edukiak
edukiak

ToponimiaToponimia

Toponimia V. Alkizaren herriburua eta inguruak

Pello Joxe Aranburu eta Enrike Larrarte Arregi

irudia

Lehen helmuga gainditu dugu, baina ibilaldiak jarraitzen du

Bosgarren aldia da Alkizako toponimiaz ari garela aldizkari honetan. Aurtengo bilketan herri-gunekoak jaso dira eta lehendik bere inguruan argitaratuak ere berriro eman dira, hots, 2004ko eta iazko dozena bat, guztira 82 bat leku-izen. Azken bilketa honetan ageri denez, Alkizako plaza inguruan baziren hamabi bat baserri, gaur ordea, erdiak izaeraz aldatu dira, batzuk desagertu, Martitei, Urrutikoetxe eta Iribeitia, eta beste batzuk ukuilurik gabeko, hau da ganbela-hotsik gabeko etxe-bizitzak dira, esaterako, Peru, Kabela, Elizei (taberna), Otsamendi (jatetxea) eta Katalandegi. Herri osoko joera nabarmentzen ari da herri-buruan, ukuilu eta soroak kendu, baserria berritu eta etxe-bizitzak egokitzen, inguruko sailetan etxe-multzo berriak sortuz. Azken urteotako fenomeno soziologiko nagusia da hau, Alkizan.

Lau etxe-multzo berri eraiki dira azken bi hamarkadetan, herri-buru inguruan: Santio eta Perualdean bina. Zaharrenean etxe bakoitzari bere izen berezia ipini zaio: Eltzaurpe, Sagastizar, Lur-gain, Zutabe, Garei eta Gorosti-urrea. Beste hiru etxe-multzotan, berriz, multzo osoak leku-izen bakarra duenez, auzo tankera darama: Etxaburua (8), Santiago ermita bide (7) eta Perualdea (24).

Leku-izenon kartografia lana Enrike Larrarte erdi alkizarrak burutzen du, interneteko sarean mapa aurkitu, jaitsi eta bertan toponimia ale bakoitza txukun kokatuz: hiru bereizketa egin dira, baserriak, etxe-bizitzak eta leku-izen arruntak seinalatuz.

Oilategitik 2004an hasi eta aurten amaitu da Alkizaren ahozko toponimia jasotzea. Bost zati eta saiotan gauzatu da eginkizun hori: lehen bi urteetan Aldapa bailarakoak eta Ernio mendi aldekoak, hirugarren eta laugarren urteetan, berriz, Arana, Sakamidra eta Azaldegi bailaretakoak, eta azkenik aurten herriburukoak bildu eta eman dira. Guztira 504 bat leku-izen, denak ahoz erabiliak eta Alkizako adinekoei jasoak: Aldapa eta Ernio aldean 183, beste hiru bailaretan 251 eta herriburuan 70, aurreko urteetako dozena kenduz gero. Alkizako toponimoen artean, Luis M. Mujika, toponimia lanetan adituak 1.560 leku-izen bildu zituen artxibategietako dokumentuetan eta hauxe idatzi zuen bere liburuan: Alkiza-ko toponimia oso aberatsa da. Hemen ematen dugun 1.560 inguruko tokizen-multzoak aski nabarmen uzten du oparotan hori. Ez da meritu makala Alkizako eskrituretan dagoen toponimia altxorretik herena, hau da, hirutatik bat alkizarrek oraindik erabiltzen dutela. Hori frogatu da aldizkari honetan eta hori baserritarrei zor zaie, baina etapa hori akitzear dago.

Ahozko toponimiaren bilketa amaiturik eta gure lehen helmugara heldurik, gure eginkizuna ez da bukatu bere horretan. Alkizarrek historian zehar prezisioz, zehaztasunez hitz egin dute herrian zehar ibili, lan egin, informazioa eman eta dokumentuak idatzi dituztenean. Baserri, etxe, borda, karobi eta eraikuntzak, mendi, baso, belaze, soro eta sail bakoitzak du bere izena, pertsona eta abere orok zuen bezala. Gure toponimia aberatsa aztertu, sailkatu eta pedagogikoki irakatsi behar diogu edonori, denok elkarri, bertakoek kanpokoei, herrira bizitzera etorri direnei, irakasleek ikasleei, gurasoek seme-alabei. Horretarako elkarrizketak, mapak, krokisak, ibilaldiak eta txangoak zehatz-mehatz prestatu eta egin behar dira. Azken bolada honetan joera hau geroz eta gehiago ikusten da. Aurrera. Denok gaude zeregin horretan harrapatuak.

Jainkoak lagun, hurrengo urtean ere toponimia gaiak aldizkari honetan lekua izango du, bidea luzea da eta hasi besterik ez dugu egin.

Alkizaren herriburua eta inguruak


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala