edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Anaxtaxi Mendizabal, 100 urteko Alkizarra

irudia
Anaxtaxi

Anaxtaxi Mendizabalen istorio latz eta hunkigarri hau beste edozein baserri eta familitan gertatzen zenaren antzekoa da, horrelakoxea baitzen garai haietako egoera. Izan ere, Alkizako zaharrek askotan esaten dute nagusi eta maizterren arteko liskarrak zirelako medio, edo bizimodu hobe bat bilatzeagatik, urtero gertatzen zirela baserrietan aldaketak San Martin egunaren inguruan. Huraxe izaten zen errentak kitatzeko eguna Alkizan. Gaur egun Anaxtaxiren anaia Juan Luis zenaren sendia bizi da Alkizan, Bentzalaga txiki baserrian.

Eskerrak eman nahi nizkioke beste alkizar bati, Oiartzunen bizi den Joxe Mendizabali hain zuzen ere, idatzi hau berak helarazi baitit.

Anaxtaxi 1907ko urriaren 5ean jaio zen Alkizako Arpide baserrian. Bere gurasoak Rufino Mendizabal eta Florentina Mendizabal izan ziren. Zazpi anai-arreba izan ziren, baina hauetatik hiru aingerutan hil ziren. Besteak, Benita, Joxepa eta Juan Luis. Anaxtaxi seigarrena izan zen. Sei urtekin eskolan hasi zen, baina bere maistra nor izan zen ez da gogoratzen. Dotrina etxean eta eskolan ikasi zuen. Komunioa egiteko apaizarengana joaten zen. Zazpi urterekin komunio txikia egin zuen eta handia hamaikarekin.

Eskola denborako gertakizunei buruz honela mintzatu da Anaxtaxi: “Eskolara dotrina ikasi eta komunioa egiteko joan nintzen gehienbat. Piperra maiz egiten nuen etxeko lanak egiteko, eta behiekin mendira joateko. Gazte-gaztetatik “gizon lanak” egitea suertatu izan zait beti: behiak, otorduak. Mendiko lanak”.

Arpiden bere gurasoekin, anaia Juan Luis ezkondu zen bitarte bizi izan zen. “Anaia ezkondu zenean “irabazia libre” (jana bai, baina soldatarik ez) jarri zidan, eta etxetik atera behar izan nuen 16 urterekin. Orduan, ahizpa Benita lehendabiziko haurra izateko zegoen eta berak eraman ninduen. Berarekin jarri nintzen bizitzen, neskame bezala, Alkizan bertan Arpide – Etxeberri baserrian. Geroztik, beti ahizparekin bizitu nintzen ezkondu arte, hau da, guztira 21 urte”.

Beraz, Anaxtaxi bere gazte denbora osoa baserriari lotua bizi izan zuen. Etxetik kanpora festetan bakarrik irtetzen zen, eta gogoan ditu Larraul, Billabona, Asteasu eta Zizurkilgo festak.

Arpide-Etxeberri baserrian bizi zirela, bertan maizterak zirenez, nagusiak baseria erosteko, edo kanpora irteteko aukera jarri zioten, eta bere ahizpak baserritik irtetzea erabaki zuen. Benanzio Rekalde albaitariaren bitartez, Oiartzungo Aitzola baserria alokatzeko aukera izan zuen. Honela, Anaxtaxi Oiartzunera etorri zen 22 urte zituela. Aitzola baserrian 12 urte iraun zuten, baina hemendik ere irten beharra egokitu zitzaien, eta Ezkontsegi Etxeberri baserrira pasatu ziren. Bi urte igaro ondoren, beriro etxez aldatu beharra egokitu zitzaien, eta Bordaxar baserrian jarri ziren. Hemen urte ta erdi pasatu, eta 1945eko apirilaren 21ean, Agustin Oria Lekuona oiartzuarrarekin ezkondu zen, Olazar baserrian bizitzen jarriaz. Hiru semealaba izan zituzten: Antonio, Joxepa, eta Maria Luisa, baina Joxepa bi hilabete eta erdirekin hil zitzaien. Olazarren 19 urte igaro ondoren, berriro baserritik alde egin beharra suertatu zitzaien, eta Palaziora pasatu ziren. Han bizi zirela ia lau urte pasa ondoren, Tolarieta auzoan etxebizitza berria erostea erabaki zuten, eta 1968 ezkero, bertan bizi da amona Anaxtaxi bere alaba Maria Luisarekin. Senarra, Agustin, 2002 urtean hil zitzaion, 57 urte elkarrekin bizi ondoren. Urrezko eztaiak 1995eko apirilean ospatu zituzten. Anastasik une honetan hiru biloba ditu: Aloña. Garikoitz eta Nagore.

Ehun urte hauetan bizipen ugari pasa ditu Anaxtaxik. Besteak beste Gerra Zibilak Aitzolan harrapatu zuen, eta baserria reketeei utzi beharra izan zuten. Aitzolatik Etxeberrira joan ziren, eta 40 egun pasa arte ezin izan zuten Aitzolara itzuli.

Baserria utzi eta Tolarietan bizitzen jarriz geroztik, beti etxeko lanak egiten aritu da.

Ehun urte hauetan ikusi duen aldaketarik handiena, irratia eta telebistaz gain, hegazkina izan dela esan digu.

Gainerakoan, gaur egun goizero 8:30etan Segurako irratiak emititzen duen meza entzuten du, eta errosarioa ere errezatzen du. Arantzazuko eta Obra Maxima aldizkariak irakurtzen ditu. Gero bizimodu arrunta egiten du, eta gaueko 9:00ak aldera ohera joaten da.

Ehun urte lortzeko ez du gauza berezirik egin, lana izan ezik.

Azkeneko 5 urteetan Oiartzungo amona izendatua izan da.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala