edukiak
edukiak

Udalaren txokoaUdalaren txokoa

Haurreskolaren proiektuaren historia laburtua

irudia
Gela nagusia prestaketa lanetan.

Lehenik eta behin gure proiektuaren historia txikia gogoraraztea mereziko lukeelakoan gaude. Honez gero lau urteko ibilbidea dauka kontuan hartzen badugu indarrean dagoen Haurtzaindegien plangintza martxan jarri zenean, Alkizako Udaletik mugitzen hasi ginela gure herrian bat irekitzeko. Honenbestez, gurasoekin bildu ginen eta gure interesa jakinarazi genion Administrazioari. Horren ondorioz gure asmoa formalki adierazi genuen eta Partzuergoak 2003ko abenduko zerrendan sartu zigun.

Hortik aurrera haurtzaindegiaren kokapena eta izan zitekeen lokalaren egokitzapenaren proiektuaren lanekin hasi ginen. Horrela, Alkizako Eskolaren beheko solairuan jartzea erabaki genuen, aukera zuzenena zelakoan eta halaxe adostu genuelako eskola berarekin (guraso eta irakasleak, Eskola Kontseilua, Hezkunta Delegaritza). Ondorioz, lokal hori egokitzeko zein obra mota egin behar zen aztertu genuen eta udal teknikariak (aparejadorea) 2004 urtearen erdirako proiektua egina zeukan eta berriro eskolako eragileekin hitz egiten hasi ginen iradokizunak jasotzeko, baita batzuk jaso ere.

Bide batez, inbertsioa ordaintzeko dirulaguntzak eskatu genituen eta EREINek dirulaguntza esleitu zion Udalari helburu horretarako. Erein programa eratzen zuen maiatzaren 7ko 100/2002 dekretuaren babesean eskatu zen eta 2004ko azaroaren 2ko Landa Garapeneko Zuzendariaren Ebazpen bidez eman zitzaigun dirulaguntza. Aurkeztu zen proiektuaren inbertsioa 41.760,00 eurotakoa izan zen eta %65 eman ziguten (27.144,00).

Exekuzio epea printzipioz, Erein programaren barruan 2005ko abenduaren 31koa zen, eta luzapenak eskatu ditugu 2005 eta 2006 urteetan, azkenik eta programa bukatzen zelako 2006ko irailaren 15ean dirulaguntzara errenuntziatu behar izan genuen arte.

Bitartean, 2005eko uztailean, Xabier Otaegik Alkizan bertan udal ordezkariekin bildu zen eta lokala bisitatu zuen, dena ondo bideratuta zegoela konfirmatzeko, eta aurrera egiteko erabaki formala hartu genuen (adibidez orduan Partzuergoan sartzeko prozesurako dokumentuak eskuratu genituen, Gasteiztik matrikula orriak eta gurasoei informatzeko foiletoak jaso genituen, e.a.).

Zoritxarrez, bitartean ere, Alkizako Eskolan, hasierako erabakia, hau da, beheko solairua haurtzaindegirako uztearena, zalantzan jartzen hasi ziren, aurrematrikula datuak ikusita, eta espazio beharrei buruzko aurreikuspenak kontuan harturik. Eskola kontseiluan gurasoek, eta irakasleek ere, beraien ardura azaltzen hasi ziren ordura arte bertako ikasleek zeuzkaten baliabide batzuk (tailerra, ordenadore gela, irrati txokoa, irakasleen bulegoa, e.a.) egoera horretan berkokatzeko zailtasunak aurreikusita. Gero azalduko dugun eran, eskolari dagokiona aztertzerakoan, arazo hau nolabait konfirmatu da Hezkuntza Delegaritzak Alkizako eskolaren hazkundeari aurre egiteko asmoz eraikina osoa erreformatzeko hartu duen konpromisoa ikusita (2006ko maiatzaren 11ko bileran).

Berplanteamendu honen ondorioz, beste lokal edo kokagune bat aurkitzeko lanari ekin genion. Hainbat aukera aztertu eta gero, lokal bat eskuratzeko hainbat saio egin genituen (batez ere herriko plazan kokatuta daudenei begira: eskolaren aldamenean dagoen lokal pribatu bat erostea, edo Elizarena den kultur etxearen beheko plantan lokal baten permuta edo alokairua) baina alferrik. Honek aukerarik gabe uzten gintuen, eta tarte baterako haurtzaindegiaren proiektuarekin aurrera nola egin jakin gabe aurkitu ginen. Dena dela, herrian zegoen eta sentitzen zen beharra berriki baieztatu genuen Agenda XXI plangintzarako garai horretan egin genituen herri batzarretan.

Beraz, behar honi erantzuteko, Udalak eraikin berri baten sustapenaren aukera aztertzeko premia ikusi zuen. Horrelako erabaki baten arrisku eta arazoez ondo jabeturik, jarraitzea erabaki genuen, eta 2006ko hasieran udalari lokala bermatzen zion lur zati baten adjudikazioa bideratu zen. Eraikin berri honen lehen solairua Udalarentzako izateko baldintzarekin, haurtzaindegia bertan kokatzeko bidea irekitzen zitzaigun.

Eraikin berria martxan ikusita 2006ko maiatzean, berriro X. Otaegirekin kontaktuan jarri ginen Partzuergoak oraindik gurekin kontatzen zuela ziurtatzeko, eta honek baietz esan zigun eta berriro biltzeko hitzordua bilatzeko geratu ginen. Ziurtasun horrekin, proiektuarekin aurrera egin genuen eta herriko jende interesatuarekin bildu ginen (2006ko maiatzaren 18).

Azkenean, X. Otaegirekin elkartu ginenean 2006ko azaroaren 9ko bileran, gure harridurarako, eskaera ofizial bat egiteko beharra azaltzearekin batera, erabakia Zuzendari Batzordeak hartu behar zuela azaldu zigun. Erabaki hori baiezkoa izango zela espero izan arren, ezezkoak Udalerriari ekarriko zion kalteaz jabeturik, orain arte azaldu dugun proiektuaren 3 urteko historiaz gain, haurtzaindegia irekitzeak justifikatzen zituzten beste hainbat datu gaineratu genituen bidali genien txostenean, eta jarraian aipatuko ditugu zertxobait gaurkotuta.

DEMOGRAFIA
Azken urte hauetako datu demografikoak adierazgarriak dira. Bai 2004 eta 2005 urteetan egon diren jaiotzak kontuan harturik (8 eta 8 hurrenez hurren) eta baita 2006 urtetik aurrera egin ditzakegun proiekzioen arabera. Kontuan hartu behar da herriak izan duen hazkundea urte horietan: 15 etxebizitza salmenta librean egin eta saldu direnak eta, batez ere, herriko biztanleentzat berriki bukatu diren 16 etxebizitza tasatuak, erosleak gehienetan bikote gazteak direlarik. Aurten beste 8 etxebizitza bukatuko dira, salmenta librekoak eta dagoeneko salduta omen daudenak.

ZONALDEA
Alkiza nahiko aparte geratzen da aldameneko herrietatik, eta , dena dela, zonaldean dauden beste haurtzaindegiak (Anoeta, Irura, Billabona, Zizurkil) ez dute plazarik soberan izaten, eta ezingo dute ziurtatu Alkizan sortuko den beharrari erantzuna emango diotela.

ESKOLA
Alkizan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoa eskaintzen duen Eskola dago. Herriarentzako, lehen mailako garrantzia dauka eskola mantentzeak, eta izan baditu ikasle gutxiko kurtso batzuk, orain aurreikusten dena guztiz kontrakoa da. Hazkunde hori dela eta, Gipuzkoako lurralde ordezkaritzak abian dauka eskola osoa erreformatzeko espedientea. 2006ko maiatzaren 11n udal ordezkariak eta eskolako zuzendaria Gipuzkoako lurralde ordezkaritzako antolamendu arduradun batekin (Marañon jauna) eta teknikari batekin (aparejadorea) bildu ginen.

Horrek arazo bat ekarri digu, kokagune berri bat bilatzera behartu gaituelako, baina era berean haurtzaindegia irekitzearen egokitasuna berretsi egiten du (eta, baita ere, justifikatzen du hasierako proiektua atzera botatzearena eta planteamendu guztia ia bi urtez atzeratu izana).

PROIEKTUA MARTXAN
Hau irakurtzen denerako espero dugu Alkizako haurtzaindegia martxan egotea, eta irailaren 10ean umeak joaten hastea. Dagoeneko 6 ume matrikulatu dira, 3 irailean bertan hasteko eta beste hiru abendutik aurrera. Kurtsoan zehar izena emateko beste bi epe irekiko dira: irailean abenduan hasi nahi dutenentzat, eta abenduan martxoan hasi nahi dutenentzat.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala