengo batek ahaztuta daukala ura etxe barrura ekarri zenekoa.

Landa inguruko herri txiki bat izateak ez du zertan galarazi behar aurrerabide urbanoez baliatzea eta, jakina, hemen ere gureganatu ditugu. Gaur egungo bizitzak ia ezinbestekotzat jotzen du etxean ura izatea: norberaren higienea, etxeko hainbat garbiketa eta janariaren prestaketa bezalako jarduerek eskatzen dituzten baliabideak guztiz derrigorrezkoa egiten dute etxeko ur hornidura.

Halaber, dena dela, ura etxe barrura sartzeak, berau erabili eta gero etxetik ateratzeko beharra dakar berarekin eta hor hasten da urhondakinen kontua: nonbaitera eraman behar da. Honi aurre egiteko hainbat eta hainbat modu egon badira ere, etxalde bakoitzaren lur eremuaren arabera gehienetan, etxe pilaketa ematen den hirigunean aukerak mugatu egiten dira eta estolda moduko sistema ezartzen da putzu beltz amankomun batera ematen duena.

Alkizak azkenengo aldiz horri aurre egin behar izan zionean orain dela 22urte izan zen, hobi septiko bat eraikiz eta plazako ur zikin guztiak horra bideratuta. Díaz Goena arkitektoak 1985ko irailean aurkeztutako memoriaren arabera, une horretan kaleko etxeek ere bakoitzak bere kasara egiten zituen isurketak putzu beltzetan edo gertueneko mendi-mazelara. Proiektuan, alde batetik, hainbat baserrien eta hiriguneko etxeen ur-hondakinak eta, bestetik, euri-urak jasoko dituzten hodiak aurreikusten dira. Azken hauek errekara bideratzen dira eta aurrenekoak egin beharreko hobi septiko berri batera. Honetan uraren arazketa Actyzime bakterien sistemaren bidez egingo litzateke. Proiektu osoak garaiko ia 8 milioi pezetako aurrekontua zuen eta horren %90 Foru Aldundiak emandako diru laguntzen bidez ordaintzea erabakiko du orduko udal batzak.

Hobi septikoa txikia eta zaharkitua geratzen da

Urteak joan ahala, herria hazi egin da eta lehengo azpiegitura batzuk gaindituta ari dira geratzen. Horien artean, eta nabarmen, hobi septikoak, dagoeneko bere lana behar den bezala nekez betetzen duelarik. Berritzeko, egokitzeko edo beste zerbait egiteko garaia heldu da eta hau ez da gerorako utzi daitezkeenetako bat. Ez horixe!, inguruan bizi direnei galdetzerik besterik ez dago. Batez ere euri jasa gogorren ondorioz gainezka egiten duenean.

Beraz, udaletxean aukerak aztertzen hasi ginen. Zegoena egokitzea, hau da haunditzea, ez zela batere irtenbide ona ikusi zen lehendabizi. Orduan, zegoenaren antzekoa baina gaurkotua, gaur egungo teknologiarekin egiten direnetako araztegi edo depuradora berri bat egitea azaltzen zitzaigun hurrengo urrats natural bezala. Eta horrela horretan aritzen den ingeniaritza estudio bati depuradoraren proiektua egiteko eskatu zitzaion. Zoritxarrez, horrelako araztegi konbentzionalak oso garestiak suertatzen dira, bai eraikitzeko orduan eta baita hortik aurrera mantentzeko ere. Hormigoizko hobi handi bat berriro, hainbat tresneria, argindarra, produkto kimiko garestiak, … Dena dela, oztopo handiena eraikuntza kostua bera zen, udaletxeak ezingo zion eta aurre egin.

Horrela geunden ba, ezin dagoenarekin jarraitu eta ezin berriari ekin, udaletxearen aurrekontuak ez zuen nahikorako ematen eta dirulaguntza txiki bat besterik ez genuen. Jakina, mailegu bat eskatzeko bidea zegoen baino horretarako ere kopuru handiegia zirudien.

Beste aukerak arakatzen

Orduan Koldok liburu bat eskuratu zigun, ur hondakinen tratamendu naturalak deskribatzen zituena, munduan zehar hainbat tokitan (Alemanian, Herbeheretan, Estatu Batuetan, Frantzian, …) eta honetaz pentsarazi zigun. Sistema naturalagoak ziren, gurea bezalako herri txikietara egokituagoak, ekologikoagoak eta merkeagoak. Liburuan agertzen zirenak sistema begetalak ziren, propio egindako hezeguneak erabiltzen zituzten etxeetako ur zikinak tratatzeko eta oso emaitza onak ematen zituzten. Usain txarrik gabe ura eskatutako neurrian garbitzen zuten eta eraikitzerakoan eta, batez ere, mantentzeko askoz merkeagoak ziruditen. Horrez gain, inguruarekiko askoz hobeagoak ziren eta hori ere, gaur egun eta Alkiza moduko herri batean, kontuan hartzeko ezaugarri bat iruditzen zitzaigun.

Pista horrek martxan jarri gintuen eta argibide gehiagoren bila hasi ginen liburuetan, Interneten, Unibertsitateko adituei eta talde ekologistei galdetuta, ahal genuen moduan. Egia esan, informazio dezente aurkitu genuen eta baieztatu ahal izan genuen aukera guztiz interesgarri bat zela. Horrek itxaropen apur bat eman zigun, agian geunden atakatik onik ateratzako modurik aurkituko genuelakoan.

Arazoak ez ziren hor bukatzen ordea. Orain, horrelako arazte sistema natural bat eraikiko zigun baten bat topatu behar genuen eta hori ez zen batere erraza suertatu. Hara eta hona deika, Euskal Herrian ez genuen inor aurkitu, ezta horrelakoren bat eginda zeukanik ere (geroago Bizkaiko baserri baten berri izan dugu). Besterik ez genuelako, lehen aipatu dugun ingeniaritza estudioari eskatu genion aukera hau ere aztertzea eta proiektu bat garatzea. Baina gaia ezagutzen ez zutenez (eta sistema tradizionalak argi eta garbi onesten zituztenez) ez ziguten azterketa seriorik egin eta gainera aurrekontu sinestezin bat ateratzen zitzaien. Pixkanaka joan ginen aurkitzen, bai, adibide batzuk Katalunian, Andaluzian edo Kanariar irleetan, udalerri batzuk sistema hauek erabiltzen zituztenak. Baina hemen horrelakorik egingo zigunik inor.

Lehen bakteriak, orain zizareak.

Beste behin geunden ba ez aurrera ez atzera nola egin jakin gabe eta ostera ere Koldori esker irtenbide bat agertu zitzaigun BIDATEKekoen berri izan zuenean. “Bidatek Ingeniería Ambiental S.L.” ingurune- ingeniaritza enpresa bat da hain zuzen ur hondakinen tratamendura dedikatzen dena eta berriki Donostian kokatua. Beraiekin harremanetan jarri ginen eta bilera batzuk egin genituen gure asmoak eta beharrak azaltzeko. Beraiei ere interesgarria iruditu zitzaien eta handik gutxira proiektu bat aurkeztu ziguten. Eskaintzen zigutena oso ona iruditu zitzaigun eta proiektuaren zehaztasuna eta kalitatea oso maila onekoa zen. Eta, last but not least esaerak dioenez, … kostua arrazoizkoa zen, hau da, udalak aurre egin lekioken modukoa!!!

Aurkeztu diguten proiektua urhondakinen araztegi integral baten diseinua, eraikuntza eta martxan jartzea aurreikusten du. Depuradorak, hasierako filtroak (plastikoak, erortzen diren objektu txikiak) eta bukaerako azken desinfekzio kamara izateaz gain, muinean materia organikoa degradatzeko sistema biologiko bat du oinarritzat, BIDA® izenekoa, besteekiko ezberdina egiten duena. Lehen aipatu ditugun hezegunen antzera, oraingoan, landareen ordez, zizareek egiten dute garbiketa: materia organikoa degradatu eta humus bilakatzen dute, ongarri bezala erabili daitekeena. Horretarako urmael edo putzu zabala baina sakonera gutxikoa prestatzen da eta hainbat kapa ezberdinez osatzen da (legarrez edo hartxintxarrez behekoa, hondarrez edo antzekoz beste bat erdian eta zizareak daukan lur geruza bat gainean. Horra pasatzen da ur zikina, behin gauza solidoak kenduta, eta iragazten joaten da geruzen zehar materia organikoa bertan geratzen delarik eta degradatzen joaten da. Azpitik jasotzen den urak azken badaezpadako desinfekzio tratamendu bat jasotzen du eta osasun zerbitzuek eskatutako neurri guztiak bete ondoren errekara askatu daiteke (orain egiten den bezala baina ziurtasun handiagorekin).

Funtzionamendu hori naturala izateaz gain, mantentzeko oso erreza eta merkea da eta ez du lan handirik ematen. Ez dira erreaktibo kimikoak behar, ez dira gero kendu behar diren lokatzak sortzen, tresneria eta argindarra gutxi erabiltzen du eta ia-ia bakarrik funtzionatzen du. Ez du usain txarrik sortzen eta geratzen dena erabili daitekeen ongarri lehor bat da. Informazio hau eta gehiago BIDATEK- eko weborrian aurkitu daiteke www.bidatek.com.

Orain arte azaldu dugun guztia kontuan hartuta, herrian egin zen azkenengo Agenda XXIeko bileran, otsailaren 22an, gaia aztertu eta eztabaidatu genuen, aurrera jarraitzeko ondorioa atera genuelarik. Beraz, asmo horrekin hainbat dirulaguntza eskaera bete ditugu. Hala ere, eta gauzak ahal den ondoen egiteko, lehendabizi eskala txikiagoan proba egitea erabaki genuen. Bada, herriko baserri batean sistema hau erabiltzen duen proiektu piloto bat martxan jartzea proposatu genuen eta ekainean burutu zen. Horrenbestez, hau irakurtzen duzuenerako, zer emaitza eman duen jakingo dugu eta proiektua, abian ez bada, hasteko prest egongo dela espero dugu.<

Bestalde, esan beharra dago, oraingo proiektu hau kaleko urzikinentzako dela, horretarako orain arte zegoen hobi septikoa ez zuelako gehiago bere lana betetzen. Baina horrek ez du esan nahi beste auzo eta bailara edo etxalde isolatuentzat ere aplikagarria izan ote daitekeen ez gaudela pentsatzen.

Bukatzeko, esan dezagun, proiektu hau ondo burutzen badugu Euskal Herrian aitzindariak izan gaitezkeela, gaur egun horrenbeste goraipatzen den ikerketa eta berrikuntza teknologikoan eta, zer esanik ez, ekologikoa bada. Horregatik ez badugu egiten ere, noski, uste osoa dugu gure bezalako herri txiki batera egokituagoak, ekologikoagoak eta merkeagoak diren soluzioak lehenestu behar ditugula. Eta Alkizak zerbait badauka zaintzeko eta harro egoteko bere ingurugiroa da.

Ura: Alkizako ondarea

Alkizako mendiek jaso eta lur azpian gordetzen duten ura gure herriarentzako parerik gabeko altxorra da eta udaletxean horren jakitun gara. Gero eta gehiago, XXI. mende honen hasieran mundu zabalean agerian geratzen ari da ur gezak etorkizunean izango duen garrantzia. Horregatik, lehen mailako ondarea bezala zaintzen saiatu beharko ginateke.

Hortik dator, adibidez, Ur Partzuergoan sartu nahi ez izatea. Horrek uraren kudeaketa zuzena galaraziko zigun eta etxe bakoitzean ordaintzen duguna nabarmen gehituko zen (ziur jakin ezin badaiteke ere, hiruzpalau aldiz gehiago izan zitekeen beste herri batzuekin alderatuz gero).

Nolanahi ere, agian komenigarria izan daiteke aitortzea, gaurko gaiarekin lotuta, hobi septiko berriaren kostua hain haundia zela ikusirik batzuk izan genuela tentazioa dena Ur Partzuergoaren eskuetan uzteko eta hor konpon! Ura beraien eskuetan uztearen truke eraikuntza lanak ere bere gain hartuko lukete eta. Horretaz ez ginen gehiago diru bila ibili behar izango.

Baina, era berean, jokaldi hori herriko ondare garrantzitsu bat xahutzea izan zitekeela ikusten genuen. Eta eutsi egin genion. Jakina, eutsi egin genionez oraindik dirulaguntzen atzetik gabiltza!

Aurretik datozen gazteen eskuan geratu da, ba, ondare hau nola zaindu.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala