edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Garai bateko eskaleak

Joxe Mari Lertxundi, bertsolari aiarra

irudia

Garai batean, etxez etxe limosna eskean ibiltzen ziren haiei deitzen genien eskaleak. Jende hori garai guztietan izaten da, azoka eta peri egunetan, denda handien eta eliz atarietan. Orain orain bezela, baserrietan gutxi azaltzen dira; lehen hainbeste ez behintzat. Ni harritzen egoten naiz, gerra ondoko urte haietan, baserritarrak mantendu zuten eskale kopuru hura gogoratzen. Etxe bakoitzean 10 – 12 laguneko sendia; Estaduarentzat gari eta babarruna urtero mordoa eman behar, askotan ordainik ez jasotzeko gainera; beste zerga eta gainerako hainbat gauza ordaindu behar, eta egunero bi edo hiru eskale ate ondoan: batzuek limosna, beste batzuek bazkaria eta afaria eta lotokia ere ematen zitzaienak izaten ziren. Gauza guzti horiei aurre egin eta hala ere baserritarrak iraun egin zuten. Ez ziren edozein hori lortu zutenak.

Hemengo nekazariak behartsuak eta arloteak ziralakoan egoten ziren herri haundi eta hirietako jauntxo usteko haiek, eta jauntxoak ez zirenak ere bai. Baina ekintza horiei begiratu ezkero, benetan aberatsak zirala aitortu beharra dago. Bestela, horrenbeste jende ez zuten mantenduko gure baserrietan.

Nik zazpi urtetik hogei urtera bitarte horretan, eskale asko ezagutu nituan etxeko ate ondoan. Batzuk, gerran elbarritu eta lanerako gauza ez zirelako eskean hasiak. Beste batzuk, lan aukera gutxi zegoelako eta sasoirik onenak aldegin zielako. Baina beste batzuk baziren lanik bat ere behar ez zutenak; berezko alperrak ziralako berrogei urte baino lehenago errezkerira eman ziotenak. Sasoi hartakoak eskean ikusteak amorrua sortzen zien baserritarrei. Halaxe ere, zerbait eman gabe ez zituzten uzten behin ere.

Nik hamairu-hamalau urte nituen garaian, gutxi gora behera, bazan eskale berezi bat Alkixa izenez ezagutzen genuena. Alkizako semea omen zen, eta horregatik izango zuen izen hori. Txurrutik egin gabe zegoanean, oso gizon apala eta esker onekoa zan; eta ohitura handia zuan, limosna ematen ziona lehenengo aldiz ikusten bazuan ere, honelaxe mintzatzeko:

–Eskerrik asko zure limosnagatik. Lehen ere hamaika mesede egina zera, eta gaur ere egin didazu.

Horrelaxe eskertzen zuana zen Alkixa eskalea. Baina garai hartan baserrietan nola sagardoa ugari izaten zan, batean eta bestean edanez zebilela, erasanda etortzen zanean, izugarrizko umorea ekartzen zuan: irrintzi egin eta bertsoa kantatu.

Nik ere bertsotarako zaletasuna nola gaztetatik nuan, hura etortzeko irrikitan egoten nintzen; eta, hura bertsotan hasten zanean, arreta haundiz entzuten nizkion. Baita batzuk gogoan hartzeko modua ere egiten nuan: baina horiek aurreragoan jarriko ditut.

Nire jaiotetxe Argin baserria bi bizitzakoa zan, eta bietako mandioko ateak alkarren ondoan bezela zituen; eta, kanpoko lanak mende antxean ziranean, edo hartarako girorik ez zegoenean, emakumeak hantxe izaten zuten arratsaldeetako bilera, nola bizitza bakoitzean bina neska sasoirik onenekoak zeuden, eta tarteka bere amak ere han izaten ziran, batzuk joste lanetan eta besteak puntua egiten, eta abar eta abar.

Horrelaxe ari ziren arratsalde batean, non etortzen den gure Alkixa eskalea, ederki jarria gainera, iritsi zanean, emakumeei begira jarri eta honela esan zien:

–Arratsalde on! Bai ederki zaudetena! Pamilian bizitzea gauza ederra da. Ni ere zentzuduna izan banintz, gaur andrea eta seme-alabekin biziko nintzan; eta hara orain nola nabilen!

Orduan, neska haietako batek galdetu zion:

–Zuk andregaia ere izan zenduen?

Eta Alkixak, hori entzun zuanean, irrintzia egin eta bertso kantari hasi zan:

Gaztetan ni parrandan
Bertso eta kantuz
Aitak esaten zidan
Ibiltzeko kontuz
Maiorazkua nintzan
Nire tokamentuz
Baina galdu egin nuan
Hutsan pulamentuz

Aita ta ama neuzkan
Biak muturtuta
Etxera juteko ere
Negon bildurtuta
Nik zerbait egitera
Nengon behartuta
Eskean hasi nintzan
Zakua hartuta

Lehenengo bi bertso hoiek lehenago ere kantatzen zituen eta ez nintzan harritu. Baina, hoiek kantatu eta isildu zanean, berriz ere neska haietako batek zirikatu egin zuen honela esanez:

–Andregaiaren konturik ez al diguzu esan behar?

Eta Alkixa, irrintzia egin eta kantari hasi zan:

Andregaia banuan
Auzoko Arantxa
Baina ni nola nintzan
Parrandero antxa
Gero beste batekin
Egin zuen martxa
Betiko galdu nuan
Halako neskatxa

Gaztetan ez izana
Nik pulamentua
Orain hargatik daukat
Pena ta lantua
Berandu akordatu
Betiko kontua
Hau da mutil zaharraren
Atarramentua

Nik azkeneko bi bertso horiek inoiz ez nizkion aditu. Behar bada aurrez prestatuta edukiko zituan. Halaxe ere, bertsolari sena onekua zala aitortu behar.

Handik hogeita bat urtera, Laurgaingo eremu hartan bizi nintzala, adinean aurrera joandako alkizar bat gertatu zan bazkari batean, eta harixe galdetu nion Alkixa eskalearen arrastorik ba ote zekian, eta oso ondo zekizkian haren berriak. Esan zidan gaztetan bertsotan ondo moldatzen zana zala. Hori jakin nuanean, orduan sinistu nuan azkeneko bertso hoiek batbatean kantatzeko dina zala gure Alkixa.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala