edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Joan den urteari begira 2008

Jose Mari Aranzabe eta Imanol Lizardi

irudia
Mendi irteera Larraulen

Aurten ere, iaz bezala, Oilategitik-en azken alea kaleratu zenetik, herrian gertatutakoei gainbegiradatxoa eman nahi izan diegu. Horretarako, www.alkiza.net helbidean argitaratu ditugun albiste interesgarrienak aukeratu eta sailkatu ditugu.

HAURTZAINDEGIAREN INAUGURAZIOA
Irailaren hasieran, haurtzaindegi berriak ateak zabaldu zituen. Inaugurazio ekitaldia egin zen lekua ikusi nahi zuen guztiarentzat. Ondoren, 8ak aldera, mokadu bat eskaini zitzaien bertaratutakoei. Irailean bertan hasi ziren lanean bertako zaintzaileak. Ikasturte osoan zehar zazpi haur zaindu dira.

CLOTILDE GOENAGA HIL ZEN
Berri tristea heldu zitzaigun irailaren 23an Albiztegi baserritik. Bertako amona, Maria Clotilde Goenaga Uria hil zen, 86 urte zituela. Bagenekien pattal samar zebilela azken boladan, eta zuen gaixotasunaren ondorioz, betiko utzi gintuen.

JUBILATUAK TREVIÑO ETA FRIAS HERRIETARA
Urriaren 17an, asteazkena, herriko jubilatuak, Aiztondokoekin batera, goizez, Treviñora joan ziren. Han, hamaiketako txiki bat egin ondoren, Frias herria bisitatu zuten. Bazkaria Medina de Pomar-eko La Alhama jatetxean izan zuten. Arratsaldean Miranda de Ebro bisitatu zuten.

2007 – 2008-KO IKASTAROAK
Hauek dira ikasturte honetan zehar Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitateak ikasturte honetarako urriaren hasieran martxan jarri zituen ikastaroak:

Haurrentzat: Kirola ezagutuz (Lourdes Gorostegi, 10 haur), Eskulanak (Izaskun Lazkano, 7 haur), Ludoteka (12 haur), Pelota (Luis Mari Sorarrain, 7 haur) eta Euskal Dantzak (Elixabet Larrañaga, 10 haur)

Helduentzat: Euskal Dantzak (Elixabet Larrañaga, 6 pertsona), Soinketa (5 pertsona) eta Pilates ( 11 pertsona)

ISTRIPUA HARROBIKO ERREBUELTAN
Uriaren 12an, ostirala, gaueko 9ak eta laurden aldera, istripua gertatu zen harrobiko errebueltan. Suertez, ez zen larria izan, autoan zihoaztenei ez baitzitzaien ezer ere gertatu. Autoa, errepidetik atera, zuhaitz bati jo eta horrek eusten ziola geratu zen. Badirudi gidariak deskuidoa izan zuela.

IDAZKARI ALDAKETA
Urriko bigarren hamabostaldian,Eukene Muñoa, ordura arte udaletxeko idazkaria izandakoa,, Foru Aldundian hasi zen lanean. Hori zela eta, idazkaria berria etorri zen udaletxera. Horren izena Ane Gomez da, Lazkaokoa, Gaintzan bizi dena.

DIRULAGUNTZAK
Alkizako Udal batzarrak 2007 urteko irailaren 25ean, egindako ohiko bilkuran "Alkizako herritarrei 2007- 2008 ikasturterako kultura, kirola, musika eta euskararen jarduerak burutzeko diru laguntza deialdiaren oinarriak" onartu zituen.

Modu honetan interesdunek aipaturiko oinarriak udaletxeko idazkaritzan eskuratu zituzten. Dirulaguntzak ikasturtean zehar banatu ziren.

MENDI IRTEERA LARRAULEN
Eguraldi eta giro ezin hobearekin egin zen urriaren 28an, Aiztondoko Kultur Zerbitzuak antolatutako mendi irteera. Larraul, Alkiza eta Adunako haur eta gurasoak izan ziren gehienbat, bertan parte hartu zutenak. Azpimarretzekoa izan zena haur txikienek ere nola erantzun zuten ibilaldiak zituen aldapen aurrean. Paraje ikusgarriez gain (Murgileko gailurra barne), bertako biztanleen gidaritzapean, baserri ikusgarriak kanpotik zein barrutik ikusteko aukera izan zen gehien eskertu zutena bisitariek. Aparta izan zen Larrunbide-Etxeberri baserrian taldeari egin zioten harrera eta eman zizkioten azalpenak.

SAN MARTIN JAIAK 2007
Giro ezin hobean ospatu ziren San Martineko jaiak. Eguraldiak asko lagundu zuen, baita jendearen animoak ere. Guztia ostiralean hasi zen Tsunami filmaren proiekzioarekin. Larunbatean, haur jolasak izan ziren arratsaldeko 4retan hasita. Aurreikusitakoa baino partaidetza askoz handiagoa izan zen, eta jolas batean behintzat, ezin izan zuten parte hartu nahi zuten guztiek. Txerri harrapaketa zen ikusmira handien sortu zuena. Oraingoan sariak zeuden irabazleentzat, eta horiek Javier eta Mattin Gorostidirentzat izan ziren. Jarraian, txerrien zozketa egin zen eta Etxabe eta Goiztiri etxeetara joan ziren aurtengoak (Olatz Iruretagoiena eta Karmele Morea)

Ondoren, mus eta eskoba txapelketa azkarrak jokatu ziren herriko tabernatan. Azpimarratzekoa izan zen partaideen kopurua: musean 12 bikote eta eskoban, berriz, 9. Irabazleak musean Balduino Alfonso eta Jose Manuel Otegi izan ziren, eta bigarren sailkatuak, berriz, Jose Mari Aranzabe eta Ignacio Iruretagoiena. Eskoban Amaia Martinez eta Irati izan ziren txapeldunak, eta txapeldunordeak, Marisabel Aranzabe eta Ixiar Otaegi.

Amixuri taldeko kantuzaleak eta hainbat herritatik etorritako lagunak kantu-jira egin zuten, tabernaz taberna eta kalez kale, giroa alaituz. Ondoren, afaria izan zuten.

Igandean meza nagusia izan zen hamarretan, eta bertan Eresargi Billabonako abesbatzak parte hartu zuen. Lau t´erdiko San Martin Pilota txapelketaren finalak izan ziren hamaikak aldean, eta aurtengo txapelduna Eñaut Sorarrain izan zen, bigarrena, berriz Igor Aranzabe.

Hau amaitu bezain pronto, Herri kirol saio ederra ikusteko aukera izan zen plazan. Aizkoran Jose Mari Mendizabal eta Alberto Roteta, Jose Mari Olasagasti eta Joakin Garmendiaren aurka aritu ziren. Trontzan, berriz, herritarra den Aitor Roteta eta Andoni Rezabalek, Jokin eta Unai baliarraindarrak izan zituzten aurkari.

Ordu biak aldean, herri bazkaria izan zen frontoian. 180 lagun inguru bildu ziren bertan, eta kanpo giroa hotza bazen ere, ez zen berotasunik falta izan.

  • Arratsaldeko 5etan, 1. Kamio Gurpil “Jira eta bira” lasterketa egin zen. Egundoko arrakasta izan zuen, inork ez baitzuen espero horrelako partaidetzarik, bai korrikalarien aldetik baita ikusleen aldetik ere. 21 izan ziren parte hartzaileak, eta sari bikainak banatu ziren amaieran. Ibilbidea 2 kilometro eta 200 metrokoa zen, 40na kiloko gurpilarekin. Lasterketa honen sustatzailea Balduino Alfonso zen, baina gaixotasun bat zela eta, ezin izan zuen bertan egon. Irabazlea Imanol Ugalde gertatu zen, bukaera estu baten ondoren. Bigarrena Giorgi errumaniarra izan zen, eta hirugarren Xabier Mujika sailkatu zen. Irabazlearen denbora 19 minutu eta 12 segundokoa izan zen.
  • Trikitrixa alai batekin eman zitzaion, ondoren, bukaera 2007ko San Martin jaiari.

28 SAHARAUIENTZAT JANARI BILKETA
Urtero bezala, abenduan eta urtarrilean, "Piztu itxaropena" izenez ezagutzen den kanpaina jarri zen martxan. Kanpaina horren helburua saharar errefuxiatu kanpamenduetara eramateko elikagai bilketa egitea zen. Horretarako, herritar guztion laguntza eskatu zen, bakoitzak ahal zuen neurrian ekarpena egin zezan. Alkizarrek bikain erantzun zuten, eta hauek izan ziren bildutako elikagaiak: azukrea, atuna, arroza, lentejak…

JUBILATUAK SANTA LUZIKO PERIRA
Santa Luzia eguna ospatzeko Zumarragako perira joateko irteera antolatu zen abenduaren 13an. Goizean, perian bueltatxo bat eman ondoren, Zeraingo Oiarte nekazal turismoan bazkaldu zuten. Bazkaldu ondoren, herri horretako museo etnografikoa ikusi zuten.

GABONETAKO IRTEERAK
Ohi den moduan, Eguberrietako oporrak direla eta, herriko haurrentzat bi irteera antolatu ziren, urtarrilaren 4an. Bata, 6 eta 12 urte artekoentzat, goizez, Donostiako PIN parkera eta arratsaldez Txuri Urdinera. Janaria etxetik eraman zuten, eta irteera arrakastatsua gertatu zen. Bestea, berriz, 2 eta 5 urte bitartekoentzat izan zen. Hori egun erdikoa izan zen, eta Donostiako Pin parkera joan ziren egun berean. Irteera horretan mila opari zozketatu ziren, eta herritar batzuk ere izan ziren sarituak.

ESKOLAKO POSTRE LEHIAKETA
Urtero bezala, lehen hiruhileko azken egunean bazkaria egin zen ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Ohi den moduan, bazkari ostean, postre lehiaketa egin zen. Iazkoan, Ainara Zurutuza gertatu zen garaile. ZORIONAK

OLENTZEROK EZ ZUEN HUTSIK EGIN
Gabon egunean ez zen kantarik eta ospakizunik falta izan gure herrian. Goizeko 8retan bildu ziren herriko gazteak, eta kantatzeari ekin zioten. Goizeko 9etan, eskolako ikasle eta gurasoak bildu ziren, eta azken urteetan ohitura bihurtu den moduan, Olentzerori ongi etorria egin zioten, eta baita haren opariak jaso ere. Giro ezin hobean ospatu zen ekitalditxo hau, eta ondoren kantura abiatu ziren.

GAZTEEN 2. ESKUKO MATERIALAREN AZOKA
Abenduaren 28an, Kaxkagor taldeak antolaturik, 2. eskuko materialaren azoka egin zen Alkizan. Talde honetan, herriko gaztetxoak (12 - 16 urte bitartekoak) daude. Aldez aurretik materialaren bilketa egin zen, herritarren laguntzarekin. Salmentak handiak izan ez baziren ere, gustura geratu ziren lehen saiakera honekin.

PATATA TORTILLA LEHIAKETA 2007
Abenduaren 28an, Alkizako 3. patata tortilla lehiaketa egin zen. Hemezortzi tortilla egileek hartu zuten parte. Oraingoan, aurreko urteetan ez bezala, sari berezia zegoen itxura oneneko tortillarentzat. Epai mahaikoek ez zuten lan erraza izan, asko eta onak baitziren aurkeztutako tortillak. Itxura oneneko tortillaren irabazlea Tomas Lizardi izan zen. Eta lehiaketa nagusiko tortilla onenaren saria ere, ustekabean, Tomasek berak jaso zuen. Bigarren sailkatua Iñaki Auzmendi izan zen, eta hirugarren sailkatua, berriz, lehen edizioan irabazle gertatu zen Jose Ignacio Gorostidi. Epai mahaia emakumezkoek osatzen zuten: Uxue, Mertxe eta Itsaso.

Ondoren, gaztainak izan ziren, behingoagatik ondo erreta atera zirenak. Aitor Sorarrain izan zen horretaz arduratu zena. Urtero bezala, eta Unai Sorarrainek urtea betetzen dituela eta, festa polita antolatu zen haren inguruan, opari eta guzti. Zorionak Unai.

Sariak Udalak jarriak ziren, eta antolatzaileek bereziki eskertu nahi izan zuten Ostuta jatetxeko arduradunak azaldu zuen jarrera eta egin zuen ahalegina dendena primeran irten zedin. Eskerrik asko, Mari.

URTARRILEAN ANTOLATUTAKO IKASTAROA
Urtarrilean antolatu zen beste ikastaro bat adin guztientzako pertsonei zuzendua. Gorputzaren luzatze ariketak eta arnasketa lantzen ziren bertan. Ikasturtearen amaiera arte iraun zuen ikastaroak, eta bertan adin guztietakoek hartu zuten parte, emakumezkoek, batez ere. Irakaslea Gurutze Irazusta, terapeuta lasartearra izan zen.

KZ-GUNEAN IKASTAROAK
Otsailean hasita, ikastaroak antolatu ziren KZ-gunean. Lau talde antolatu ziren. Ikastaroak 6 ordukoak izan ziren, eta Kultur etxeko KZ-guneko gelan egin ziren. Taldeak honela banatu ziren:

  • Nekane Roteta; Elena Cajaraville; Miren Gorostidi; Mari Sol Urretabizkaia; Jaione Iriarte; Yurre Goia eta Silvia Ruiz de Gauna
  • Marian Ugartemendia; Gillermo Otegi; Mirari Aranburu; Maria Jesus Zubeldia eta Harry Nijmeijer.
  • Aitor Roteta; Jon Roteta; Eduardo Roteta; Iñaki Altuna; Jose Ramon Aranburu eta Balduino Alfonso.
  • Itziar Ibarbia; Sonia Artuzamonoa; Olatz Iruretagoiena; Aitor Sorarrain; eta Jose Luis Segurola

KALDEREROAK ALKIZAN
Urtarrilaren 26an, larunbata, lehenengo aldiz etorri ziren kaldereroak Hungariatik Alkizara. Arratsaldeko 17:30etan hasi zen guztia, Kanposantu aldetik karroza abiatuz. Ondoren, jolasak izan ziren plazan, eta hauek amaitu bezain pronto txokolatea zegoen guztientzat. Gero, kalejira egin zen herriko erdigune inguruko etxeetan, eta hori amaitu ostean, afaria izan zen Elizegi tabernan, norberak ekarritakoa bertako edariekin osatuz. Nahiz eta akzidentatua izan (txakurra harrapatu baitzuen traktoreak), giro ezin hobean ospatu zen guztia, eta jendea oso pozik geratu zen.

EHIZTARIAK MADRILEN MANIFESTALDIAN
Erniope Ehiztari Elkarteak antolatuta, herriko ehiztariak, beste hainbat elkarteko ehiztariekin batera, Madrilen izan ziren martxoaren 1ean. Bertan, ehizari buruz Gobernuak ateratako lege berriarena aurka protesta egin zuten. Manifestazioa goizeko 12:00etan abiatu zen Madrileko Lima plazatik (Santiago Bernabeu futbol zelaiaren inguruan), eta San Juan de la Cruz plazan amaitu zen.

OTSAILAREN 24AN IBILALDIA ALKIZAN
Aiztondoko Zerbitzu Mankomunitateak antolatuta, eta lehen Larraulen egin zen moduan, mendi irteera egin zen Alkizako inguruetan. Bertan, haurrek eta haien gurasoek hartu zuten parte. Ibilbidea Santiago ermitatik atera zen, eta Etxabe-txiki baserritik pasa eta gero, Mendiolatik barrena, Agina eta Basatxabal baserrietara joan zen. Zumitz berriko karobia eta Zumitza baserria ikusi ondoren, berriz ere Alkizara itzuli ziren. Nabarmentzekoa izan zen herritarrek prestatu zituzten jolasak (Altxorraren bila, bereziki). Partaidetza handia izan zen eta bertan izandako guztiak oso gustura ibili ziren.

AGENDA 21EKO BILERA
Otsailaren 22an, ostirala, Agenda 21eko bilera egin zen Kultur etxeko bideo-gelan. Asistentzia ohikoa baino handiagoa izan zen, parte hartzea bezelaxe. Lehendabizi Foru Aldundiko teknikari batek ordura arte emandako pausuen jarraipenaren berri eman zuen, adieraziz, Alkizan egin beharrekoak abiadura egokian ari zirela egiten. Ondoren eztabaida sortu zen.

Jarraian. deialdian aipatzen ziren lau puntu nagusiez aritu ziren bertaratutakoak:

  • Fosa septikoa. Luze hitz egin zen gai honi buruz. Udaleko arduraduna den Koldo Jauregik eman beharreko azalpenak eman zituen. Ondoren, interbentzio asko egon ziren, kontuak argitu nahian, eta gaiari buruz iritziak eman nahian ere.
  • Haur txokoa. Udalak test bat bidaliko zuela etxeetara esan zen lehenik eta behin. Test horren arabera, jakin nahi zen zenbat ziren interesa zutenak, (ordutegia barne) zerbitzu hau Alkizan martxan jarri zedin.
  • Taxi-busa. Imanol Olanok, Tolomendiko teknikariak informatu zuen Foru Aldundia azterketa egiten ari zela taxi-busa herri txikietan jartzearen komenentziari buruz, ikusita lineako autobusak hutsik dabiltzala, eta horien kostea handia dela. Hori dela eta, aurreko puntuan bezala, Udalak Alkizan eskaera zenbaterainokoa izan daitekeen jakiteko, test-a bidali zuen etxeetara-
  • Eskolari buruzko berriak. Udalak informatu zuen Hezkuntza Sailarekin harremanak zituela, Alkizako eskolaren egoera zela eta.

Honelaxe, giro onean, amaitu zen bilera.

IPUIN KONTALARIA
Galtzaundik antolatuta, Idoia Sanchez ipuin kontalarai martxoaren 6an izan zen Alkizako liburutegian. Arratsaldeko 5:00etan.

FRONTENIS TXAPELKETA
Martxoan eman zitzaion hasiera Frontenis Txapelketari. Oso arrakastatsua izan zen. Hogei gizonezko eta hogei emakumezko aritu ziren aste buru zein astegunetan elkarren indarrak neurtzen. Finalak maiatzaren 17an (aste kulturalaren barnean) jokatu ziren. Gizonezkoetan txapeldunak Xabier Gabirondo eta Iker Altuna izen ziren, txapeldun ordeak berriz, Julen Hernandez eta Unai Sorarrain. Emakumezkoetan Mariaje Barandiarenek eta Naroa Gorostidik jantzi zituzten txapelak. Bigarren sailkatuak Jaione Iriarte eta Josune Gabirondo izan ziren.

ALKIZARRAK ESKIATZEN
Martxoaren hasieran Frantziako Cauterets herrian alkizarrez osatutako taldea izan zen eskiatzen. Ondo baino hobeto aritu ziren, eguraldiaren laguntzarekin. Ustekabe txikiren bat izan zuten arren, ez zitzaien datorren urtean esperientzia errepikatzeko gogorik kendu.

JUBILATUAK GUGGENHEIM-ERA
Martxoaren 12an, jubilatuak Bilbora egin zuten irteera. Goizean Guggenheim museoa ikusi zuten. Artxanda Montenegro jatetxean bazkaldu ondoren, Portugaletetik Santurtzira joan ziren.

EMAKUMEEN EGUNA
Martxoaren 8an, ohi den moduan, Emakumeen nazioarteko eguna ospatu zen Alkizan ere. Aurtengoan, afaria Ostatu jatetxean izan zuten. Hogeita hamabi emakume herritar bildu ziren. Ez zen falta izan Udalaren oparirik, oroigarri moduan.

JUAN JOSE ZUBIAURRE HIL ZEN
Martxoaren 29an, hil zen Juan Jose Zubiaurre Iribarren. Dakizuen bezala, Arritza baserrian jaioa eta bertan bizitakoa zen. "Astoa" ezizenarekin zen ezagunagoa inguru hauetan. 78 urte zituen.

AHALDUN NAGUSIAREN BISITA
Markel Olano Ahaldun nagusiaren bisita izan genuen Alkizan. Udal osoak egin zion harrera Udaletxearen aurrean. Ondoren, bilkura egin zen berarekin, eta herrian dauden proiektu eta beharren berri eman zitzaion.

Jarraian, oinez, herriko erdialde osoari buelta bat eman zioten. Asko gustatu zitzaion. Ahaldun Nagusiarekin Eneko Goya, Errepideetako diputatua eta Jesus Argiñarena, Nekazaritzako teknikoa etorri ziren. Azkenik, Ostatu jatetxean, bazkaldu zuten bildutako guztiak. Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapa Alkizatik pasatzen zela eta, txirrindulariak zuzenean ikusteko aukera izan zuten.

ZINEMA EMANALDIA
Apirialren 19an, larunbata, arratsaldeko 5etan, Zinema emanaldia izan zen Kultur etxean, Beleburupe Guraso Elkarteak antolatuta. Ikusi zuten zen pelikula: "Sagutxo Perez", izan zen.

HERRIKO GAZTETXOAK IKAZTEGIETAKO DANTZARI TXIKI EGUNEAN
Joan den udazkenean hasi ziren euskal dantzak ikasten herriko 5 eta 8 urte bitarteko neska-mutikoak. Jendaurrean aritzeko adinako maila lortu zutela eta, apirilaren 27an Ikaztegietan Dantzari txiki egunean hartu zuten parte. Bertan, Alkizakoez gain, beste hainbat herritako dantzariak aritu ziren.

ERNIOPEKO MARTXA
Maiatzaren 11n, igandea, Erniopeko VI Mendi Ibilaldia egin zen. Aurtengo edizioan bi ibilaldi antolatu ziren, bata luzea, 48,7 kilometrokoa, eta bestea (lehen aldiz egiten zena) motzagoa, 25 kilometrokoa. Abiapuntua eta helmuga Alkiza zuten bi martxek, eta parte hartzaileak hirurehundik gora izan ziren. Ondo baino hobeto prestatuak etorri ziren mendizaleak, hamabi bakarrik izan baitziren ibilaldia bukatzea lortu ez zutenak. Arratsaldeko 6:00 etan Mendi materialaren zozketa egin zen.

GUTUN LEHIAKETAREN SARI BANAKETA
Maiatzaren 11n, igandea, arratsaldeko 6:00etan Alkizako Kultur etxeko gela anitzean, Aiztondoko II: Gutun Lehiketaren sari banaketa egin zen.Aurtengo honetan, parte hartzaileek naturari buruz egin behar zuten euren lana. Adin eta maila guztiak kontuan izanda, berrogeita lau izan ziren aurkeztutako lanak.

LAPURRETA ALKIZAN
San Isidro egunean, goizaldean, lapurreta egin zuten Ostatu jatetxean. Ate nagusitik sartu omen ziren, sarraila desmontatuta, eta 42 pulgadako telebista eraman zuten. Era berean, Elizegi tabernan ere saiatu ziren sartzen, sarraila hautsiz, baina ateak barrutik morroiloak zituenez, ezin izan ziren barrura sartu. Badirudi BMW auto gorri bat, modelo zaharretakoa, ibili zela ordu horietan inguru hauetan.

SAN ISIDRO 2008
Ostegun arratsean hasi zen guztia 20:00etan, Meza nagusiarekin. Ondoren, tradizio handia duen Afaria izan zen Ostatu jatetxean, giro ezin hobean.

Ostiral arratsaldean haur jolasak izan ziren. Alkizako eskolako haurrak, bi egunetako txangoa egitetik zetozela, eta nekatuta zeudelako, laburra izan zen aurtengo saioa. Laburra baita ere izan zen, ondoren herriko gazteek antolatuta egin zuten “Altxorraren bila” jolasa. Gauean, “Dones del lugar” liburua Kepa Fernandez de Larrinoak idatzi berri zuela eta, ia hogei lagun bildu ziren Kultur etxean Kepa berarekin, zenbait konturi buruz hitz egiteko.

Larunbatean, goizez, irudimenez jantzi zituzten herriko haur eta helduek txorimaloak. Bazkalostean, euria zela eta, zenbait gorabehera pasa ondoren, azkenean Spinning (bizikleta musikarekin) saioa egin zuten frontoian. Hogeita hamar bizikleta ekarri ziren arren, jendeak bi txandatan ibili behar izan zuen, batzuk lekurik gabe geratu baitziren. Herriko jendea bildu bazen ere, kanpotik etorritakoak ziren nagusi, kopuruari dagokionez behintzat. Jarraian, Frontenis txapelketako finalak izan ziren. Gizonezkoetan txapeldunak Xabier Gabirondo eta Iker Altuna izan ziren; emakumezkoetan. berriz, Mariaje Barandiaran eta Naroa Gorostidi. Gauean, Garagardo festa arrakastatsua izan zen, Frankfurt-etik zuzenean, eta egun honetarako bereziki ekarritako saltxitxekin.

Igandean, mendi martxa izan zen, bereziki gaztetxoenen gozamenerako (sarien zozketa egiterakoan batez ere). Balduinok prestatutako ibilbidea eroso eta gustura egin zuten herriko ibiltariek. Amixuri kantu zale taldekoek hamaiketako eder bat oparitu zieten ibilbidea amaitutakoan. Jarraian herriko txikienen dantza saioa izan zen plazan, Kantu-Jirarekin batera. Jendetza etorri zen kantura inguruko herrietatik. Herrian kantuan ibilbidetxoa egin ostean, bazkaltzera bildu ziren frontoian. Ikaragarria izan zen Amixurikoek egin zuten lana, bazkari guztia bertan prestatu baitzuten (babarrunak barne), goizean goiz lanean hasita. Bazkalostean, kantuekin batera, dantzak izan ziren aurtengoan, eta horiek izan ziren hain zuzen ere, egundoko arrakasta izan zutenak, gustura baino gusturago aritu baitziren, herritarrak zein kanpokoak, musikaren erritmoan, oinak astintzen.

Argazki rallya ere izan zen hiru egunetan zehar.

AIZTONDOKO KIROL TOPAKETA
Maiatzaren 31n, larunbata, ospatu ziren Zizurkilen Aiztondoko IV. Kirol Topaketak. Eguraldiak ez zuen ezertxo ere lagundu, eta arratsalde osoan euria gogotik egin zuen. Halare, giro bikaina izan zela esan dezakegu. Partaidetza ikaragarria izan zen, ehun eta hamar haurrek hartu baitzuten parte. Hiru gune antolatu ziren eta gune guztietatik haur guztiak pasatu ziren. Haurrek primeran ibili ziren eta ekintzetan gustura baino gusturako hartu zuten parte. Hasieran haur bakoitzari kamiseta bana eman zitzaion, eta amaieran, berriz, domina bana.

LEHENENGO JAUNARTZEAK ALKIZAN
Ekainaren 1ean, igandea, eguerdiko 12:00etan egin ziren Lehenengo Jaunartzeari zegozkion elizkizunak Alkizako San Martin de Tours Parrokian. Aurtengoan bi ziren gaztetxoak: Lete baserriko Igor Gorostidi Murua, eta Urruzola baserriko Haritz Aranburu Goia. Jakin izan dugunez, biek opari asko jaso zituzten, eta eguna ondo baino hobeto ospatu zuten familiartekoekin.

URRUZOLA TXIKIKO JOSE MARI LARRARTE HIL ZEN
Ekainaren 2an, Urruzola txiki baserriko Jose Mari Larrarte etxe ondoko oilategian aurkitu zuten hilda, dirudienez, bihotzekoak eman ostean.

HERRITAR ASKO ZERAINGO ESKOLA TXIKIEN FESTAN
Ekainaren 8an Eskola txikien eguna ospatu zen. Eguneko lehen orduetan eguraldiak laguntzen ez zuen arren, autobusa ia bete egin zen Alkizatik Zeraina joateko. Haurrek eta gurasoek (40tik gora) primeran pasatu zuten bertan antolatutako ekintzekin. Haur txikienentzat batik bat jolas asko zegoen programatuta. Eguneko unerik garrantzitsuenetakoa Pirritx eta Porrotxen emanaldia izan zen, Eskola Txikietako kanta abestu eta dantzatu baitzuten. Datorren urtean Eskola Txikietako Jaia Berrobin ospatuko da.

BATAIOAK ALKIZAN
Ekainaren 8an, igandea, eguerdiko 13:30ean, bataio elizkizunak izan ziren Alkizako Parrokian. Lau izan ziren bataiatutakoak, denak neskak. Bi ahizpak ziren:Garro baserriko Olaia eta Amalur Rodriguez Ruiz, bestea Sagasti Zahar-eko Olatz Gorriti Torres, eta laugarrena Santiago ermitako Lide Altuna Aramendi.

KAXKARDI KIROL ELKARTEAREN IKASTAROAK
Aiztondo bailaran aritzen den Kaxkardi Gazte Kirol Elkarteak ekintzak antolatu zituen 2008ko uda parterako. 12 eta 18 urte bitarteko gazteak aritzen dira Kaxkardin. Hiru izan ziren antolatutako jardunak: Piraguismoa, Uda abentura, eta Aquapark- era irteera. Bakoitzak ordaindu beharrekoa 45 euro zen.

ARGAZKIEN ERAKUSKETA
Ekainaren 14an, larunbata, Kultur etxean, San Isidrotako argazki rallyan parte hartu zuten haur zein helduak bildu ziren. Koldobika Jauregiren gidaritzapean parte hartzaile bakoitzak bere argazkiak nahi zituen moduan kartulina batean jarri behar zituen. Batzuek moztu egin zituzten, besteek kartulinak margotu, beste batzuek bere horretan jarri zituzten...

Oso giro ederrean aritu izan ziren lanean ordu pare batez, eta amaieran argazki guztien proiekzioa prestatu zen areto handian. Dena bukatzeko Udalak jarritako txokolatada eder bat dastatu ahal izan zuten. Ea zaletasuna zabaltzen den, eta berriz errepikatzen den.

ESKOLAKO JAIA
Ekainaren 20an, ostirala, kurtso bukaerako ospakizuna izan zen Alkizako Herri Ikastetxean. Arratsaldeko 05:30ean Kultur Etxean ondorengo emanaldiak izan ziren: Lehenik Txulalai dantza eta bi urteko umeen dantzak. Ondoren antzerki emanaldia: Zortzi Antxume eta Hiritik Mendira antzezlanak. Arratsalde osoan zehar, ikusgai izan ziren ikasleek ikasturtean zehar prestatutako hainbat lan.

Aretoa lepo bete zen, eta bertaratutakoak primeran pasatu zuten.

SAN JOAN SUA EKAITZAREN ERDIAN
Ekainaren 23an, astelehena, San Joan sua piztu zen Alkizan, urteroko usadioari jarraituz. Beleburupe Guraso elkarteak antolatuta, afaria egin zen frontoian. Horretarako guraso batzuek etxetik prestatutako zenbait jaki goxo ekarri zituzten. Tortillez gain, pintxo eder batzuk izan ziren aurtengo berrikuntzarik nabarmenena. Edateko, berriz, ez zen falta izan urtero bezala Lete baserrian egindako sagardo bikaina. Frontoian egin zen eguraldi txarra iragarrita zegoelako. Eta egia esan, ondo baino hobeto bete zen iragarkia, afariaren amaiera aldera, egundoko euri jasa egin baitzuen.

Afaldu ondoren, musika nagusitu zen, eta berarekin batera herriko oinik arinenak aidean, saltoka, dantzan hasi ziren. Helduak, gazteak eta haurrak aritu ziren, eskutik helduta batzutan, norbere kasa bestetan, giro ezin alaiagoan.

Ohi baino beranduago, eta ekaitza baretu ondoren, sua piztu zen Ostatu eta Elizegi tabernen arteko tartean. Gaztetxoak kexu ziren aurtengoan, ezin izan baitzuten saltorik egin, sua zegoen lekuan zegoelako. Bestalde, suak piztuta minutu batzuk zeramatzanean, ekaitza berriro agertu zen, eta bertan zeudenak blai eginda amaitu zuten. Suaren inguruan ez ziren abestiak falta izan, eta ekaitzak utzi bitartean, dantzan ere aritu ziren, azken urteetan bezala, Oriako Sorgin dantza dantzatuaz.

POLICARPO SAGASTUME HIL ZEN
Ekainaren 25ean Policarpo Sagastume hil zen, 49 urte zituela, gaitz luze baten ondorioz. Hileta elizkizunak, Amezketako San Bartolome eliz-parrokian izan ziren hurrengo egunean.

AURTEN ERE NAFARRAK GURE ARTEAN
Ekainaren 27an etorri zen Nafarroatik udan zehar, gure artean izan ziren gaztetxeoen lehen txanda. Beti bezala, oso gustura ibili ziren, aste batzuetan eguraldiak gehiegu lagundu ez bazien ere. Erretore etxean egiten zuten lo, eta egin beharreko zenbait ekintza, eta otorduak, berriz Otsamendi jatetxean egin zituzten. Abuztuaren erdialdean joan zen azken txanda.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala