edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Madarikatua izan dadila...

Enrike Larrarte Arregi

irudia
Giotto: Infernua.

“Madarikatua izan dadila jaten duzuen janaria, edaten duzuen edaria eta arnasten duzuen airea. Madarikatua izan dadila zanpatzen duzuen lurra eta lotarako duzuen ohea. Sua eta harria besterik ez dezala bota zeruak zuen gauzen gainean; zuen lanaren emaitzarik ez dezazuela goza, eta beharrean zaudetenean ez dezazuela laguntzarik aurkitu. Auzitara jotzen duzuen bakoitzean kondena zaitzatela. Jainkoaren madarikazioak harrapa zaitzatela, Aingeru Santuek babesik gabe utzi eta infernuko deabru guztiak gau eta egun inguruan izan ditzazuela. Eta lurrak bizirik irentsi zaitzatela, gorputz eta arimaz infernura eror zaitezten eta munduan zuen entzutearen arrastorik gera ez dadin. Honen adierazgarri, kandelak uretan itzaltzea agintzen dizuet eta, lurrera botata, oinazpian zanpatzea; eta inor ez dadila kandela hauetaz baliatu, zuen betirako kondenazioaren seinale (diren gauza) madarikatuak baitira.”

Madarikazio beldurgarri hauek Alkizako legarratarren kaparetasun- agiritik jaso ditut. Han ematen da gertatutakoaren berri eta aurreko hitz hauek Alkizako elizan esandakoak omen dira.

Honez gero badakizue 1609ko abenduaren 7an Alkizako erretoretxeak su hartu zuela. Dena kiskali zen. Alkizako erretoreak, kezkatuta, Iruñako gotzainarengana jo zuen egoera azaltzera, hark behar ziren aginduak eta baimenak eman zitzan (garai hartan, Gipuzkoako mendebal aldea Iruñako gotzainaren menpe zegoen). Dirutan 150 dukatetik gora kostako ez zen apaizetxe berria egiteko agindua eman zuen gotzainak eta, baita beste gauza batzuen artean ere, sakramentu- liburu berriak erostekoa (bataiatuak, ezkonduak eta hildakoak apuntatzeko). Baina bazen beste liburu bat erretorea bereziki kezkatzen zuena: elizako diru-kontuak apuntatzeko zeukaten liburua. Diru-kontuen liburua ere erre egin da –dio gotzainak–, eta, ez dakigunez nork eta zer zor dion elizari, zera agintzen dugu: zordunak erretorearengana azal bitez eta esan elizari zor diotena. Agindu hau betetzen ez duena eskumikatuta edo eskomulgatuta geratuko da.

Eta, ondoren, madarikazio harrigarri –niretzat, behintzat– horiek azaltzen dira.

Agindu horiek 1610eko urtarrilaren 10ean eman zituen gotzainak. Erretorea don Adrian Urrutia zen eta elizako diruzaina, berriz, Arpideko Martin.

Ezkontzarako proklamak egiten diren antzera, don Adrianek hiru igandez segidan (1610eko urtarrilaren 17an, 24ean eta 31n) elizan irakurri zuen gotzainaren agindua. Aginduarekin batera eskumiku-madarikazio horiek ere irakurri zituen. Hitz horien bukaeran azaltzen denez, elizkizun berezia eta bitxia egin zen: kandelak itzali eta oinazpian zanpatuz ibili. Eta, seguru asko, ez zen horretan bukatuko. Auskalo nolakoa izan zen elizkizun hura!

Orain dela 400 urte Alkizako eliza barruan sortuko zen iskanbila (apaiza builaka eta jendea kandelak itzalita, ilunpetan, oin azpian zanpatuz) ez zen nolanahikoa izango. Elizan partaide izan zirenei itolarria, ikara eta beldurra sartzeko moduko elizkizuna dirudi. Eskumikatua izatea zeruko ateak kate lodiekin itxi eta infernuko ateak parez pare zabaltzea baitzen. Sinestun batentzat –eta, orduan, denak ziren sinestun– izutzeko modukoa.

Hala ere, hain elizkizun berezia eta bitxia izan ote zen ala uste dugun baina ohikoagoa zen halakoak egitea? Benetan, beldurra sortzen ote zuen? Ez dakit.

Badakit, ordea, eskumiku-mehatxua Elizak askotan eta gauza askotarako erabiltzen zuela. Adibidez, ari garen garai hauetan bertan, 1608an, gotzainak, eskumiku- mehatxupean, debekatu egin zuen honako hau: meza berrietan, mojen edo fraideen abitu-hartzeetan, hileta-elizkizunetan eta abar, bazkariak ematea edo bazkaltzera joatea, laugarren graduko ahaidetasun barruan sartzen ez ziren mahaikideentzat. Baina, agintari zibil eta erlijiosoek halako aginduak askotan ematen zituztela ikusirik, ez dut uste infernuko beldurrak jende asko mahai aurretik urrutiratzen zuenik. Euskaldunentzat sabela sakratua baita.

Ikusi nuenean, eskumiku-formula hau bitxia egin zitzaidan, ez nuelako horrelakorik beste inon ikusi. Interneten ahaleginak egin arren, bat bakarra aurkitu dut, eta ez hau bezain gogorra.

Legarratarrak Amasatik (Legarra- Juanzuenea oinetxetik) datoz Alkizara ezkontza bidez. 1829an etxerako egin zen, eta Hondarribiko Pepita Setien Aranburuk gorderik daukan kaparetasunagiriaren kopia erabili dut, madarikazio horiek hona aldatzeko. Gazteleraz daude, baina badakigu euskaraz irakurri zirela, gotzainak hala egiteko agindu baitzuen.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala