edukiak
edukiak

ToponimiaToponimia

Toponimia IV. Azaldegi eta Sakamidra bailarak

Pello Joxe Aranburu eta Enrike Larrarte Arregi

irudia

Lehenagoko, 2004-2006, hiru urteetan toponimia aztertzen erabilitako bideari eta ahozko erabilerari jarraituz, hau da, Alkizako baserritarrek eguneroko lanetan erabilitako leku-izenak bilduz, Azaldegi eta Sakamidra bi bailaretako zenbait pertsona elkarrizketatu dira: Apaiztegi eta Etxabeko bi Juan, Basatxabalgo Pantaleon, Aizmendiko bi Simon, Azaldegi-etxeberriko Milian, Etxabe-txikiko Juan Mari, Saletxeko Garaiburu-Arsuaga senar-emazteak, Aginagako Antonio eta Inasio Mari, Garmendiko Benito, Belakaeneako Felis, Ikiliko Martin, Urruzulako Pantaleon eta Jose Ramon, Tximistako Koldabika, Antzolako Koldo Jauregi, Otsamendiko Segundo eta Larrunbide-etxeberriko Antselmo. Denei Oilategitik aldizkariaren izenean hemendik eskerrik beroenak ematen zaizkie. Beroiek egindako mesedeagatik eta aldizkari honi esker, behinbehinik behintzat aipatutako toponimia gorde eta herriko mapa batean kokaturik geratuko dira. Ez da gutxi.

Jakinaren gainean gaude oraindik herriko toponimia osoa biltzeko urrats asko gelditzen dela eta ahozko lekuizenak jasotzea lehen pausoa besterik ez dela, baina, nolabait hasi egin behar zen eta hori ia eginik dago. Aurten ere ahozkotasunari lehentasuna emanez, bere horretan transkribatu dira hitzen laburdura edo ahozkera errespetatuz.

Hogeita hamalau baserri, etxe eta eraikuntza berriren izenak daude bi bailaretan. Hamar herri mugarriren toponimia, zortzi errekatxo eta iturri, mendiei dagokienez, berriz, Sakamidra bailaran bost tontor, garaiena Txurro delarik.

Zumitza baserritik hasi, Aginâ baserrian zehar Sâberaino iritsi, Arraiara jaitsi, handik Olaa errotara eta Añoara igo gara leku-izenak mapan kokatzeko orduan. Zenbaki eta toponimiaren ibilbidea amaitzeko garaian, berriz, Añoatik Etxaun-berrira, handik Itturbitara jo eta Etxabe-txiki baserriaren ondoan, Kalbariozâr-en kokatu da azken zenbakia.

Alkiza osoan bezala, bi bailara hauetan ere bada toponimia errepikatua, hainbat aurrizki, atzizki eta hitz-konposatuez egina, esaterako, Etxaburu edo (-azpi, -atze, -aurre), Errota-alde, Karobialde, Goikosoro, Bêkosâsti, eta abar. Bi bailarak nahiko populaturik egon eta ia sail guztiak gaur oraindik erabiltzen direnez, jabe edo maizterrek ezagutu, horien ahotik jaso eta tajuz kokatu ahal izan dira. Denetara ehun eta berrogeita hamar bat lekuizen eman dira zerrendan. Hogeita bost bat baserri eta etxe izenez gainera badira beste hamar bat eraikuntza, beitegi, lantoki, karakoldegiz osaturriko multzoa. Horiek guztiak toponimia aberatsaren lekuko dira. Mendiola leku-izenaz ohar pare bat egin behar dira. Izan ere, Etxabe-txikitik hasi eta Murgil arteko sail, mendi eremuari Mendiola esaten zaio, berez, desagertutako baserri baten izena besterik izan ez zenean. Mendiola mendiaren izen jatorra Txurro da.

Azaldegi eta Sakamidra bailarak


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala