edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Hontzak, gaueko ehiztariak

Inaki Irazabalbeitia

irudia
Hontza zuria, hegazti dotore horren azpialde zuriak dotorezia berezia damaio. ( Euskalnatura.net.)

Hontzak hizpide izan ziren Alkizan joan den maiatzean elizako teilatuko hegalpean hontzaren bat ba omen zebilen eta. Ez zen oso txukuna eta zirina bertan egiten zuen. Elizaren apaintasunaz ardura zuten alkizarrak ez zeuden pozik hontzaren jardunarekin, zirina garbitu eta, laster batean, zikina berriz han. Alfer lanerako ez zeuden, beraz, hontza uxatzen saiatu ziren… Aitzakia ederra eman didate hegazti babestu horiei buruz aritzeko.

Ez dakigu zein klasekoa zen gure eliztarrei adarra jotzen ibili zena. Bizkaiko itsasora ematen duen Euskal Herrian lau dira bizi diren hontzak: hotza zuria (Tyto alba), hontza ertaina (Asio otus), urubi arrunta (Strix aluco) eta mozolo arrunta (Athene noctua).

Hontza zuria izan zitekeen elizako bisitaria. Izan ere, maite ditu gizakiok eginiko eraikuntzak habia egiteko: baserri, eliza, borda eta enparauak. Egia esan, benetako habiarik ez du egiten arrautzak zuzenean lurrean erruten baitu. Urtean bi aldiz egin ditzake arrautzak, lehen aldia martxoan hasi eta ekainean bukatzen delarik.

Gainerako hontzetatik erraz bereizten da, gorputzaren eta hegoen azpia aldea txuriak baititu. Txuritasunak ematen dio izen zientifikoari abizena: ‘alba’, zuri latinez. Gainerako hontzen moduan ugaztun txikiak (satitsuak, saguak eta arratoiak), anfibioak ( igelak eta apoak) intsektuak jaten ditu.

Hontza ertainak bi ezaugarri nagusi ditu: nini beltzeko begi horiak eta belarri itxurako tximak buruaren goi aldean. Seguruenik ez zen hau gure elizako bisitaria, basoan bizi baita, koniferoen basoetan, hots, pinudi eta antzekoetan. Bestetik, beste animalien habiak usatzen ditu martxotik ekaina bitartean hirutik bostera arrautza erruteko. Gauez bakarrik ibiltzen da eta hontza zuriaren moduko harrapakinak ehizatzen ditu.

Urubia izan zitekeen elizako bisitaria. Nahiz eta normalean basoan bizi den, pagadi, harizti eta gaztainadietan bereziki, gizakiak eginiko egiturak ez ditu arrotz eta jardinetan eta parkeetan ere izan ditzake bizitokia. Begiak beltz beltzak ditu eta burua borobila eta belarririk gabekoa. Udaberrian hiruzpalau arrautza erruten ditu, zuhaitzen zuloetan eta gizakiaren inguruan bizi bada, eraikinetako zuloren batean. Txorientzat arboletatik zintzilik jartzen diren kutxa-habiak ere oso gogoko izaten ditu. Arrautzak, hontza zuriaren moduan, lurrean jartzen ditu zuzenean. Monogamoa da eta bikotekide bera izaten du urtetik urtera.

Mozoloa oso arrunta da, hontza guztien artean ugariena. Ez da oso handia eta gure gaueko hegazti harraparien artean txikiena da; 25 bat zentimetrotako altuera izaten du. Ikusteko errazena da, argiposte eta antzekoetan pausatzeko ohitura duelako eta egun argiz ere ibiltzen delako. Kolorez arrea da eta orban txuriak ditu. Nekazaritza- lurrak gogoko ditu, non basoak, belardiak eta soroak nahasten diren. Habia zuhaitzetako edo harkaitzetako zuloetan egiten du, gizakiaren eraikin abandonatuak erabiltzen dituen arren. Aukeraren bat badago, mozoloren bat San Martin elizako maizterra izateko, bertan astean zehar jenderik ibiltzen ez denez enbarazu txikia egingo ziotelako. Gainerako hontzen moduan, udaberrian erruten ditu arrautzak. Zizareak, harrak eta anfibioak jaten ditu bereziki, baina ugaztun txikiak ere harrapatzen ditu.

Elizan zein hontza-klasek hartu zuen ostatu ez dakigu. Susmagarri handi bi baditugu: hontza zuria eta urubia. Mozoloa ere izan zitekeen. Zein izango ote? Urubia izango zela uste dut. Zergatik? Ba, arrazoi sendorik ez dut, bihozkada baino ez. Baten batek, susmo irmoagorik ba al du?

Hontzak nekazarien laguntzaile bikainak dira pizti gogaikarri asko kontrolatzen laguntzen dutelako. Eta horrexegatik nahikoa mozolo handia izango litzateke urlia hontzak akabatzen saiatuko balitz eta, hori nahikoa arrazoi izan ez eta legeak babesten dituenez isun galanta jasotzeko arriskua izango luke.

       
Hontza zuria, hegazti dotore horren azpialde zuriak dotorezia berezia damaio. © Euskalnatura.net. Mozoloa da gure hontzarik txikiena eta lotsagabeena. Egunez ere ibiltzen denez, ikusteko aukera handiagoa da. © Arturo Elosegi (Elhuyar Fundazioaren kortesiaz). Hontza ertaina. Belarri moduko mototsak dira bere bereizgarri argiena. © Joserra Aihartza (Elhuyar Fundazioaren kortesiaz). Urubi arrunta. Lumaje pikarta du, nabarra eta zuria. Elizako maizterra hauetako bat izan zitekeen. © Arturo Elosegi (Elhuyar Fundazioaren kortesiaz).

 


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala