edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Alkizarrak Sarobetarrak ote?

Eduardo Tormo, Alkizako maisu ohia.

irudia
Fernandoren Alkiza.

Fernando Etxebeste irakasleak Alkizan, 1978-1983 urteetan, bertako herri eskolan irakatsi ondoren, SAROBE nobela idatzi zuen. Liburua gure herriarekin loturik dagoenez, Eduardo Tormok Alkizako beste irakasle ohiak elkarrizketatu du.

“Sarobe” Alkiza herria da, ezta?
Bai. Alkiza eta Alkizatik ikusten den bailara osoa.

Alkiza, Alkizako eskola, gurasoak, baserri giroa, mendiak,… dira azken batean zure bizipenen mamia. Zergatik aukeratu zenuen Alkizara etortzea?
Ba, nik uste dut buruan neukan ideal batek bultzatuta etorri nintzela hona.

Txikitatik ametsetan neraman bizitzeko leku idiliko, ideala zen Alkiza. Gogoratzen naiz adibidez, eztakit 17, 16 urterekin, askotan etortzen nintzela bizikletaz edo mendiz Erniozabaletik barrena. Eta goitik begira egoten nintzenean, inguru hau lekurik zoragarriena iruditzen zitzaidan. Gainera, Alkizari buruz hamaika istorio entzunda neukan, aitari entzunda hain zuzen ere, zeren bera ere hemen izandu baitzen praktikante, hainbeste urtetan. Salamankako ikasketak bukatu nituenean eta soldaduskatik etorri nintzenean, buruan argi neukan Alkizara etorri nahi nuela. Eskolako bigarren solairuan jarri nintzen bizitzen, garai hartan “maisu etxe” deitzen zen etxe horretan eta lehendabizikoa ilusioa izan zen etxean zegoen tximeneta handi zahar bat funtzionamenduan jartzea negurako. Eta Belzalaga Txikiko Joxek lagunduta, egokitu, txukundu genuen. Hori izan zen niretzat sekulako ilusioa, neguan berotasuna mantentzea gelan eta berotasuna harremanetan ere. Hori izan zen lehenengo pausua.

Liburuan behin baino gehiagotan erreferentzia berezia egiten diozu zuk garai hartan eskolan erabilitako metodologiari: irteera asko, baserritar batzuei eginiko elkarrizketak, baserriei eginiko bizitaldiak etabar… Zer lortu nahi zenuen horrela?
Niretzat eskola etzen edifizio soila, inguru guztia baizik. Beraz gure eskura zeuden elementu guztiak erabiltzen genituen, mendia, baratzak, baserriak, baserritarrak,… Nik pentsatzen nuen ikasleen mundua erabiliz gero, alde batetik beraiek erosoago sentituko zirela eta bestetik beraiek jabetzen ba ziren, nik haien mundua, haien eguneroko errealitatea errekonozitzen, baloratzen nuela, gertuago sentituko nindutela. Ni ikasleengandik oso gertu sentitzen nintzen. Klaseak bukatutakoan ere. Gogoan dut, esate baterako, eguraldi txarra, elurra zen batean, Aginako Pellori etxera lagundu nion eta gero etxean solasean gelditu nintzen. Beste behin, Ernio aldera abiatu eta garoa biltzen ari ziren. Ba beraiekin gelditu nintzen garoa biltzen. . . Eta era horretan nik gauza asko ikasi nuen; segan edo ardiak jaisten, Urruzolako Aitorrekin. Eta etxe askotan sartzen nintzen forma natural batean.

Zer eragin nabaritu zenuen ikasleengan?
Nire ustetan kontzeptu akademiko aldetik gehiegi garatzen ez genuen sentzazioa baneukan; baina eguneroko bizitzak eskaintzen zizkigun pasadizo, egoera edo gertaera bizi eta gordinetaz hitz egiten genuenez, giza baloreak lantzeko aukera izaten nuen eta beraientzat oso positiboa izaten zela uste dut. Mutil eta nesken arteko harremanak, frontoiaren erabilpena zela eta ume txikiak eta gazteen arteko harremanak, … Haiek ni hain hurbil sentitzeak abantailak bazeuzkan ere, batzuetan konfiantza gehiegizko giroak errespetu falta sortzeko arriskua zuela sumatzen nuen eta behin baino gehiagotan guraso batek edo besteak niri komentatu ere.

Gurasoengandik maiz jaso zenituen horrelako kritikak?
Ba bai. Batzuetan esaten zidaten: “Fernando gogorrago egin behar diezu ume horiei, bestela edozer gauza egingo dizute”. Baina horrek ere ematen zidan nire buruarekin hausnarketa egiteko puntua. Eta gero ikasleekin komentatzeko okasioa. Ez ote zen hobe zigortzea baino, pixkanaka pixkanaka konbentzitzea, indarra, indarkeria erabili gabe. Nik askotan erabiltzen dut hemengo baserritar baten esaera “Gogo onez har dezakezuna ez hartu indarrez”. Eta hori Alkizan hasi nintzen aplikatzen. Alkizak eman zidan aukera, egun naizena izateko. Nire bizitzan oso garrantzitsua izan da Alkizako esperientzia.

Zure ibilbide pertsonalean Alkizak paper garrantzitsu bat izan zuela dirudi.
Bai. Dudarik ez. Adibide batekin azalduko dizut. Begira, askotan, klaseak bukatutakoan, buelta bat emateko ohitura neukan. Sarritan Santa Krutzeko harkaitzetara abiatzen nintzen. Eta han, harkaitz haietan banuen eskalatzeko trepada txiki bat, aereo batekin, oso polita. Ba, behin igo ondoren, tontorrean eserita, egoten nintzan begira, denbora pilo bat, Alkiza edo Sarobe guztiari begira. Eta askotan nik esaten nion nire buruari, nire “Ahotsari”, edo Izaki misteriotsu hari: “Momentu hartan bat sentitzen nintzen bizitzarekin eta edozein baserritarrekin, edozein eskolako ikaslerekin.” Eta hura oso inportantea zen niretzat. Momentu haietan ez nintzen jabetzen zer zen sentzazio hura, sentimendu hura. Eta gaur ondo ulertzen dut Santa Krutzean sentitutakoaren garrantzia, pertsonak onartzea, maitatzea beraien osotasunean.

Garai haiek, Franko hil berria zela, bereziak, ez?
Bai, bereziak, benetan. Zalantzamomentuak, askotan. Nik, hala ere, argi neukan zerbait egitekotan, nire buruarekin ados egon behar zuen. Nik ezin nuen onartu momentu haietan pentsatzen, sentitzen nuenaren kontrako gauza bat behartuta egitea. Hori ezin nuen jasan.Gaixotu egiten nintzen, bai fisiko, bai psikikoki.

Hala ere, hainbeste baloratzen zenuen mundu idiliko hura defendatzeko zerbait egin behar zela ikusiko zenuen?
Bai, hori da nire bizitzako beste kontraesan bat. Garai hartan marmarka onartzen nuen gizarte natural eta baserritar giroko bizimoduaren desagerpen geldi hura. Orain, berriz, Alkiza politagoa ikusten dut eta badut beste ikuspegi bat; Alkizan badago bizitza hehiago, etxebizitza berriak daude eta eskola ere mantendu egin da. Ez dago garai hartan nik bizi izan nuen gordintasunik. Eta ez hori bakarrik, herri bizitza handiagoa ikusten da.

Garai hartako ikasle batzuk gogoan izango dituzu?
Beno, izen guztiak segur aski ez, baina batzuk behintzat bai. Gogoan dut, esaterako, Riki, nire etxean bertan bizi zen eta askotan etortzen zen tximeneta piztera edo 8:45ean esnatzera edo hitz egitera edo elkarrekin ateratzen ginen buelta ematera. 15 urte zeukan. Eta bere bi lagunak, Juantxo eta Pepi. Horiekin anai bezalako harremana neukan. Eta gero gogoan dauzkat ere Juantxo, Xebastian, Joxeluis, Mila, Urruzolako bi anaiak, Joxeramon eta Aitor, Aginako Pello, Garmendiko Mila eta bere anaia,… Imanol eta Xabier, Peruko Aitor. Aitor izan zen nik, plaza hartu baino lehen, Erniotik nentorrela, ezagutu nuen lehenengo ikaslea. Plazan mutiko bat ikusi nuen eta Aitor ezagutu nuen; Aitor, Perukoa, bai… Bere arreba, Regina… Izaskun eta Iñaki, Aretakoak… Poliki-poliki etortzen ari zaizkit gogora.

Eta guraso baten bat?
Bai, bai, baita ere. Urruzolakoa esaterako. Askotan joaten nintzen harea. Gogoratzen dut egun batean nola gelditu nintzen afaltzen Jose Ramonekin, eta han aritu ginen solasaldian, urte batzuk lehenago nire aitari bertan gertatutakoak komentatzen: herrira praktikante etorri zen eta Urruzolan gelditu zen apopilo. Beraiek oso txikiak baziren ere, oraindik gogoan dute nire aita.

Aita nongoa zen?
Aita Donostian jaioa; Amara berriko paduran zegoen baserri batekoa. Nik baserria ez nuen ezagutu, baina hangoa zen nire aitona. Eta amona Penaidegi baserrikoa, Oiartzungoa. Gerrate garaian eta geroztik une latzak jasan behar izan zituzten. Bere anai guztiak gudariak izan ziren eta Ondarretan preso izan ziren. Eta gero nire aitak, ahal zuenean, praktikante bukatu eta lehengo plaza hona etortzea egokitu zitzaion, bai. Berarengandik ikasi nuen mendi, baserri mundua maitatzen, baloratzen.

Alkizara bueltatuz, gogoan duzun pertsona gehiagorik?
Hombre, ba , nik momentu haietan Xegundo, Ostatukoa, asko miresten nuen. Niretzat misterio bat zen nola zen kapaza gauean esaterako lantegian zortzi orduetan aritu eta gero, ehiza garaian batez ere, etxera joan, eskopeta hartu eta zuzenean mendira joateko. Behin, gogoratzen naiz, fabrikatik atera zen, niri deitu zidan, eguna argitu gabe oraindik, eta eskuan aizkora txiki bat zuela, eraman ninduen Santakrutz aldera, bide zahar batetik. Zirt eta zart aizkoraz bidea irekiz eta ailegatutakoan esan zidan: “Hara, segi hi bakarrik”. Eta bai lortu nuen Irumugarrietatik zuzenean Erniora igo eta jaistea. Apustua hori zen: ordu eta erdi baino gutxiagotan egitea eta nik ordu eta hogeita bost minututan edo, hortxe ibili nintzen, bai. Bestalde, Urruzola eta Berandoaingo artzain giroa liluragarria zen niretzat.

Aipatu duzun liburua erdaraz idatzita dago.
Bai, hala da. Agian hausnarketak azaltzeko garaian, gaztelaniaz ohitura eta erraztasun handiagoz egiten dudalako. Eta horrela erabaki nuen.

Joxe apaiza aipatu duzu. Lagun izan zenuela dirudi.
Joxe oso pertsona berezia zen, nire ustez. “Unamuniano” erakoa. Bere kezka, galdera sakonekin. Horrela ikusten nuen. Nire ustez, berak ere hemen, Alkizan, bere eginkizuna bete zuen. Bera ere hona etorri zen zeozer bila eta asko maitatzen zuen baserrietako mundua. Gai batzuetan bazegoen bion artean horrelako “filing”-a. Beste batzuetan ez, noski. Kanpotik zetorren mundu berri harekin nahiko kritiko ginen.

Bukatzeko jadanik edo momentuz, behintzat. Nola ikusten duzu Alkiza bezalako herri txikien etorkizuna, euskara eta baserritar munduko etorkizuna?
Zuk hori esatean, eta ni gure parean dauden etxe berri horiei begira. Bai, hortik maiz ibilita nago Maitegiko Martinekin. Nik uste dut hobera jo duela: etxe berriak egin dituzte eta biztanle berriak etorri. Eta horrek guztiak Alkizari astindu ederra eman dio, bizitasuna, poza ere esango nuke. Hala ere, askotan kezka bat sortzen zait, hemengo baserritarrek nola hartuko duten aldaketa hau. Gai izango al dira, batzuk eta besteak, hain kultura ezberdineko pertsonak, kultura berri eta halaber egoki bat sortzeko, garatzeko? Kezka hori badaukat. Herrikoek kanpotik etorritakoak intrusotzat ez ote dituzten hartuko. Hor dago kakoa, nire ustez. Kakoa eta erronka. Guztiona. Abantailak bai, izugarriak gainera, baita auzia ere. Arazoetaz kontziente izanik, ahalegin bereziak egitera beharturik gaude guztiok.

Eta horrela bukaera eman diogu elkarrizketa sakon eta atsegin honi.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala