edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Ongi etorri Alkizara

Jose Mari Aranzabe eta Imanol Lizardi

irudia

2005 urteko Oilategitik aldizkarian, herrira bizitzera etorri berriak ziren zenbait auzokide aurkeztu genizkizuen. Geroztik, dezente izan dira gurera etorri direnak. Oraingo honetan, horietako batzuk ezagutzeko aukera izango duzue.

Hauek Mª Jesus Zubeldia eta Harry Nijmeijer dira. Santio ermita bideko 5 B etxean bizi dira. Harry holandarra da eta Maria Jesus, berriz, donostiarra. Japonian ezagutu zuten elkar duela hogeita zortzi urte. Hasera batean, harremana telefonoz mantendu zuten, eta berehala Maria Jesus Holandara joan zen bizitzera. Baldintza bat jarri omen zioten orduan elkarri, eta baldintza hori Harry jubilatzerakoan Euskal herrira etorriko zirela zen. Eta horrela gertatu da. Hasera batean, Frantzian begiratzen hasi ziren, gero Larraulen, eta azkenik Asteasun barrena zebiltzala, Alkizara etorri ziren. Bertan “Villas en construcción” zioen txartela ikusi zuten. Euria gogotik ari zuen, baina halere, txundituta geratu ziren hemengo paisaiarekin. Ramon Baldarekin hitz egin zuten, eta hortik aurrerakoa ezagutzen duzue.

Alkizan dena gustatzen zaie, batez ere hemengo lasaitasuna. Bertakoekin ez dute inolako arazorik izan, eta oso gustura daude. Badute Mikel izeneko semea, Donostian bizi den arren, batzuetan lotara etortzen zaiena.

Carol Sanchez eta Ibon Vicente dira honako hauek. Maria Jesus eta Harryren bizilagunak dira. Argazkian beraiekin agertzen dena Mikel da, Ibonen semea. Mikel ez da Alkizan bizi, baina askotan etortzen da. Carol Granadan jaioa da, Madrilen lau urte eman zituen, eta gaur egun Villobanoko arropa denda batean aritzen da lanean. Ibon, berriz, jaiotzez asteasuarra den arren, Amarozen bizi izan da 5 urte zituenetik. Errotulazio enpresa bat du Irurako Laskibar industrialdean: Vicente errotuluak.

Lekua oso gustukoa dutelako etorri ziren Alkizara. Caroli gustatzen ez zaion bakarra da etengabe euria egiten duela hemen. Sekula ere joaten ez den laino bat omen dugu gure gainean. Eurenganako bertako jendearen jarrera da, azpimarratu nahi dutena. Ibonek udaberrian herrian jokatu den frontenis txapelketan parte hartu zuen, nahiz eta txapela janztea hurrengo urterako utzi.

Hona hemen Ion Gorriti, Almike Torres, Olatz Gorriti eta Harri eta Ergu. Sagastizahar etxean bizi dira 2005eko uztaila geroztik (Otsamendiren ondoan). Ion tolosarra da eta Almike bermeotarra, Urdaibai traineruaren zalea. Ion mekanikoa da eta Tolosako Arretxe tailerretan aritzen da. Almike irakaslea da, iaz Tolosan jardun zuen, ikasturte honetan Ikaztegietan, eta datorrenean non izango den ez daki oraindik.

Alkizara etorri ziren elkarrekin non bizi erabakitzen hasi, eta Almikek errazago zuelako lekuz aldatzea. Ernio etxegintzan ikusi zuten Santio ermita bideko etxeen iragarkia. Hona etorri, eta Sagastizahar etxearen berri izan zuten.

Herrian gehien gustatzen zaiena da herriko jendearen jarrera, eta mila ekintza antolatzen direla. Almikek dio zerbait aldatzekotan, itsasoa jarriko lukeela bertan. Ion ehiztaria da eta anekdota gisa kontatzen du herriko ehiztariekin harremanak izatearren, jaietan Erniope elkarteak antolatzen duen pitxoi tiraketan parte hartzea erabaki zuela. Zer gertatuko, eta txapeldun suertatu zen.

Olatz alaba urte honetako urtarrilean jaio zen, eta argazkian agertzen diren beste biak Harri eta Ergu ehiza zakurrak dira.

Hauek Angel Rivas, Miren Hurtado, eta horien alaba Andrea eta semea Daniel dira. Badute Yerai izeneko beste mutil bat, hogei urtekoa. Angel Errenterikoa da, eta Usurbilgo Luzuriaga lantegian aritzen da. Miren Andoaingoa da, eta Adunan Frutas La Huertan aritzen da administrazio lanetan.

Perualdea 6 etxean bizi dira, herriko kaskoan sartu Anoeta aldetik, eta ezkerraldera ikusten den lehendabizikoa. Hona etorri ziren kalean ez zutelako hiru seme-alabentzat etxe egokirik aurkitzen, eta hemen, berriz, nahiko leku izango zutela iruditu zitzaielako. Lehen Zizurkilen bizi ziren adosatu batean, baina hango gelak oso txikiak ziren. Natura gustatzen zaie, eta egongelako balkoitik badute, guk geuk ikusi ahal dugunez, hartaz gozatzeko aukera nahikoa.

Herrian oso pozik daude, kotxea hartzea erraza egiten baitzaie. Oso gustura bizi dira hemen. Andrea 9 urteko neska da, eta askotan ikus dezakegu plaza inguruan, edozeinekin jolasteko prest.

Hau Rakel Montecelo da Oier eta Andrea seme-alabekin. Oierrek 4 urte ditu, eta Andreak 18 hilabete. Argazkian Daniel Leite senarra eta aita falta da. Lanean ari zen, Rakelen hitzetan “beti bezala”.

Rakel Alegikoa da, eta Daniel Anoetakoa. Bi jatetxe dituzte: Txintxarri jatetxea Alegin, eta Agirretxe jatetxea Ezkio-Itsason. Azkenaldi honetan Ezkion aritzen dira lanean gehienbat. Alkizara 2004. urtean etorri ziren. Madrilen 4 urte lanean eman ondoren, Alegin 6 hilabetez bizi izan ziren, eta gero gurera etorri ziren. Leku lasai baten bila etorri omen ziren hona, eta Rakelek asmatu zutela aitortu digu. Herriko giroa goraipatzen du gehien, eta jendearekin harremanetarako izan duten erraztasuna, berriz, da eskertzen duena. Paisaiaren edertasunari ere ez dio garrantzirik kendu nahi.

Hauek Blanca Subijana eta Aitzol Arozena dira, euren hiru seme-alabekin: Ane 6 urtekoa, Markel 3 urtekoa, eta Unai 6 hilabetekoa.

Aitzol tolosarra da, eta Blanca, berriz, hondarribiarra. Urkullu etxean bizi dira. Aitzolek ibilgailuen txapa eta mekanika lantzen dituen tailer bat du Lizartzan. Zinegotzia da Tolosako udalean EAJ-ko ordezkari gisa. Blanca SGAEn aritzen da lanean.

Bizitzera mendi aldera joan nahi omen zuten. Alkizako aukera hau egokitu, eta hemen ditugu gure artean, oso-oso gustura. Zalantzarik gabe, lasaitasuna da gehien estimatzen dutena gure herriko Arana bailaran duten etxe berrian.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala